Belodromoaren atletismoko pista berritzeko hitzarmena sinatu da

Indoor atletismo pistetako kirol zoladura sintetikoa berrituko da eta lanak egiteko epea hilabete eta erdikoa da.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Leire Landa, Donostiako Kiroleko Udal Patronatoko Gerenteak eta Denis Itxaso, Kultura eta Kiroleko Diputatuak Belodromoaren atletismoko pista berritzeko hitzarmena sinatu dute. Proiektuaren kostea 375.354 eurokoa da eta Aldundiak 150.141 euro jarriko ditu. Sinadura ekitaldian Eneko Goia alkatea ere izan da.

Proiektuaren helburua atletismo pistetan oraingo tartana kentzea eta berria ezartzea da. Indoor atletismo pistetako kirol zoladura sintetikoa berrituko da. Egungo zoladurak 25 urte ditu, eta, ezarri zenetik, mota eta kategoria guztietako atletismo probak egin dira bertan. Mota horretako bakarra denez, Gipuzkoako eta Euskadiko erreferente da.

Berrikuntzaren ondoren, kirol zoladuraren neurri eta gainazal berberak izango ditu, hala oraingo kirol programa bertan egiteko aukera izateko. Gainera, 357m2-ko beste zoladura bat instalatu nahi da kontrahelmugan, beroketarako korridorean. Bestalde, pisu jaurtiketarako sektorea eta LED teknologiadun bideopantaila bat ere berritu nahi dira.

Indoor atletismo pistetako kirol zoladura sintetikoa berrituko da eta lanak egiteko epea hilabete eta erdikoa da.

Eneko Goia Donostiako alkateak «Euskadin bakarra den» instalazio hori birmoldatzearen garrantzia azpimarratu du, Donostiako, Euskadiko zein lurralde mugakideetako jende askok erabiltzen baitu. Goiak zehaztu duenez, «instalazioa prest egongo da irailerako, atletak pista estaliko denboraldia prestatzen has daitezen». Tartan berria urdina izango da, «donostiarragoa», Goiaren ustez, eta «orain arte, pistaren egoera medio, bertan egin ezin ziren lehiaketak egiteko aukera eskainiko du», adierazi du Donostiako alkateak.

Bai Donostiako Udalak bai Aldundiak balorazio ona eman diote lankidetzari, eta adierazi dute bizi ditugun garai hauetan inoiz baino beharrezkoagoa dela baliabide publikoak modu eraginkorrean eta jasangarrian erabiltzea, erakundeen arteko lankidetzatik abiatuta.

Gipuzkoako Kirol Ekipamenduen Planak 55 udalerriri eta 567.000 biztanleri eragiten die, hau da, Gipuzkoako biztanleen % 80ri; guztira 53,8 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Aldundiak 10,6 milioi euroko laguntza eman du.

2018/07/13-an argitaratua