Emakume eibartar eta haren semearen hilketa dela-eta gaitzespena

Donostiako Udalak gaitzespenik irmoena azaldu nahi du sortzez Eibar udalerrikoa zen emakumearen eta berorren semearen hilketen aurrean, Alcobendasen gertaturikoak, eta elkartasuna adierazten die senideei eta biktimen hurbilekoei.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak gogorarazten du heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dutela erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen da.

Emakumeenganako indarkeria (psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala) emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina.

Tragedia honek berriro dakarkigu gogora hala erakundeek nola euskal gizarte osoak daukagun erantzukizuna, gure udalerrietan Berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, gure sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu behar dugu, etorkizuna ordezkatzen dutenei zuzenduta, gure herritar gazteenei zuzenduta, alegia.

Donostiako Udalak bat egiten du gaitzespena adierazteko Eibarko Udaleko Bozeramaileen Batzarrak deitu duen elkarretaratze instituzionalarekin, gaurko, maiatzak 4, 20:00etan, Untzaga plazan. Donostiako Udalak bat egiten du antola litezkeen gaitzespen-ekimen guztiekin.

2017/05/04-an argitaratua