Larunbatean bidezko merkataritzaren eguna ospatuko da

“Kausadun errebeldeak gara. Bidezko merkataritza gara, eta zu?” izango da jardunaldiaren leloa

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Lankidetzako Zinegotziak, Duñike Agirrezabalak, aurten ere egun gogoangarri honen alde egingo du. Horretarako, sukaldaritza tailer bat egingo da asteazken honetan, eta larunbatean, Bidezko Merkataritzako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera egongo da. Horrez gain, tailerrak, musika eta ipuin kontalariak egongo dira haurrentzat.

Bidezko Merkataritzaren Donostiako taldea duela hamar urte baino gehiago sortu zen, hirian bidezko merkataritza sustatu eta, hala, giza garapen jasangarria lortzeko asmoz. Lankidetzako Zinegotzigoak erakunde talde hauen jarduerak finantzatzen laguntzen du: Adsis Fundazioa, Emaus Gizarte Fundazioa eta Donostiako Elizbarrutiko Caritas. Erakundeok, era berean, hiriko beste erakunde batzuekin batera egiten dute lan, besteak beste, honako hauekin: Alboan, Setem Hego Haizea, Proyde-Proega eta Proclade Yamapay.

Bidezko Merkataritza truke harreman alternatibo bat da, eta harreman horretan ekoizpena eta merkataritza pertsonen zerbitzura daude. Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna oinarri hartuta, Bidezko Merkataritzak herriak garatzea eta pobrezia desagerraraztea du helburu. Irizpide ekonomikoez gain, lan, gizarte eta ingurumen arloa kontuan hartzen dituzten balio etikoak ere hartzen ditu aintzat. Bidezko Merkataritzaren bitartez, erakutsi nahi da beste merkataritza bat posiblea ez ezik beharrezkoa ere badela. 

50 herrialdetan baino gehiagotan ospatuko da egun hau, eta hemen maiatzaren 10ean hasiko da, Bidezko Sukaldaritza Ikastaroarekin. Donostiako Adsis Oinarrizko Lanbide Heziketako Zentroan egingo da ikastaroa, 18:00etatik 21:00etara. Ondoren, maiatzaren 13an, larunbatean, Bidezko Merkataritzako produktuen hainbat salmenta postu jarriko dira Boulevardeko Kioskoaren plazan: artisautza, janaria, kosmetika, dastaketa postu bat... Horrez gain, jolas kooperatiboak, musika eta abar ere egongo dira.

2017/05/10-an argitaratua