Donostiak 60 Global Training beka atera ditu

Helburua da gazteak atzerrira joatea eta handik itzultzea, haien kualifikazio profesionala hobetzeko

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


2012az geroztik, 500 bat gaztek proiektu profesionala garatzeko aukera izan dute honako hauek bezalako herrialdeetan: Australia, Erresuma Batua, Bolivia, Mexiko, Alemania, Frantzia, e.a.

Donostiako Alkateordetzak, Donostiako Sustapenaren bitartez, Garapen Agentzien Euskal Elkarte Garapenekin batera eta Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, beste urte batez, Global Training beken programa atera du.

Beken programa honek unibertsitate-titulazioa eta/edo goi-mailako lanbide heziketa duten gazteen eskura jartzen du mekanismo indartsua, atzerriko enpresetan eta erakundeetan ordaindutako praktikak egin ahal izateko, haien profil akademiko eta profesionalarekin loturiko jarduera eta proiektuetan, gutxienez sei hilabeteko denboraldian.

Ernesto Gasco Alkateordeak ondorengoa nabarmendu du: "gazteak nazioartekotzearen aldeko apustua egitea da Donostiako etorkizuneko erronka nagusietarikoa. Esperientzia profesionala hartzea, kultur aniztasuna berrikuntzako sormen-prozesuetan sartzea eta bereziki atzerrian egonaldia amaitu ondoren haiek itzultzea bultzatzea funtsezkoak dira hartutako kapital erlazional hori hirian produkzio eta ekintzailetza ingurunera bideratzeko".

Beka sei hilabetekoa izango da, eta hilabeteko 1.400 euro gordin jasoko dira. Eskainitako beken helmugak, enpresak eta espezialitateak askotarikoak dira, eta Donostiako Sustapenaren web orrian kontsulta daitezke.

Beka horietan parte hartu eta eskuratu ahal izateko, interesatuek ondorengo baldintzak bete behar dituzte:
  • Diplomatura, lizentziatura edo goi-mailako lanbide-heziketako titulazioa izatea.
  • 2018ko urtarrilaren 1ean 30 urte bete gabe izatea.
  • Euskal Herrian erroldatuta egotea gutxienez urte bateko antzinatasunarekin etenik gabe, 2018ko urtarrilaren 1ean.
  • Atzerrian sei hilabetetik gorako praktiketarako egonaldiak egiteko aukera eman duen beste bekaren bat ez jaso izatea.
  • Ingeles-maila altua izatea (lizentziatuen kasuan C1 eta goi-mailako lanbide-heziketakoen kasuan B2). Hori egiaztatzen ez duten pertsonei ahozko eta idatzizko froga egingo zaie, ezagutza zehaztearren.

Izen-emateak Donostiako Sustapenaren web gunean egin behar dira.

- Izena emateko epea bihar, ostirala, ekainak 15, irekiko da, eta uztailaren 16an amaituko da.

- Gazteak beren helmugara iraila eta abendua artean aterako dira.

- Hautagai bakoitzeko soilik eskaera bat egin ahal izango da; hala ere, hautatzeko prozesuan zehar, hautagaiak kontuan izango dira beka guztietarako, profilak bat etorriz gero.

- Datorren uztailaren 5ean saio Informatiboa antolatuko da Puntu Dendan (Gipuzkoa Plaza, 7), 13:30tik 14:30tara

2018/06/20-an argitaratua