Langabe donostiarrentzako doako euskara ikastaroak: izen-ematea irailaren 21era arte

Nahikoa da langabezia egoeran egotea izen-ematea hasi den datarako

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostian erroldatuta dauden langabeek doako euskara ikastaroak egin ahal izango dituzte 2018-2019 ikasturtean eta horietan parte hartzeko izen-emate epea irailaren 21era arte dago irekita.

Ikastaroak urriaren 8an hasi eta abenduaren 5ean bukatuko dira eta asistentzia nahitaezkoa izango da. Doako ikastaro hauetan 18 urtetik gorako langabe donostiarrek eman ahalko dute izena. Matrikulatzeko epea irailaren 21era arte dago zabalik eta Donostiako edozein euskaltegi homologatutan eman daiteke izena.

Nahikoa da langabezia egoeran egotea izen-ematea hasi den datarako, irailaren 3rako. Ikastaro hauek 120 ikastordu izango dituzte eta egunero hiru ordu emango dira; astelehenetik ostiralera, goizeko 10:30etik eguerdiko 13:45era

Ikastaro hauen helburua da, batetik, euskalduntzea indartzea, eta, bestetik, gizartean egoera okerren daudenei euskara ikasteko aukera erraztea: “behar handiena dutenei erraztasunak eman behar zaizkie, baita euskara sustatzeko garaian ere. Langabeek, euskara ikasten badute, etorkizunean lanerako aukera gehiago izatea espero dugu” adierazi du Miren Azkaratek, Euskarako zinegotzi ordezkariak.

Informazio gehiago: www.donostiaeuskaraz.eus

2018/09/17-an argitaratua