1.000 pilotari eta jokamolde ezberdinetako 250 partida Gipuzkoako I. Pilota Egunean

Maiatzaren 21ean egingo da Gipuzkoako I.Pilota Eguna Atano III pilotalekuan, Gaska-ko trinketan, Carmelo Baldan eta Gaska kiroldegiko atzoko frontoi irekian.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Gipuzkoako Pilota Federazioak Gipuzkoako I. Pilota Eguna antolatu du maiatzaren 21erako. Egunaren helburua da lurraldeko pilotari eta pilotazale oro batuko dituen eguna izan nahi du; sexu eta adin guztizkoak. Era berean, euskal pilota gizartean ikusarazteko eta euskal pilotaren jokamolde aniztasuna erakusteko ekimena izan nahi du. Hartara, eskupilota, pala, erremontea, zesta-punta, joko garbia, bote-luzea, pasaka eta pilota egokitua izango dira ikusgai.

Giztira, sexu eta adin guztietako 1.000 pilotarik hartuko dute parte goizeko partida eta erakustaldietan. Eta guztira 250 partida inguru jokatuko dira.

Egitarauaren berri eman dute gaur goizean Donostiako Udaletxeko prentsa aretoan, Gipuzkoako Pilotako presidente Andoni Lertxundik, Donostiako Udaleko Kirol zinegotzi Martin Ibabek, Gipuzkoako Ostalarien presidente Mikel Ubarretxenak, eta Jokin Altuna pilotari profesionalak.

Goiz osoan zehar jokamolde ezberdinetako partidak antolatuko dira Amara auzoko pilotaleku ezberdinetan: Atano III.ean, Gaska trinketan, Carmelo Baldan eta Gaska kiroldegiko atzeko frontoi irekian. Era berean, kaleko presentzia areagotzeko, pilotaleku mugikor bat jarriko da Ferrerias plazan eta eremu ireki egoki bat hautatuko da euskal pilotako joko zuzenen erakustaldi bat egiteko.

13:00ak aldera, barrene solidario bat antolatuko da pilotaleku mugikorrean, pilota munduko pertsona ezagunekin: kazetariak, profesional ohiak, kultura zein telebista mundukoa. Barrene honetan ateratzen den dirua, Crohn gaixotasuna duten pertsonak batzen dituen asoziazioari laguntzeko erabiliko da. Maiatzaren 19an da Crohn gaixotasunaren aldeko Munduko eguna eta elkarte horrek urtero Donostian egiten duen lasterketa egin beharrean, Pilota Eguna baliatu nahi du beraien aldarrikapena egin eta dirua lortzeko.

Arratsaldean, profesionalen eskuko jaialdi bat antolatuko da Atano III pilotalekuan. Bertan, buruz buruko txapelketaren 3 eta 4. postuetarako partida jokatuko da, besteak beste. Jaialdia hasi aurretik, 16.30ean, Gipuzkoako pilota elkarteek aukeratutako pertsonek oroigarria jasoko dute pilotaren alde egindako lana eskertzeko.

2017/05/10-an argitaratua