Donostiak eskaripeko geldialdien sistema probatuko du uda honetan Dbuseko B8 Gautxorian

Eskaripeko geldialdia gidariari eskatu behar zaio berariaz, eta emakumeek eta 18 urtetik beherakoek egingo dute eskaera

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Udara begira, Dbus proiektu pilotu bat prestatzen ari da gaueko zerbitzuetan eskaripeko geldialdiak probatzeko. Zehazki, B8-Miraconcha-Benta Berri-Seminario gautxori linean egingo da proba. Linea horretan emakumeek eta 18 urtetik beherakoek ibilbidearen geltoki ofizialen artean gelditzeko eskaera egin ahal izango dute, autobuseko bidaia seguruago izan dadin beraientzat.

Seguru asko, proiektu pilotua ekainean hasiko da. Mota honetako lehen esperientzia pilotua da Donostian, eta emaitzak aztertu eta gero baloratu egingo da ea zerbitzu mota hau zabaldu daitekeen gaueko beste linea batzuetara edo zerbitzuaren konfigurazioa birplanteatu behar den.

B8 lineak ostiral eta larunbatetan ematen du zerbitzua, eta hiriaren Mendebaldetik egiten du bere bidea, non kale batzuen ezaugarriak direla-eta egokitzat jo den sistema probatzea Eskaripeko jaitsiera zerbitzua kale hauetan baino ezingo da eskatu:

- Sanserreka
- Pio Baroja
- Pinuen pasealekua
- Heriz pasealekua
- Marañon Doktorea
- Donostizarra
- Portuene
- Jauregia


Hauek izango dira proiektu pilotuaren ezaugarriak:
  • Eskaripeko geldialdia gidariari eskatu behar zaio berariaz, eta emakumeek eta 18 urtetik beherakoek egingo dute eskaera. Erabiltzaileak berak jaitsi nahi duen lekua baino geltoki bat aurretik eskatu beharko dio gidariari, zuzenean.
  • Gelditzeko eskaera egin duen erabiltzailea autobusaren aurreko aldera joan beharko da, aurreko atetik jaitsi beharko baita.
  • Eskaripeko geldialdiak jaisteko baino ez dira izango. Geldialdi horietan ezin izango da autobusera igo.
  • Erabiltzailearentzat arriskutsuak ez diren baldintzetan egingo da jaitsiera. Horregatik, istripu posibleak ekiditeko, espaloia dagoen tokietan baino ez da jaitsiko.
  • Eskaripeko geldialdian Oinezkoen eta Ibilgailuen Zirkulazioari buruzko Udal Ordenantzak xedatzen duena bete beharko da.

Informazio gehiagorako, kontsultatu www.dbus.eus web gunean edo deitu 943 000 200 telefonora.

2018/05/15-an argitaratua