Onartu da Anoeta Estadioa birmoldatzeko 1. eta 2. sorten lizitazioa egitea.

Anoeta Kiroldegiko Kontseiluak proiektuaren aurrekontua 47 milioira aldatzea ere onartu du.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Anoeta Kiroldegiko Administrazio Kontseiluak Anoeta Estadioa birmoldatzeko lanen 1. eta 2. sorten lizitazioa egitea onartu du gaur. Era berean, Kontseiluak ontzat eman du aurrekontua aldatzea. Hainbat egokitzapen egin eta gero, proiektuaren aurrekontua 47 milioi eurokoa da orain.

Kontseiluak gaur onartutako sortak honakoak dira. Batetik, obra zibilarekin eta instalazioekin lotutakoak (1. sorta); 27.170.000 euroko aurrekontuarekin ateratzen dira lizitaziora. Eta, bestetik, estadioaren inguratzaileari buruzko lanak (2. sorta), 13.273.000 euroko lizitazio-aurrekontuarekin.

Bi sorta horiek estadioa birmoldatzeko proiektuaren zati handiena osatzen dute. Hurrengo fasetan, honako sorta hauek onartuz joango dira, beharrezkoak baitira proiektua burutzeko: argiteria, joko-eremua, eserlekuak, ikus-entzunezkoak, LFPren esku-hartzeak, osagarrizko urbanizazioa eta kalitate-kontrolak.

Proiektu osorako guztizko aurrekontua, estadioaren eta miniestadioaren berrurbanizazioa eta beharrezko kalitate-kontrolak barne, 47 milioi eurokoa da, eta ez hasieran aurreikusten ziren 44 milioiak. Igoeraren arrazoia da birmoldatzeko proiektuaren zati batzuetan aldaketak egin direla (garajeak, irisgarritasuna, estadioaren “azal” berria eraikitzeko osagai batzuk), neurketa batzuk zuzendu direla eta obra zibilaren kostuen prezioa eguneratu dela.

Hala ere, proiektuaren arduradunek pentsatzen dute beherako eskaintza batzuk aurkeztuko direla eta, horri esker, posible izango dela birmoldatze-lanen benetako kostua onartutako aurrekontua baino baxuagoa izatea. Izan ere, bai Proiektuaren Kudeaketa Integratua bai 0 sorta esleitzean milioi bat euro aurreztu zen, gutxi gorabehera, bi esku-hartze horien lizitazio-aurrekontuaren aldean.

2017/05/16-an argitaratua