Udala Plusbalioen gaineko zerga itzultzen hasiko da; 162 donostiarrei dirua bueltatuko die

Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak esan du Konstituzio Auzitegiaren epaiaren ondorioz egiteke dauden 930 transmisioen %91,7 eta %97,3ren artean likidatuko direla.

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak 162 donostiarrei itzuliko die Plusbalioen gaineko zerga. Hori aditzera eman du Ogasun eta Finantzetako zinegotzi Jaime Dominguez-Macayak hiri-lurren balio-gehikuntzaren gaineko zergari buruz - plusbalioen gaineko zerga - departamentuak hartu dituen erabakien berri emateko egin duen agerraldian.

Dominguez-Macayak segidakoa azaldu du: "Konstituzio Auzitegiak otsailean bertan behera utzi zuen zerga likidatzeko modua eta, orduz geroztik, Udalak 650 helegite jaso ditu epaiaren aurretik egindako likidazioak direla-eta. Eta, unitate berezi batek aztertu ditu zergari buruz egin diren erreklamazio guztiak. Gainera, epaiaren ondoren sortutako transmisio berrien tramitazioa gelditu zen, Gipuzkoako Batzar Nagusiek, hain zuzen ere, gaian eskumena duen erakundeak, epaia jasotzen zuen arau berria onartu arte. Egun 930 transmisio daude egiteke".

Behin 2/2017 Foru-Arau Dekretua onartuta, eta kontuan hartuta foru-dekretuak ezartzen duela Konstituzio Auzitegiaren epaiaren aurretik egindako likidazio sendoak eta onartuak ezin direla itzuli, Donostiako Udala hasi da helegiteak erantzuten eta epaiak ezarritakoa betetzen dutenei dirua itzultzen hasiko da.

Horrenbestez, 650 helegite horietatik, hau da, egindako 1.166 likidazioetatik, Udalak 162 likidazioei dirua itzuliko die, beste 40 likidaziotan ez dago nahiko daturik erabaki bat hartzeko, eta gainerako 964ri ez zaie dirua itzuliko. Beraz, baldin eta likidazio bakoitza 1.000 eurokoa bada, Ogasun eta Finantzetako zinegotziak adierazi du, Udalak 162.000 eta 202.000 euro itzuli beharko dituela.

Epaiaren ondoren sortutako 930 transmisio berriei buruz, egun Udalak 300 aztertu ditu. Horietatik, 8k minus-balioa dute, 25etan ez dago nahiko daturik erabaki bat hartzeko, eta gainerakoetan plusbalioa dago eta, beraz, likidatuko dira. Datu horiek guztiak kontuan hartuta, Udalak 400.000 eta 1.200.000 euro arteko finantziazioa galduko du plusbalioak likidatzeko irizpide berriak direla-eta.

Horren harian, Jaime Dominguez-Macayak honakoa azpimarratu du: "Udalarentzat zaila da plusbalioak kalkulatzeko irizpide berriak aplikatzea, izan ere, kontuan hartu beharreko lehen transakzioaren eskrituren datuen zati bat du". Era berean, azaldu du, plusbalioa egon den jakiteko irizpidea zein den: "Bi eskrituren eroste-prezioa konparatzen dugu , kontuan hartuta bi kasutan prezio garbia dela - hau da, zerga gabe - eta erosketaren eskrituraren prezioa ez dela eguneratzen. Gainera, oinordetzen eta dohaintzen kasuetan, bereziki, eskrituraren prezioaren eta higiezinaren katastro-balioaren arteko koherentzia aztertzen ditugu".

2017/07/26-an argitaratua