Kontzertu bat egingo dute hiru euskal hiriburuek Guatemalarekin batera

”Urko” kantaria egongo da emanaldian. Internetez ere ikus liteke

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolak egingo du kontzertua, Gasteiz, Bilbo eta Guatemala lagun dituela, Mugarik Gabeko Musikariek sustaturiko ekimenari esker. Datorren astelehenean, hilaren 27an, izango da, 19:00etan.

Bestalde, eta Mugarik Gabeko Musikariak elkartearen ekimenez, musika tresnak jasoko ditu Donostiak, Siriako musika eskoletara eramateko.

Datorren astelehenean, Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, emanaldi batu bat egingo dute, Guatemalako San Pedro de Pinupako ikasleekin eta partaide berezi batekin: José Antonio Larrañaga “Urko” kantariarekin. 19:00etan hasiko da kontzertua.

Musika talde bakoitzak bere eskolan joko du, eta denek batera parte hartuko dute ziberkontzertu honetan, bideo konferentziaz. Eskola horietan zein Internetez ikus daiteke emanaldia, haietako bakoitzaren webgunearen bidez. Donostiari dagokionez, http://www.donostiaeskola.eus/ helbidean.

Helburua da musikaren garrantzia ekitaldian agerian jartzea, gizartean integrazioa bultzatzen eta garapen bideko nazioetan emakumeak ahalduntzen laguntzeko moduan.

Kontzertua


Kontzertuan, elkar hartuta ariko dira Marimba El Recuerdo de Guatemala orkestra, Bilboko Comboa, Donostiako Haur Abesbatza eta Gasteizko Banda. Guatemalako orkestrak hasiko du kontzertua, eta hiruburuotako hiru taldeena entzun ondoren, amaieran, denek batera, Donostiako Hiru Damatxo jo eta kantatuko dute.

Azken kanta horretan, gonbidatu bereziak ere izango dira: José Antonio Larrañaga “Urko” kantaria eta Bilbao Musikako Eskolako Txistulari Banda.

Siriarako musika tresnen bankua


Bestalde, eta Mugarik Gabeko Musikariak elkarteak sustatuta, musika tresnak jasoko dituzte, Siriako musika eskoletara eramateko. Orkestra sinfoniko bat eratzeko musika tresna mota guztiak eman daitezke.

Azaroaren 23tik abenduaren 20a arte utz daitezke musika tresnak, hiru hiriburuotan. Donostian, Musika eta Dantza Eskolan eta San Telmo Museoan.

Musika irakasteko erabiliko dituzte musika tresnak, Siriako musika eskolek emandako eskoletan, baliabide gutxi duten pertsonek arte hezkuntza jaso ahal izateko eta, hala, gerrak eragiten dituen izugarrikeriak arindu ahal izateko.

2017/11/23-an argitaratua