Donostiak 'Euskarak 365 egun' dinamika abian jarriko du Euskararen Nazioarteko Egunean

150 ekitaldi baino gehiago antolatuko dira datozen egunetan Donostian, Euskararen Hirian.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Ekintza horiek antolatzearekin batera, Donostiak Euskal Herri osoan aurrera eraman nahi den “Euskarak 365 egun” dinamikarekin bat egin eta honen aurkezpena egingo du abenduaren 2an Donostiako Udalbatza aretoan antolaturiko ekitaldian.

“Euskarak 365 egun” dinamika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak eta Euskaltzaleen Topaguneak martxan jarriko dute aurtengo Euskararen Egunetik aurrera . Ezagutzatik erabilerara jauzia emateko dinamika izango da, instituzioek eta gizarte eragileek modu koordinatuan eta elkarlanean aurrera eramango dutena. Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotziaren esanetan, “euskara gehiago erabiltzea nahi dugu eta horretarako hizkuntza ohituren aldaketa esanguratsua lortzeko proposamen bateratu bat egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Topaguneak: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra “11 egun euskaraz” izeneko ekimena antolatzea ahalik eta herri eta hiri gehienetan”.

Donostiari dagokionez, Bagerak eta Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak erronkari heldu eta ekimena abian jartzeko asmoa dute. Ekimen honek segida emango dio aurten, egun hauetan, “Altza hadi 21 egun euskaraz” eta “Baietz 20 egun euskaraz Intxaurrondon” martxan daudenei. Azkaratek adierazi duenez, “Egia auzoan jaio zen egitasmoa eta aurten Altzan eta Intxaurrondon egiten ari direna datorren urtean Donostia osora zabaltzea da erronka”.

Egitarauak antolatu dituzte hiriko hamabost auzotan


Aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko egitarauak antolatu dituzte hiriko hamabost auzotan. Ekintza gehienak abenduaren 2an eta 3an egingo diren arren, zenbait lekutan azaroaren 24tik aurrera hasiko dira gauzak antolatzen. Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Bidebietan, Egian, Grosen, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erriberan, Martutenen eta Parte Zaharrean egitaraua antolatzera animatu direla esan du zinegotziak “ Auzo horietan batzordeak sortu dituzte egitaraua prestatu eta aurrera eramateko. Guztira, 65 bat eragile ari dira lanean auzoetako egitarauak antolatzen eta kopuru garrantzitsua da oso”.

Ekinbide horiek guztiak ezagutzera emateko esku-programa bat argitaratu eta banatzeaz gain, kartelak ere jarriko dira auzo guztietan eta informazioa eskuragarri egongo da donostiaeuskaraz.eus webean.

2017/11/21-an argitaratua