Europak begia bota die Donostiako Startup-ei

Donostiako hiru enpresak jaso berriak dituzte Horizon 2020 Europar Programako ETE Instrumentuko laguntza ekonomikoak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako hiru enpresak, Bunt Planet, SL-k, Smiley Owl Tech eta HWS Concrete Towers, SL-k, jaso berriak dituzte Horizon 2020 Europar Programako ETE Instrumentuko laguntza ekonomikoak, merkatuari irtenbide berritzaileak eskaintzen dizkioten proiektuak garatzen dituzten enpresa ertain eta txikientzat ateratzen direnak. Proiektu horiek onartzearekin, jada 17 enpresa donostiarrek, horietako asko Donostiako Sustapenak bultzatuta, lortu dute onuradunak izatea ETE Instrumentuaren deialdian, 2014. urtean atera zenetik; beraz, Espainiako funtsen %5 inguru eskuratu dute, guztira ia 13 milioi euro. Sustapenak kokapen hori indartu nahi du, laguntza horietara jo nahi duten enpresei aholkularitzako zerbitzu espezifikoa eskainita.

Ernesto Gasco alkateordeak ondorengoa adierazi zuen: “Europako ETE Instrumentua programa erreferentea da oinarri teknologikoko enpresa berritzaileetan edo start up-etan, eta Euskal Herrian geratzen diren funtsen %80a baino gehiago Donostiako edo inguruneko enpresentzat izatea oso gustura egoteko arrazoia da. Baina berrikuntzaren sistema areagotzeko lanean jarraitu behar dugula jakin badakigunez, aitzindari moduan abian jarri dugu zerbitzu hau funts horietara jo nahi duten enpresa berriei laguntza horiei buruzko aholkularitza emateko eta izapideak egiten laguntzeko”.

Donostiako Sustapena lanean ari da Donostiako enpresa gehiago zerrenda horretara batu daitezen. Modu horretan, laguntza eta aholkularitza espezializatua etengabe eskaintzen du, ETE Instrumenturako proiektuak prestatzeko nahiz aurkezteko. Hori dela-eta, urtean zehar, ad-hoc tailer espezializatuak antolatzen ditu, jardunaldiak eta hitzaldiak ere bai (WeekINN-Berrikuntzaren Astean zehar), aholkularitzako banako saioak, DonostiaINN laguntzak eskatzeko aukerarekin batera, gastu estrategikoak ordaintzearren. Sustapenak, halaber, aholkularitzako eta prestakuntzako zerbitzu espezifikoa aktibatu du ETE Instrumentura jo nahi duten Donostiako enpresentzat; modu horretan, tailerrak antolatu ditu proiektua nola aurkezten den erakusteko.

Donostiako Sustapenaren lehentasunetariko bat da hirian proiektu berritzaileak garatzea; horregatik, enpresa horiei laguntza eskaintzen die talentua erakartzeko eta horri eusteko eta ezagutza teknologikoa sartzeko Bonu Teknologikoak bezalako erreminten bitartez. Era berean, DonostiaINN laguntza ekonomikoak eskaintzen ditu edo nazioartean hedatzen edo sustatzen laguntzen du.

BuntPlanet enpresak BuntBrain softwarea garatu du; alegia, Big Data eta Adimen Artifiziala aplikatzen ditu uraren galera gutxiago izateko edateko ura banatzeko sareetan. Bi modulu ditu: batetik, WaterMeters, uraren galera komertzialak kontrolatzen dituena (kontsumitutako ura baina fakturatu gabea irakurketan akatsak gertatzeagatik) eta, bestetik, LeakFinder, azken kontsumitzailearengana iritsi arte ura eramaten duen hoditeriako uraren ihesak detektatzen dituena. Hori garatzeko, BuntPlanet enpresak erreminta berean bildu ditu diziplina oso ezberdinetako ezagutzak (Softwarearen ingeniaritza, Ingeniaritza Hidraulikoa, Metrologia eta Matematika aurreratua). ETE Instrumentuko laguntza BuntBrain nazioartean ezagutzera emateko erabiliko da. Horretarako, BuntPlanet enpresak uraren sareetan ezaugarri ezberdinak dituzten lau herrialde hautatu ditu, eta horietan teknologia berria ezarriko du: Alemania, Espainia, Bolivia eta Costa Rica.

Bestalde, ETE Instrumentuaren laguntzarekin, HWS Concrete Towers enpresak, 2015. urtean sortutakoak, jarduera dibertsifikatuko du turbina eolikoentzat ormigoizko dorreak eraikitzetik haratago, “AirCrane System” izeneko sistema diseinatzen eta fabrikatzen hasi baita; hau da, sektore eolikoarentzat eraikitzeko metodologia, garabi berezietan oinarritua, nahi den altuerako eta nacelle pisuko turbina eolikoen dorreak edo palen edozein luzera lortzeko gai dena, hots, sektore eolikoaren azken joerak eta eskariak. Garabi berritzailearen erakuslea diseinatzeko eta fabrikatzeko, 2,12 milioi euroko inbertsio orokorra egin beharko da; kopuru horren %70a EBk finantzatuko du H2020 Programako ETE Instrumentuaren bitartez.

2018/03/20-an argitaratua