Kontxako hegalginak lehengo itxura bera izango du obren ostean

Bi kartel egongo dira jarrita obrako hesian: horietako batean, XX. mende hasieran hegalkina nolakoa zen agertzen da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Hirigintzako zinegotziak, Enrique Ramos sozialistak, Kontxako hegalkinaren egitura berritzeko obren zehaztapenak eman ditu gaur eta esan du lehengo itxura bera izango duela lanak amaitzean.

Gaurtik aurrera, 3,70 bider 1,50 metroko bi kartel egongo dira jarrita obrako hesian: horietako batean, XX. mende hasieran hegalkina nolakoa zen agertzen da, eta bestean, berriz, proiektuaren fitxa teknikoa, herritarrek jakin dezaten maiatzaren bigarren hamabostaldian amaituko direla lanak.

PSE-EEko zinegotziak azaldu duenez, “proiektuaren helburua da berritzea garai batean La Rotonda diskoteka zegoen lokalaren estalkiaren gaineko eremua, bai eta forjatu azalera ere, lokalaren alde banatan dauden arrapaletako lurzoruaren parte dena eta Kontxako pasealekutik hondartzarako sarbidea ematen duena. Kontxako pasealekuko egitura eta hondartzara jaisteko bi arrapalek osatzen dituzten forjatuak oso egoera txarrean zeuden, eta horixe izan da berritze lanak egitearen arrazoia. Arrapala horiek hormigoi masaren parte handi bat galdu dute, eta barruan duten altzairua herdoiltzen ari da, eskuz presio egite hutsarekin desegiteraino altzairu indargarria”.

Hori dela eta, Enrique Ramosek esplikatu duenez, kautelazko neurri gisa, debekatu egin genuen lokalaren estalki gainetik eta hondartzara jaisteko arrapaletatik zirkulatzea ibilgailuak, izan hondarra garbitzeko hondartzara sartzen diren ibilgailu bahetzaileak, izan diskotekarako salgaiak garraiatzeko ibilgailuak edo izan pasealekua bera garbitzeko makinak.

Gainera, diskoteka zaharraren estalkiko forjatua osorik berritu beharra dago, oraingo araudira egokitzeko eta behar besteko sostengu ahalmena emateko, hark eskatzen dituen esfortzuak jasateko. Horretarako, garai egokia da hau lanak egiteko, egitura kalteatuaren azpiko lokalaren emakida bukatu denez gero. Jarduera horiekin, zinegotzi sozialistak baieztatu duenez, hegalkinaren eta arrapalen hasierako itxura berreskuratu nahi dute.

Obra egiteko, Kosta Zerbitzuaren baimena behar izan da. Hark berariaz adierazi du egituran soilik jardun behar dela, eta ezingo dela lokala inola ere itxi. Obra Construcciones Moyua SLri esleitu zaio, 231.167,09 euroan, eta 16 aste eman zaizkio egiteko. Maiatzaren bigarren hamabostaldian amaituko da. Egitura birgaitzeko lanak direnez, proiektuak ez du akaberetarako kontu-sailik.

Hirigintzako zinegotziak gaineratu duenez, “lehen diskoteka zegoen lokala bota ondoren, agerian geratu dira lokaleko lurzoruan zeuden zulo batzuk eta hegalkinaren pareta, zeina oso gaizki bukatua baitago. Orain aurrekontua prestatzen ari gara, birgaitze jarduera amaitu ondoren eremua ondo bukatuta uzteko, hondartza garaia hasterako behar den bezala egon dadin”.

2017/03/31-an argitaratua