Donostia.eus - [Berria] Udalak baimena eskatu dio Espainako gobernuari Ondarretako Harriak kentzeko

Logo Ayuntamiento

Udalak baimena eskatu dio Espainako gobernuari Ondarretako Harriak kentzeko

Ingurumeneko zinegotzi Alfonso Gurpeguik adierazi du Aranzadi Zientzia Elkarteak egin duen azterketaren arabera harriak eskuz kentzen hasita, Kostetako Zuzendaritzak ezartzen duen moduan, lan horiek amaitzeko 80 edo ehun urte beharko liratekeela.

Proposamenaren arabera lehenengo jarduketa apirilaren azken astean egingo litzateke (edo hori egin ezean maiatzaren azkenekoan) itsasgora biziak aprobetxatuz, eta hurrengo kanpaina bat uztailean, gaueko ordutegian, eta bi kasu horietan makineria erabiliz.

Ingurumeneko zinegotziak eman ditu ezagutzera Ondarreta hondartzako harriak bitarteko mekanikoekin kentzeari buruz Aranzadi Zientzia Elkarteak egin duen azterketaren datuak, azterketa horrek 2017ko martxoaren 8ko data du eta martxoaren 10ean Kostetako Zuzendaritzarekin egindako bilera batean lan hori makina bidez egiteko Espainiako Gobernuari eskatu zaion baimenari ematen dio abala.

Zinegotziak azaldu duenaren arabera, Aranzadiren txostenean jasota dago harriak kentzeko makina egoki batekin eta langile bakar batekin, harri ugari bildu ahal izango litzatekeela (200 m3 inguru egunean) eta zuzenean kamioira edo hondartzatik kanpo jarritako edukiontzi batera botako liratekeela. “2 eta 100 cm-ko diametro arteko harriak kenduko lirateke 40 cm-ko sakonera arte, horrela, aurreratu egingo litzateke horiek azaleratzea eta hondar gainean erruz azaldu baino lehen kendu ahal izango lirateke harriak. Gauez egingo litzateke, itsasoaren dinamikak eta azaleran dauden harriak biltzeko aukeraren arabera” esan du Alfonso Gurpeguik.

Egin diren azterketetan ikusi da gutxi gorabehera 18.600 metro kubiko harri egongo direla; horietatik, 14.600 metro kubiko inguru hondakin moduan sailkatzekoak izango lirateke eta kendu egin beharko lirateke arazoa behin betiko konpontzeko, “horiek eskuz kentzea, ordea, ezinezkoa izango litzateke.”

Ingurumeneko zinegotzi sozialistak esan du Espainiako Gobernuari planteatu zaiona Ondarreta hondartzako harriak kentzeko bi kanpaina egitea izan dela: bat, apirilaren azkeneko astean egingo litzateke (edo hori egin ezean, maiatzaren azkenekoan) eta lan horretan gutxi gorabehera 1.200 metro kubiko hondar aterako lirateke, eta bigarren kanpaina bat uztailean, gaueko ordutegian, eta lan horretan, 3.500 metro kubiko inguru ateratzea aurreikusten da.

Bestalde, Aranzadi Zientzia Elkarteak ez du beharrezko ikusten hondarra ekarri behar izatea kentzen diren harri horiek utziko duten zuloa betetzeko, izan ere, natura bera, bere dinamikarekin —txostenean jasotakoaren arabera— ingurua berdintzen ari da, esku hartzea gauzatu den lekuan hondarra zabalduz.

Kostetako Zuzendaritzari aurkeztutako eskaera osatzen duten azterketa horietan, Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako azterketaz gain, gehitu dira joan den udan jasotako laginetan oinarritutako lehen azterketa petrologiko bat, abenduan egindako laginketen bigarren azterketa bat, bi kasu horietan lana Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Mineralogia eta Petrologia Departamentuko Arantza Aramburu Doktoreak idatzi du, eta hirugarren azterketa geologiko/geotekniko bat, Lurtek Aholkulari Geoteknikoak enpresak egina.

2017/03/17-an argitaratua