Olatu Talka jaialdia maiatzaren 19, 20 eta 21ean izango da

Musika, merkatuak, zientzia eta munduko festak, jaialdiaren ardatzak. Musika, merkatuak, zientzia eta munduko festak Olatu Talka jaialdiaren ardatz izango dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Maiatzaren 19, 20 eta 21ean izango den Olatu Talka jaialdiaren programa aurrerapena izan da, eta bertan azaldu denez, musika, merkatuak, zientzia eta munduko festak izango dira Olatu Talka jaialdiaren ardatz.

Jon Aizpurua jaialdiko zuzendariak gogoratu du 2016 Kultur Hiriburutzaren ondare edo legatu gisa geratu dela jaialdia eta beraz, testuinguru berezian datorrela; testuinguru berezi eta indartsuan. Izan ere, Aizpuruak azaldu duenez, “eragileek gogotsu hartu dute Olatu Talka egiteko proposamena eta askok aurkeztu dute parte hartzeko eskaera”. Honen adierazle orain arteko datu batzuk eskaini ditu:
  • Programaziorako proposamenak egiteko deialdian 160 proposamen jaso genituen eta horietatik 120 ekimen baino gehiago egingo dira.
  • Olatu Talkako merkatuetan postua jarri ahal izateko deialdian 110 postu jartzeko eskaerak jaso ditugu eta kontzertuak eskaintzeko 60 taldek edo bakarlarik eman dute izena. Beraz, aurten oso arrakastatsuak izan dira bi deialdiak.
  • Beste deialdi bat ere egin du Olatu Talkak, hain zuzen, Izarrak Plazara ekimenean parte hartzeko, eta inoiz baino arrakastatsuagoa izan da: 12-17 urteko tartean 22 talde/bakarlarik eman dute izena eta 5-11 urtekoetan 30 taldek. Horietako asko Olatu Talka jaialdian ariko dira.

Bestetik, Aizpuruak azaldu du webgune berria ere estreinatu duela Olatu Talkak, albiste eta ekitaldi guztien berri emateko eta esan duenez, agendak izango du garrantzia eta oso erabilgarria izango da.

2017/04/05-an argitaratua