Udalak babesa emango dio Aranzadiri giza eskubideen urraketen gaineko ikerketan

Udalak 17.996,21 €-ko laguntza emango du "1936tik 1945era Donostian izan ziren giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa” proiekturako

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Alkatea ikerketako kideekin hitz egiten ageri den argazkia
Donostiako Udalak 17.996,21 euroko diru laguntza eman dio Aranzadi Zientzia Elkarteari, tokiko informazio iturrien bidez gauzatzeko “1936tik 1945era Donostian izan ziren giza eskubideen urraketei buruzko ikerketa” proiektuari. Azterlanaren behin betiko emaitzak 2019an aurkeztuko dituzte.

Proiektuaren helburu nagusia da Donostian jaio edota bizi izan ziren pertsona guztiak aurkitzea, bai eta, Donostian jaio edo bizi izandakoak ez izan arren, 1936tik 1945era Donostian giza eskubideen urraketaren bat nozitu zutenak ere.

Maiatzean ekingo diote diruz lagundutako ikerketa horri, eta 2017ko abenduan amaituko dute. Lehenengo fasean, batez ere, tokiko informazio iturriak aztertuko dituzte, eta gero estatuko gainerako tokietara zabalduko dituzte iturriok. Azterketaren behin betiko emaitzak 2019ko lehen hiruhilekoan aurkeztuko dituzte.

Eneko Goia alkateak azpimarratu duenez, “Aranzadik proposatu duen azterlan horri esker, zehaztasun handiagoarekin jakingo dugu Donostiako zein bizilagun errepresaliatu zituzten, 1936tik 1945era”.

Eneko Goiak nabarmendu duenez, egiaz zer gertatu zen bilatzea eta zabaltzea, oroimen kolektiboan txertatu ahal izateko, eta gerraren eta diktaduraren izugarrikeriak nozitu zituztenei justizia egitea eta erreparazioa ematea konpromiso utzienak dira edozein erakunde demokratikorentzat

Udalak, 2015ean, eratu zuen Oroimen Historikoaren Aholku Kontseilua, arlo guztietako kideek osatua: udal talde politikoetako ordezkariak, gizarte erakundeak, taldeak eta oroimen historikoa berreskuratzen diharduten garrantzi bereziko pertsonak.

Donostiako Udala ez da lantegi horretan konprometitutako erakunde bakarra. Azken urteotan, euskal geografia guztian barrena egin dira proiektuak, hala ekimen partikular edo pribatuen bidez, nola erakunde publikoek sustatuta, Gerra Zibilaren eta ondoko diktadura frankistaren gaineko oroimen historikoa ikertzeko eta berreskuratzeko.

2017/05/30-an argitaratua