Goiak Donostia aurkeztu du berrikuntzarako hiri egoki-egokitzat

Madrilgo hiri berritzaileen elkarraldian parte hartu du alkateak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako alkate Eneko Goiak Donostiaren izaera azpimarratu du, inguru egokia delako berrikuntzarekin, ikerketarekin eta garapenarekin zerikusia duten jardueretarako. Aldi berean, aldeztu duenez, beharrezkoa da botere publikoek baldintzak sortzea, enpresek eta ikertzaileek luzaro lanean jarraitu ahal izateko.

Goizean, Madrilen, Innpulso Sareko Alkateen + Berritzaileen II. Elkarraldian (webgunea gaztelaniaz dago) esku hartu du Donostiako alkate Eneko Goiak. Donostiako ekimen berritzaileen inguruko datuak zehaztu ditu Goiak, Nesplora enpresa donostiarraren enpresa proiektu berritzailea aurkezteaz batera.

Madrilgo Udalak eta Zientzia eta Berrikuntzaren Hirien Innpulso Sareak antolatu dute ekitaldia, eta sareko kide diren hiri guztietako alkateak bildu ditu, bai eta Innpulso hiri bakoitzak aukeraturiko enpresa txiki eta ertainik zein mikroenpresa txiki eta ertainik berritzaileak ere.

Eneko Goiak nabarmendu duenez, “pertsona askok Donostia ezagutzen badute ere turismoa, gastronomia eta kultur ekitaldiak direla zio, berrikuntza ere nabarmen-nabarmena da gure hirian”.

Alkateak azpimarratu duenaren arabera, "nahiz eta gure hiriak 200.000 bat biztanle izan, 5.000 ikertzaile ditu, eta barne produktu gordinaren % 3 darabil ikerketan". “Gainera, 4 unibertsitate ditu Donostiak, bai eta hainbat gazte bikain-bikain eta zein bere eremuan punta-puntakoak diren enpresak ere”.

Hitzaldian, Nesplora enpresa donostiarraren enpresa proiektu berritzailea aurkeztu du Eneko Goiak. Neurozientzien esparruan dihardu enpresa horrek, errealitate birtuala eta computer visiona darabiltzala pertsonen jokabidea aztertzeko. Donostian oso errotuta dago Nesplora, ikastetxe batzuen laguntzaile den aldetik.

Nesplora enpresako Gemma Climent eta Unai Labirua joan dira alkatearekin elkarraldira. 2017ko Europako Emakume Berritzailearen Sarirako hautagaia da Gemma Climent.

2017/03/01-an argitaratua