185.400€ bideratuko dira 2017an euskara alorreko lau egitasmo estrategiko diruz laguntzeko

Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen ekimenak, Mintzanet egitasmoa, Irutxuloko Hitza astekaria eta webgunea, eta Hamaika Donostia Telebista dira lau proiektu estrategikoak

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 185.400 € bideratuko ditu lau proiektu estrategiko diruz laguntzeko: Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkartearen ekimenak, Mintzanet egitasmoa, Irutxuloko Hitza astekaria eta webgunea, eta Hamaika Donostia Telebista.

Bagera elkarteak urtean jarduera ugari antolatzen dituen arren (Soziolinguistika solasaldiak, Zergatik ez? Tailerrak, Euskararen normalizazioaren inguruko jardunaldiak, Euskararaz bizi nahi dut ekimenaren sustapena eta abar), Mintzalaguna egitasmoa zabaltzeko ahalegin handia egiten ari da azken urteotan. 2014an 200 bat mintzalagun izatetik 350 lagunetik gora izatera igaro da 2017an.

Bilakaera hau eman zedin, Udaleko Euskara Zerbitzuak diru laguntza kopurua gehitzen joan zaio urtez urte Bagerari: 2015ean 40.850 € jasotzetik 2017an 51.000 € jasotzera igaro baita .Gogoratu behar da Euskal Herrian hain zabalduta dagoen mintzapraktikarako ekimena Donostian sortu zela Bagera elkartearen eskutik eta euskaraz hitz egiteko aukera ematen diela ohitura edo aukera gutxi duten pertsonei.

Mintzapraktika on line egiteko Mintzanet egitasmoa ere diruz lagunduko du Udalak. Mintzanet.net webgunearen bitartez euskara praktikatu beharra edo nahia duen pertsona ( bidelaria) euskara dakien batekin (bidelaguna) jartzen da harremanetan euskaraz hitz egiteko. Egitasmo hau lagungarria da oso edozein arrazoi dela eta, aurrez aurre euskara praktikatzeko aukera edo modua ez dutenentzat. Mintzanet Donostian sortu zen eta mintzapraktikarako tresna hau donostiarren artean sustatzeko diru laguntza ematen du Euskara Zerbitzuak( 4.400€). Egun 480 lagun parte hartzen ari dira Mintzanet-en, horietatik 55 donostiarrak dira.

Euskarazko tokiko hedabideak laguntzea eta herritarren artean kontsumoa sustatzea estrategikoa da hizkuntzaren normalizazioari begira. Hori dela eta, Udaleko Euskara Zerbitzuak Hamaika Donostia Telebista (40.000€) eta Irutxuloko Hitza astekaria eta webgunea (90.000€) diruz lagunduko ditu 2017an.

2017/05/30-an argitaratua