Akordioa CEIT-IK4rekin ikertzaile gazteen talentua bultzatzeko eta garatzeko

Bi instituzioen arteko hitzarmenari esker, garapen profesionalerako ibilbideak jarriko dira abian; hots, nazioartekotzeko bekak eta praktiketako kontratuakikertzaile gazteentzat. Azken helburua da Donostia eraldatzeko eta finkatzeko hiri-estrategia bultzatzea, berrikuntzaren eta ezagutzaren gune bezala.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Ekonomia Bultzatzeko Zinegotzigoak, Donostiako Sustapenaren bitartez, Donostia erreferentea izatea nahi du ikerkuntzan eta berrikuntzan, eta, horretarako, bereziki, pertsonen, tokiko talentuaren eta nazioarteko talentuaren aldeko apustua egiten du, estrategiaren oinarri gisa. Ildo horretan, eta Connecting Talent-aren esparruan, zerbitzu, programa eta laguntza batzuk abian jartzen ditu, prestakuntza handiko gazteen profilak enpresa-proiektu berritzaileekin edo I+G arloarekin zerikusia dutenekin konektatzeko. Gazteen prestakuntza erraztea da helburua, proiektua bera garatzea bultzatzearekin batera, kontrataziorako baliabideak eskainita edo nazioarteko lan-esperientziak lortzea erraztuaz.

Lehen alkateordeak, Ernesto Gascok, ondorengoa adierazi nahi izan du: "gure berrikuntza-ereduak, nazioartean lehiatzeko aukera ematen digunak, pertsonak ditu oinarri. Edozein berrikuntzaren atzean talentua dago, eta balio horretan oinarritzen gara gure hiria garatzeko. Eta lankidetza-eran egiten dugu, erakunde estrategikoekin akordioak eginaz ikerketaren eta berrikuntzaren arloan, kasu honetan CEIT-IK4rekin egin dugun moduan”.

CEIT-IK4 zentro teknologikoak 30 urte daramatza bikaintasuneko ikerketa garatzen eremu ezberdinetan, eta ahalegin berezia egiten du ikerlari gazteenei doktorego-tesien prestakuntza ematen eta haiei tesiak egiten laguntzen. CEIT-IK4rentzat oso garrantzitsua da karrera teknikoetako azken gradu-ikasturteetako ikasleekin lan egitea, haien prestakuntza areagotzeko eta orientatzeko edota ikasle horien artean doktorego-tesiak egitea sustatzeko, proiektu estrategikoen barnean. Azken finean, trebetasun handiko profilak garatzea bultzatu nahi da, talentua tokiko proiektuetan gara dezaten.

aukerak garatzeko eta sustatzeko ibilbideak


Hitzarmen honen bitartez, Donostiako Sustapenak CEIT-IK4ri lagunduko dio lehen lan-esperientziara gerturatzen diren prestakuntza handiko gazte horientzat aukerak garatzeko eta sustatzeko ibilbideak garatzen. Hirian bertan garatzeko aukerak ez ezik, hazteko ibilbidea ere eskainiko zaie; hau da, nazioartekotzeko bekak, atzerrian proiektu estrategikoetan aritzeko eta, ondoren, Donostian jarraipena izateko, Ceit loSpace (Internet of Things Space) zentroan sei hilabeteko praktikak egiteko kontratazioa bultzatuaz. Espazio/laborategi horretan, "Industria 4.0" eremuan karrera profesionala egitera bideratutako prestakuntza ematen zaie ikasleei.

Zehazki, urtero atzerrian sei egonaldi bitarteko programa izatea aurreikusten da, beka bakoitzeko eta pertsonako 8.000 €-ra bitarteko zuzkidurarekin. Halaber, praktiketako gehienez sei kontratu aurreikusten dira, eta lanaldi osoko eta sei hilabeteko praktiketarako laguntza 4.000 €-koa izango da; kontratuaren gainerako kostua CEIT-IK4 zentroak batera finantzatuko du.

Hitzarmenaren esparruan, beste helburu partekatu bat izango da prestakuntza-maila handiko eta ikerlari-profileko talde horren ekintzailetza sustatzeko jarduerak eta programak bultzatzea, CEIT-IK4ren barruan; beraz, horretarako, ezagutza eta aukerak eskaintzeko jarduerak antolatuko dira, proiektu berritzaileak eta negozioa sortuko dutenak bultzatzearren, ad hoc partekaturiko programekin.

Donostiako Sustapenak eta Ceit-IK4 Zentro Teknologikoak lankidetza estua dute aspalditik, eta hitzarmen eta programa ezberdinak partekatzen dituzte; hala nola, Bono teknologikoak, transferentzia teknologikoaren eremuan, Donostiako enpresek Ceit-IK4k eskaintzen dien balio erantsi altuko aholkularitza teknologikoa eskuratu ahal izateko. Lankidetza-harreman hori indartu egingo da orain, akordio berri honen bitartez, talentua erakartzeko eta talentuari eusteko Donostiako estrategia indartu egingo baita.

Programak Europako Gizarte Funtsaren %50eko finantzaketa jaso ahal izango du, Euskal Autonomia Erkidegorako EGIFen 2014-2020 Programa Operatiboaren esparruan. Programa ondorengoa da: "Donostia GazteEkin: langabe gazte kualifikatuak hiriko sektore emergenteetan eta estrategikoetan lan-merkatuan sartzea".

2017/05/09-an argitaratua