Herrera auzoan Musika eta Dantza Eskola berria inauguratu da

Eraikinak 3.198 metro koadro ditu, hiru solairu. Eskolak 400 ikasle hartzeko tokia du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak Musika eta Dantza Eskolako egoitza berri bat inauguratu du Herrera auzoan. Instalazioak Herrera ikastetxean kokatuak daude, hain zuzen ere Ederrena kalea 21ean.

Eskola berriaren eskaintza handituz joango da 4 ikasturtetan zehar, 2018-2019an eskaintzen diren 120 ikastarotatik hasita egoitzaren guztizko eskaintza ahalmena bete arte.

Herrera ikastetxearen egoitzak 16:00ak arte lehen hezkuntzako eskolak eskainiko ditu eta, arratsaldez, Musika eta Dantza eskolaren jarduerak izango dira bertan.

Eskolak 12 gela ditu; horietatik 6 instrumentuak irakasteko erabiliko dira, 1 dantza egiteko, perkusiorako gela bat, 2 entsegu eta audizio gela, musika lantegiak egiteko gela 1 eta tutoretzak egiteko beste gela 1.

2018-2019 ikasturterako aurretiko izena ematea datorren astelehenean, apirilaren 23an, hasi eta maiatzaren 20ra arte irekita egongo da

Kultura eta Hezkuntza zinegotzi Jon Insaustik azpimarratu duenez, “egoitza berri honek formakuntza musikala jasotzeko aukera gehiago eskainiko dizkie donostiarrei eta, batez ere, auzoak dituen beharrei erantzuna emango die”.
Zinegotziak nabarmendu duenez, “gure udal eskoletan parte har dezakete gaztetxoenetatik hasi eta helduenetaraino, musika diziplina ezberdinekin eta baita dantzarekin ere gozatuz”. “Eskaintza honen helburua da sendotzea gure hiriko heziketa eta kulturaren ikuspegia” esanez amaitu du zinegotziak.


Eskolaren ikasgaiak


Egoitza berri honetan ikasi ahal izango dute helduek eta 3 urtetik gorako haurrek.

Honako ikasgai hauek eskainiko dira: dantza (haurrak, gazteak eta helduak) ; Musika eta Mugimendua (3 eta 7 urte bitartekoak); Musika Proiektuak (8 eta 12 urte bitartekoak); Entzute Aktiboa (helduak) eta Instrumentuak: flauta, saxoa, tronpeta, tronboia, bonbardinoa/tuba, trikitia, panderoa, txalaparta, alboka, txistua, biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua, gitarra, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, bateria eta perkusioa. Bestalde, taldeetan ere parte har dezakete Comboak, txaranga, hari orkestra...


Udal Eskolen eskaintzaren ezaugarriak


Eskoletan eskaintzen den musika eta dantza heziketa arautu gabea da, eta, batez ere, praktikoa. Haren helburu nagusia da ikasleengan piztea ahots, instrumentu eta dantza taldeetan parte hartzeko interesa. Ikasle orori eskainitako heziketa da, haien adina edozein izanda ere, haurtzarotik zahartzaroraino.
  • Musika eta dantzaren jardueraren inguruko guztia eskaintzen da: musika eta dantza klasikoa, antzinakoa, modernoa, jatorri tradizionalekoa, herrikoia, garaikidea, rock eta jazz estiloak, musika elektronikoa eta abar
  • Irakaskuntzaren programazioa ikaslearen interesetara, dedikaziora eta ikasketa erritmora egokitzen da, betiere kontuan hartuta ikasleek gutxieneko dohain batzuk izan beharko dituztela, jasotzen dituzten irakaskuntzak behar bezala aprobetxatzeko. Horrenbestez, askatasuna eta autonomia bilatzen da eskaintzaren plangintzan, ikaslearen interes eta dohainetara hobeto egokitzeko.
  • Estilo guztietako kontzertu eta dantza ikuskizunetara joateko zaletasuna bultzatzen da, eta espiritu kritikoa garatzen saiatzen da, bai ikasleen artean, baita herritarren artean ere.
  • Beren gaitasun eta interesengatik ikasketa arautuetara iristeko dohainak eta borondatea dauzkaten ikasleei orientazioa eta prestakuntza sakonagoa ematen zaie; izan ere, ikasle harrobia da eskola arautuko musika eta dantza irakaskuntzak eskaintzen dituzten ikastetxeentzat.
  • Ikasleek jendaurreko barne zein kanpo entzunaldi eta emanaldietan banaka zein taldeka aktiboki parte hartzea bultzatzen da eta, horri lotuta, Eskolaren eta Eskola txertatzen den gizarte esparruaren arteko elkarreragina sustatzen da. Norbere baitan hasi eta bukatzen den ikaskuntzak, gizartean inolako eraginik izan gabe, berezko izaera galduko luke.

2018/04/18-an argitaratua