Oporretan Euskaraz udalekuetan izena emateko epea maiatzaren 8an zabalduko da

Udaleku irekietan parte hartzeko maiatzaren 8tik 12ra arte izena eman ahal izango da, Internet bidez edo inprimakia 9:00-15:30 ordutegian Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoan, Konstituzio plazaren 2an.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
2017ko udaleku irekietan 2006tik 2012ra bitartean (bi urte hauek barne) jaiotako haur donostiarrek har dezakete parte. Taldeak, gehienez ere, hamabi haurrez osatutakoak izaten dira eta hizkuntza ereduaren, jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratzen dira. Izena eman duten haur guztien zerrenda maiatzaren 15an ikusgai egongo da www.donostiaeuskaraz.eus eta www.donostia.eus helbideetan. Egun horretan, zerrendan ager daitezkeen datu okerrak zuzentzeko aukera egongo da.

Plazak zozketa publiko bidez eskainiko dira 76 talde osatu bitartean. Zozketa maiatzaren 17an egingo da eta emaitzak egun berean, arratsaldez, jarriko dira jendaurrean www.donostiaeuskaraz.eus eta www.donostia.eus web guneetan.

Udaleku hauek uztailean zehar egiten dira astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era. Astean behin egun osoko irteera izaten dute haurrek, 09:30etik 17:00etara, haur hezkuntzakoek izan ezik. Mota guztietako jarduerak egiten dituzte: hondartzara joaten dira, hiriko parke eta lorategietan jolasak egiten dituzte, euria egiten duenean eskola edo haur txokoetako gelak erabiltzen dituzte jolas, tailer eta txapelketak egiteko, ingurugiroa lantzen dute... Udan Donostian bideratzen diren beste hainbat ekimenetan parte hartzen dute: Jazzaldia, Pilota Eskola, San Telmo Museoa, ...

Aurten guraso bakarreko familiek ere kuota murriztua izango dute



Hilabete osoko kuota arrunta 157,69 eurokoa da, eta aurten lehen aldiz, guraso bakarreko familiek kuotaren % 75a ordainduko dute, 118,26 euro; guraso bakar batek (familia Liburuan guraso bakar bat agertzen denean edo gurasoa alarguna denean soilik) eta seme-alaba batek edo gehiagok osatutako familia unitatea, baldin eta bere 2015eko diru-sarrerak 22.701 € baino gutxiago direnean (lanbide arteko gutxieneko soldata 2,5 aldiz baino txikiagoa).

Orain arte egin diren gainerako murrizpenak ere bere horretan jarraitzen dute; familia ugariek % 75a ordainduko dute, 118,26 €, familia ugari bereziek kuotaren %50a, 78,84 €; eta gizarte-laguntza jasotzen duten familiek kuotaren % 10a, 15,76 €. Prezio honetan garraioa eta materiala barne daude.

Udaleko Euskara Zerbitzuak 25 urtetik gora daramatza udaleku hauek antolatzen eta Euskararen normalizazioan eragiteko tresna baliagarria da oso, udaleku horiek euskara lantzeko eta erabiltzeko helburua ondo betetzen dutelako, Donostiak eskaintzen dituen jolas eta aisiarako aukerak baliatuz.

Informaziorako telefonoa: 010

2017/05/05-an argitaratua