Olatu Talka 2017: Kaian egingo den festa batekin amaituko da jaialdia igandean

Egun osoan zehar ekitaldiak izango dira Kaian eta baita food truck-ak ere

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Maiatzaren 19, 20 eta 21ean izango den Olatu Talka jaialdiaren programa osoa aurkeztu da gaur, eta bertan batez ere igandean jaialdiari amaiera emango dion egitarau edo festari eman zaio garrantzia, izan ere, hiria eta itsasoa lotuko dituen egitarau oparoarekin bukatuko da jaialdia Donostia Kaian. Miren Azkarate 2016 Hiriburutzako, Kulturako, Euskarako eta Hezkuntzako zinegotzi ordezkaria, Jon Aizpurua Olatu Talka jaialdiko zuzendaria, Ane Artetxe Easo Musika Eskolako kidea, Oier Gil Bitamine faktoriako kidea eta Sara Zozaya Gure Bazterrak elkarteko kidea izan dira prentsaurrekoan Olatu Talka jaialdiaren programaren berri emanez.

Miren Azkarate zinegotziak jaialdiak aurten duen erronka izan du hizpide, izan ere, lehenengo aldiz Donostia Kulturak hartuko du jaialdia antolatzeko ardura. Azkaratek azaldu duenez, “Olatu Talka jaialdia lehenengoz 2010. urtean egin zen, Donostia 2016 egitasmoa oraindik hautagaitza fasean zegoenean. Ordutik iazko Europako Kultur Hiriburutzaren urtera arte ibilbidea elkarrekin egin dute Olatu Talkak eta DSS2016EUk, eta Olatu Talkak Hiriburutzaren espiritua bereganatu du. Zazpi jaialdi ondoren, zortzigarren hau ere herritarrek Olatu Talkarekin duten konpromisoa, inplikazioa eta izaera aktiboaren adierazle izango da”.

Ideia hori azpimarratzeko eta herritarren inplikazioaren adierazle Miren Azkaratek bi datu aipatu ditu: alde batetik, aurten eragile eta herritarrek Olatu Talkan ekitaldiak egiteko iaz baino proposamen gehiago aurkeztu dituztela, %15 gehiago eta, bestetik, aldez aurretiko izen-ematea eskatzen duten ekitaldietan parte hartzea oso handia izan dela, eta eskainitako ia tailer eta ibilbide gehienak bete egin direla. Horrela jarraitzeko deia egin die Azkaratek herritarrei eta eta Olatu Talkaz goza dezaten opa die.

Jon Aizpurua jaialdiko zuzendariak aurretiko izen-emateen gaia aipatu du eta aipatu du, 800 lagun baino gehiagok eman dutela izena tailerretan eta ibilbideetan, eta batez ere Urumea ibaian ATARI elkarteak eta Badian Ambar elkarteak antolatutako bidaia azpimarratu ditu, izen-emateak martxan jarri eta egun gutxitan bete baitziren bi ibilaldiak.

Artearekin lotutako jarduerak kaian


Oier Gil Bitamine faktoriako kideak azaldu ditu jarduera hauek, beraiek antolatutako ekimenarekin hasita:
  • Transbita, arte garaikidearen gunea
  • Esku-hartze artistiko-aldarrikatzailea
  • “Human Web Art”, instalazio artistikoa

Musika emanaldiak kaian



Ane Arretxe Easo Musika Eskolako kideak igandean Kaian izango diren musika eta dantza emanaldiak aipatu ditu.
  • “Harp & Co and Dance”
  • Izarrak Plazara
  • Orfeoi txikien emanaldia
  • Akordeoi topaketa

Musika gune bereziak larunbatean



Gure Bazterrak elkarteko Sara Zozayak erabiliko diren gune berezien berri eman zuen, bere elkarteak antolatutako kontzertuarekin hasita.
  • Gure Bazterrak - Eustasio Amilibia plaza
  • Basoka

2017/05/16-an argitaratua