Londresera joango da tokiko produktuak merkaturatzeko estrategia aztertzeko.

Enpresa-eginkizunean, Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoaren Guztiona Nekazaritzako Elikagaien Klusterreko (Donostiako Sustapena) enpresek eta sektoreko erakundeek eta udal-taldeetako ordezkariek hartuko dute parte.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Helburua da, batetik, ezagutzea Londresko elikagaien sistemaren antolakuntza eta instituzioek nekazaritzako elikagaien sektorea, eta, bereziki, tokiko produktuak, bultzatzeko egiten duten lana, erakunde horiekin harremanetan jartzearekin batera; eta, bestetik, enpresa eta proiektu sektorialak, berritzaileak eta garrantzitsuak direnak, ezagutzea eta horiekin bilerak egitea, tokiko produktuak ekoizteko, banatzeko eta merkaturatzeko jarduera nola antolatzen duten jakiteko, Donostian erreferentzia izan dadin, Londresko eta Donostiako agente pribatuen artean lankidetzak eginaz etorkizunari begira.

Ordezkaritzaren buru den Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi nahi izan du: "Londresera joango gara Guztiona Nekazaritzako Elikagaien Klusterraren barneko sektoreak eskatuta, eta nekazaritza iraunkorra eta tokiko produktuekin zerikusia duten enpresen, saltokien eta agenteen estrategia ezagutuko ditugu; izan ere, arrakasta handia izaten eta merkatu-kota oso garrantzitsuak lortzen ari dira, eta, beraz, merkaturatze hori nola burutzen duten jakin nahi dugu. Gurekin batera doaz fruten, barazkien eta abarren ekoizleak, eta, jakin badakigu gure sektoreak nolako garrantzia duen. Horrela, kalitatezko tokiko produktuarekin berritzeko eta hazteko duen ahalmena baloratu nahi dugu, produktua gero eta ekologikoagoa, osasuntsuagoa eta osasungarriagoa baita. Tokiko produktuen kalitatea, merkaturatzea eta salmenta hobetzeko zer-nolako metodologia aplikatzen duten aztertuko dugu, Donostian ere abian jartze aldera".

Londresko Udaletxean ordezkaritza London Food Board (LFB) Kontseiluak hartuko du; hau kontseilu independentea da, Londresko alkateari eta Greater London Authority-GLAri honako hauen inguruko aholkularitza ematen diena: hiriburuko elikagaiak, Londresko Elikadura Estrategia berriaren garapena (2017an argitaratuko da), Elikagaien programa, e.a. Besteak beste, elikadura-pobrezia, osasuna, ingurumen-inpaktua, elikadurako negozioak bezalako gaiak zuzentzen eta horien gaineko orientazioa ematen du.

Beste bisitaldi batzuk


Era berean, ordezkaritzak City University of London-Centre for Food Policy bisitatuko du. Munduan leku gutxi dira elikadurako politikak aztertzen, erakusten eta horietan eragina izaten aritzen direnak, eta Londresko City University-n dagoen Zentroa horietako bat da. 1994. urtean sortu zen, eta Zentroa aitzindaria izan zen elikadura-politikari buruzko ikuspegi berria ematen; hots, ikuspegi zabala, kontuan hartuta elikagaien ekoizpena eta kontsumoa, hornidura-kateak, prozesamendua, txikizkako merkataritza eta ingurumenean duen inpaktua eta irauteko baliabideak.

Halaber, ordezkaritza 'Sustain' erakundeko arduradunekin bilduko da. Sustain Londresko nekazaritzako elikagaien eremuko erakunde nagusietarikoa da, eta proiektu eta kanpaina ezberdinak kudeatzen ditu elikadura eta nekazaritza hobetzeko. Horrez gain, 'Farmdrop' bisitatzera joango da; hau da, tokiko ekoizleen elikagai freskoak banatzen eta merkaturatzen dituen enpresa. Erakunde horren bidez, nekazariek txikizkako prezioaren %70-75 jasotzen dute lanaren truke, txikizkako gehienek eskaintzen dien %25-50aren parean.



Aurreikusitako bisiten artean, 'Growing Underground' ere agertzen da. Erakunde horrek modu iraunkorrean lantzen ditu barazki freskoak eta entsalada-hostoak Clapham-Londres kale jendetsuen azpitik 33 metrora (tunelen aprobetxamendua). Hain zuzen ere, sistema hidroponikoak eta LED teknologia erabiltzen du, eta uztak urte osoan landatzen dira giro ezin hobean eta pestizidarik gabe. Giroa kontrolatuta dagoenez, produkzioan ez dute inolako eraginik ez klimak eta ez urtaro-aldaketek, eta, kokapen pribilegiatu horri esker, distantziak murrizten dira txikizkarientzat nahiz kontsumitzaileentzat. Laborantza iraunkorreko praktikei ematen diete lehentasuna; esate baterako, hidroponia sistemak eremu irekiko nekazaritza tradizionalak baino %70 ur gutxiago erabiltzen du. Gaur egun, handizkariak eta tokiko eta Londresko jatetxeak hornitzen dituzte, besteak beste, Farmdrop enpresaren bitartez, eta txikizkako merkatuan sartzen ari dira.

Donostiako ordezkaritza 'GrowUp' enpresara ere joango da. 2013an sortu zen granja komertzial iraunkorrak eraikitzeko, tokiko merkatuetarako elikagaiak lantze aldera. Bisita horretan, enpresaren jarduera eta proiektu nagusiak (GrowUp Box y Unit 84) aurkeztuko dira, eta GrowUp Box proiektua bisitatuko da. Proiektu hori up-clyced edukiontzia da, goiko aldean negutegi bat duena, hiriko nekazaritza akuaponikoaren produkzio-erakusketa handia. Edukiontziaren barnean, arrain-mota bat ekoizten da, tilapia. Negutegiaren goiko aldean, laborantza bertikaleko teknikak erabiltzen dituzte, entsaladak, belarrak, mikrogreen-ak, e.a. lortzeko. Ekoitzitakoa tokiko jatetxeetara saltzen dute.

Borough Market Londresko merkatu zaharrena da, eta ordezkaritza bertan izango da merkatu horren arduradunarekin biltzeko. Merkatua merkatariez beteta dago. Merkatariek ekoizpenera eta hornidurara hurbilduta, Slow Food UK-ren egiaztapen ofiziala lortu dute. Hemen saldutako produktu asko eta asko Slow Food-ek baita ere onartu ditu tokiko elikagai bereizgarri gisa, eta horien biziraupena arriskuan egongo litzateke artisau-talde txiki batek egiten duen lan garrantzitsuarengatik ez balitz.

2017/05/12-an argitaratua