Donostiako Autobus geltokiko bizikleten aparkalekua martxan dago

Zerbitzua apirilaren 30era arte doakoa izango da

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Mugikortasuneko eta Garraioko zinegotzi Pilar Aranak Donostiako Autobus geltokiko “Dbizi Parking” zerbitzua aurkeztu du. Triangelu forma duen 173m2ko azalera dauka eta 110 bizikletentzako lekua, horietako 2 elektrikoentzat, dagozkien entxufeekin. Zerbitzua 2017ko apirilaren 30era arte doakoa izango da
  • Aparkalekua 6:30etik 23:00etara izango da zabalik eta tarifak egunen araberakoak dira, 1€/eguna eta 6€/hilabetea artean.
  • “Dbizi Parking”ak leku bat dauka gurpilak puzteko eta erreminten armairutxo bat konponketa txikiak egiteko.

Pilar Aranak adierazi du aparkaleku hau lehen urratsa dela Donostian bizikletentzako aparkaleku seguruen sare bat sortzeko: “gaurko irekiera honekin apustu irmoa egiten dugu, hiriko garraiobide gisa, bizikletaren erabilpenaren normalizazio eta sustapenaren alde”.

Zerbitzu honen bidez, alde batetik, bizikletaren kulturaren garapena eta mugikortasun jasangarriagoa sustatu nahi da, eta, horrekin batera, garraio publikoaren intermodalitatea ere bai; gainera, lapurreta eta bandalismoarekin lotutako arazoak murriztuko dira eta, horrela, hiriaren segurtasuna bermatzeaz gain, bizikleta erabiltzaileen kopurua areagotuko da. Beste aldetik, egokituta ez dauden lekuetan bizikletak aparkatzea eragotzi nahi da, izan ere, edonon aparkatzerakoan oinezkoentzako guneak eteten dira eta zuhaitzei nahiz hiriko altzariei kalte egiten zaie.

Aranak azpimarratu du, azken finean, sistema eraginkorra dela kale atseginagoak eta bizikletentzako aparkaleku seguruagoak lortzeko: “bizikletentzako aparkaleku erosoak eta seguruak eskaintzen hastea neurri garrantzitsua da bizikletaren erabilera sustatzeko estrategia egoki bat garatzeko”.

2017/02/24-an argitaratua