Giza Eskubideen 16. Zinemaldiko gazte epaimahaiarako inskripzioa, apirilaren 8ra arte

Unibertsitateko kredituak lortzeko eta FiSahara ezagutzeko aukera, errefuxiatu saharar kanpamentuetan

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Gazte Epaimahaia 18 eta 30 urte arteko 150 gaztek osatuko dute eta apirilaren 20 eta 27 itartean egingo den Giza Eskubideen Zinemaldiaren 16. edizioan baitan Nazioarteko Lehiaketan film labur onenari saria emateko ardura izango dute.

Gazte Epaimahaian kidea izateko www.zinemaetagizaeskubideak.eus web gunean izena eman behar da. Epea apirilaren 8a arte irekita dago. Izena eman duten guztien artean hurrengo egunean (apirilaren 9an) zozketa egingo da, eta zinemaldiko web gunean ezagutzera emango dira irabazleen izenak.


Aurreko urtetan bezala, Gazte Epaimahaian parte hartzeak unibertsitateko ECTS kredituak jasotzeko aukera ematen du. Era honetan, Gazte Epaimahaian parte hartuko duten Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako Campuseko, Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko gradukoek eta Deustuko Unibertsitateko ikasleek ECTS kredituak izango dituzte.

Horrezaz gain, epaimahaikide lana egingo duten gazteen artean Saharako errefuxiatuen kanpamentuetan egiten den FiSahara zinemaldirako bi bidaia zozkatuko dira. Gainera, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko, Victoria Eugenia Antzokiko saioetarako bi abonamendu emango zaizkie.

Film labur onenak 3.000 euroko saria jasoko du eta epaimahaiak giza eskubideen inguruko sentsibilizazioa eta zinemagintzaren kalitatea kontuan izango ditu. Lehiaketan hainbat herritatik eta nazioarteko zinemaldietatik etorritako gai sozialei buruzko film laburrek parte hartuko dute.

Proiekzioez gain, beste hainbat jarduera ere izango dira: solasaldiak eta erakusketak, besteak beste.

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia Donostiako Udalak antolatzen du, Giza Eskubideen Bulegoa eta Donostia Kulturaren bitartez, bizikidetza aniztasunean, justizia sozialean elkartasunean, askatasunean eta aukera-berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzen laguntzeko helburuarekin.

Izen-ematea

Parte-hartzea: oinarriak

2018/02/07-an argitaratua