Martxa kardiosasungarria datorren larunbatean

8:30ean irtengo da Pio XII plazatik

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Ingurumen Zuzendaritzan sortu berri den “Osasuna Sustatzeko Atala” eta AstraZeneca Fundazioa elkarlanean ari dira antolatzen, “Bizitza aurretik” kanpainaren baitan, datorren larunbatean, maiatzak 26, egingo den martxa kardiosasungarria edo cardiowalking.

Cardiowalking edo martxa kardiosasungarriaren helburua da bizitza osasungarria sustatzea, bereziki, bihotzeko sindrome akutua pairatu dutenen artean, baina baita bestelako taldeen artean ere. Horrelako ekimena lagungarri izango da hala prebentzioak eta bihotzaren errehabilitazioak duten garrantziaz ohartarazteko nola gaixotasunaren zainketan pertsonak inplikatzeko, bakoitzak bere prozesuaren partaide izatea eta jarrera aktiboa hartzea lortzen duelarik.

Asko dira martxa kardiosasungarriaren onurak, bai fisikoak bai mentalak; besteak beste, tentsioa jaistea, odolean azukrea kontrolatzea, kolesterola murriztea, bihotzeko arazoak prebenitzea, eguneroko estresa murriztea, eta, horiekin batera, ingurukoekin harremanak erraztea nahiz lasaiago egotea.

Martxa honek Bihotzaren Espainiako Federazioaren bermea du eta Donostian egingo da maiatzaren 26an, 8:30tan; irteera gunea Pio XII plazako Silken Amara Hotela izango da.

Osasuna Sustatzeko Atala


Udala, hainbat zuzendaritzen bidez, osasuna sustatzearekin lotutako hainbat jarduera antolatzen aritu izan da eta, herritarren osasunaren alde baliabideak jartzeko asmoz, udal atal berri hau sortu du; atalaren xedea da 2014an sortutako jarduera osasungarrien mapa berrikusi eta osasun aktiboen eta baliabide komunitarioen mapa bihurtzea, herritarrei hirian osasunarekin zerikusia duten jarduera eta programen eskaintzaren berri emateko.

2018/05/24-an argitaratua