EAJk eta PSE-EEk bost konpromiso dituen gobernu akordioa sinatu dute

Udal gobernu berriak etorkizuneko belaunaldientzat Donostia hobe bat eraikitzeko gogotsu egingo du lan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


EAJren eta PSE-EEren udal taldeek legealdi honetarako gobernu akordioa sinatu dute, Eneko Goia alkatea buru izango duen koalizio gobernua bermatzen duena, eta Udalbatzan erabateko gehiengoa izango duena. Ituna "Donostiarrekiko konpromisoa" izeneko dokumentuan jasota dago, eta bost konpromisotan oinarritzen da. Konpromiso horien helburua da hiriko proiektu estrategikoak amaitzea eta donostiarren bizi kalitatea hobetzea, auzoak ekintza politikoaren erdigune izango diren politika batetik abiatuta. Hori guztia, “etorkizuneko donostiar belaunaldiei utziko diegun Donostia eraikitzeko” helburuarekin.

Gobernu akordioa gaur aurkeztu da Udaletxeko Pleno Aretoan, eta bertan izan dira bi udal taldeetako kide guztiak, Eneko Goia alkatea eta Marisol Garmendia PSE-EE Udal Taldeko bozeramailea buru.

Biek zehaztu dituzte legealdi honetarako sinatu dituzten bost konpromisoak. Horrela, bi indarrek lan egingo dute “donostiarrak gure ekintza politikoaren erdigunean izan daitezen”; “kalitatezko enpleguak sortzeko politikak” bultzatuko dituzte, “gizarte kohesiorako tresna gisa”; etxebizitza politika berritzaileen bidez “gaztetu den hiri batean bizi eta gozatzea” ahalbidetuko duten erabakiak hartuko dituzte; “elkarrizketatik eta herritarren konplizitatetik hiri partekatu baten alde” lan egiteko konpromisoa hartu dute; eta, azkenik, “gure hiriaren etorkizun iraunkorra eraikitzea” adostu dute.

Etxebizitza, mugikortasun jasangarria, jarduera ekonomikoa bultzatzea, ikerketa zientifikoa, hiriko proiektu estrategikoak burutzea, turismoa arautzea, gizarte politikak indartzea, hiriko kirol azpiegiturak hobetzea edo udal zerbitzuen eta baliabideen kudeaketa aurreratua dira gobernu akordioan agertzen diren konpromisoetako batzuk, eta bi indarrek legealdirako Gobernu Programan islatuko dituzte datozen hilabeteetan.

Udal Gobernuaren osaketa


  • Eneko Goia Laso (EAJ-PNV) - Alkatea
  • Nekane Arzallus (EAJ-PNV) - Lehen Alkateordea / Hirigintza Plangintza eta Etxebizitza Berrirako zinegotzia
  • Marisol Garmendia (PSE-EE) - Bigarren Alkateordea / Ekonomiako, Bertako Enplegurako eta Ekologiako zinegotzia
  • Ane Oyarbide (PSE-EE) - Hirugarren Alkateordea / Hiri proiektuetako zinegotzia
  • Jon Insausti (EAJ-PNV) - Laugarren Alkateordea / Kultura, Euskara eta Turismoko zinegotzia
  • Iñaki Gabarain (PSE-EE) - Kiroletako eta Bizitza Osasuntsurako zinegotzia
  • Mariaje Idoeta (EAJ-NV) - Gizarte Zerbitzuetako, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotzia
  • Carlos García (PSE-EE) - Hiri Mantentze eta Zerbitzuetako zinegotzia
  • Olatz Yarza (EAJ-PNV) - Mugikortasun eta Garraio Jasangarriko zinegotzia
  • Cristina Lagé (PSE-EE) - Aniztasuneko, Inklusioko eta Berdintasuneko zinegotzia
  • Martin Ibabe (EAJ-PNV) - Segurtasuneko eta Bizikidetzako zinegotzia
  • Kerman Orbegozo (EAJ-PNV) - Pertsonak, Ekonomia eta Aurrekontua kudeatzeko zinegotzia
  • Ana López (EAJ-PNV) - Gobernantza Ireki, Digital eta Kolaboratiboko zinegotzia

2023/07/04-an argitaratua