Ingurumen zarataren indizeak hobetu egin dira azken bost urtean Donostian

Hiriko mapa estrategikoak eguneratu egin dira

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Ingurumeneko Zinegotzitzak hiriko zarataren mapa estrategikoa eguneratu du, Europako eta Espainiako araudiak ezarritakoarekin bat. Izan ere, horien arabera, bost urtez behin eguneratu behar dira datuok.

Donostian, 2012. urtean egin zen ingurumen zaratari buruzko azken ebaluazioa (azpiegituretakoa). Ane Oyarbide zinegotziak azaldu duenez, “mapak egiteko, ingurumen zarataren foku hauek hartu dira kontuan: kaleetako eta errepideetako trafikoa, trenbideko trafikoa eta industria jarduera”.

“Gure hirian dugun zaratari buruzko datuak eguneratzeko –jarraitu du esanez Ingurumeneko zinegotziak–, 2012ko ebaluazioetan erabili zen metodologia berbera erabili da. Hala ere, zenbait kasutan, esate baterako ibilgailuen igorpenak neurtzeko, datuak lortzeko modua hobetu dugu, eta in situ egin ditugu neurketak, hiriko hainbat kaletan".

Zaratak zenbat biztanleri erasaten dien neurtzeko, bi adierazle hauek erabili ditugu:
  • B8 adierazlea: Europako Ingurumen Agentziak proposatutako adierazlea da, eta fatxadetan lau metroko garaieran (lehenengo solairuaren parean) izaten den zarataren mapak egiteko balio du. Garaiera hori jarri da Europako zati handi batean ugariak direlako familia bakarreko etxebizitzak, solairu batekoak;
  • ILGR adierazlea: zarata kudeatzeko tokiko adierazlea da, eta erasandako biztanleen datuak lortzeko modua gertuago dago Donostiako errealitatetik; izan ere, ILGR adierazleak kontuan hartzen du biztanleak nola banatzen diren eraikineko solairu guztietan, eta ez soilik 4 metroko garaieran”.

Ane Oyarbidek adierazi duenez, oraingo zarataren mapak 2012ko emaitzekin alderatzen baditugu, egindako eguneraketaren balorazioa oso positiboa da; izan ere, oro har, jaitsi egin dira maila guztiak. B8 adierazlea hartzen badugu, erasandako biztanleria % 32tik % 12ra jaitsi da; ILGR adierazlea hartzen badugu, berriz, erasandako biztanleria % 28 zen 2012an, eta gaur egun, % 8. Eguneko garairik txarrena gaua izaten da; zarata erreferentzia mailetatik gora jasaten duten biztanleak gehiago izaten dira garai horretan; hala ere, trenbideko trafikoaren kasuan, indizerik altuenak arratsaldez izaten dira.



Hobetzeko arrazoiak



Arrazoi hauen ondorioz hobetu da egoera azken bost urteotan: Carlos I.aren hiribidean egindako jarduerak hirian ekarri dituen aldaketak, horren ondorioz trafikoa gutxitu baita zarata arazo handiak zeuzkan alde horretan; Urumeako saihesbidea ireki izana; hiriko sarrera-irteeretako trafikoa berrantolatu izana; eta Ingurumen Sailak zarataren ebaluazioan sustatu duen etengabeko hobekuntza.

Hala ere, Ingurumeneko zinegotziak adierazi duenez, “nahiz eta Donostia ez egon ingurumen kutsadura akustiko handiena duten Espainiako hirien artean, oraindik bada zer eginik, eta, beraz, ahalegin guztiak dira ongi etorriak”.

Alde horretatik, Ingurumeneko zuzendari Josu Benaitok adierazi duenez, "Donostian, batez beste motoz 10 kilometro baino gutxiago egiten direla kontuan hartuta, zarata mailak gutxitzeko oso onuragarria litzateke moto elektrikoak erabiltzea. Gainera, merkatuan oso modu onean aurki daitezke halakoak”.

Zarataren mapak eguneratzeko oinarri izango diren neurriak ekintza plan batean jasoko dira, eta espero da hilabete baino lehenago amaitzea plan hori.

2018/03/09-an argitaratua