Ondasun Higiezinen gaineko zerga (OHZ) 2023

ONDASUN HIGIEZINEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEKO ORDENANTZA FISKALA



1. art.- Foru araudia.

12/1989ko uztailaren 5eko Foru Arauan ezarritako xedapenekin bat, landa- eta hiri-ondasun higiezinen gaineko zerga arautu eta galdatu egiten da.


2. art.- Izaera

Higiezinen gaineko zerga ondasunen gainean zuzenki ezartzen den zerga da eta horien balioa zergapetzen du.


3. art.- Egitate zergagarria

1.-.Ondasun higiezin hiritar eta landatarren gainean ondoko eskubideen titular izateak eratzen du zergaren egitate ezargarria:

a) Administrazio emakida baten titular izateak ondasun higiezinen gainean edo haiei atxikita dauden zerbitzu publikoen gainean.

b) Azalera eskubide erreal baten titular izateak.

c) Gozamen eskubide erreal baten titular izateak.

d) Jabetza eskubidearen titular izateak.

2.- Aurreko atalean adierazitako egitate ezargarrietako bat bertan ezarritako hurrenkeran gauzatzeak berarekin ekarriko du ondasun higiezina atal horretan jasotzen diren beste modalitateei lotuta ez gelditzea.

3.- Ondasun higiezin bat udalerri bat baino gehiagotan kokatuta badago, zerga honen ondorioetarako ulertuko da horietako bakoitzekoa izango dela dagokion udalerrian hartzen duen azaleraren arabera.


4. art.- Lotespenik gabe.

Zerga hau ez zaie erantsiko jabari publikokoak eta nornahik doan baliatzeko moduko errepideei, bideei, kaleei, lur gaineko beste bideei eta gune libreei.


5. art.- Sortzapena

1. Zerga hau zergaldiaren lehen egunean sortzen da.

2. Zergaldia eta berezko urtea bat datoz.

6. art.- Hiri izaerako ondasun higiezinak.

1.- Hiri lurzorua. Honakoa joko da hiri lurzorutzat:

a) Hirigintza planeamenduak urbanotzat, urbanizatutzat edo horren baliokidetzat jo edo definitutakoa.

b) Urbanizagarritzat jotzen diren lurrak zein, lurralde eta hirigintza antolamenduko tresnen arabera, urbanizatuak izatekoak diren edo, gutxienez, urbanizatuak izan daitezkeenak, baldin eta sektore edo esparru mugatuetan sartuta badaude; bai eta mota horretako gainontzeko lur guztiak ere, beren garapenerako xedapenak ezartzen dituen hirigintza tresna onartzen denez geroztik.

c) Nekazaritzari buruzko legeetan xedatutakoaren aurka zatikatzen diren lurrak, beti ere zatikatze horrek lurren nekazaritza-erabilera indargabetzen badu; horrek ez du inola aldatzen haien landa-izaera zerga honenak ez diren eraginetarako.

2.- Hiri-eraikuntzak, hurrengo hauek hartuko direlarik horrelakotzat:

a) Eraikinak, eraikitzeko erabili diren osagaiak, kokatuta dauden lekuak, jasoak diren lurzoruaren mota eta izango duten erabilera edozein delarik ere, eraikieragatik garraia badaitezke ere eta kokatuta dauden lurra eraikuntzaren jabearena ez bada ere eta, beraien parekagarri diren merkatari- eta industria- instalazioak, hala nola, dikeak, biltontziak eta kargatokiak.

b) Urbanizatzeko eta hobetzeko obrak, hala nola lur-berdinketak eta gune estali gabeak erabiltzeko egiten direnak, azokarako esparruak, haize ageriko gordailuak, kirol-zelaiak eta kiroldegiak, kaiak, aparkalekuak, eraikuntzei erantsitako guneak, presak, ur jauziak eta urtegiak, horien azpiak ere barne.

c) Hurrengo artikuluan landa-lurtzat ez diren gainerako eraikinak.


7. art.- Landa-lur izaerako ondasun higiezinak.

Zerga honi dagokionez, honakook hartuko dira landa-ondasun higiezintzat:

1.- Aurreko artikuluko 1. atalean xedatutakoaren arabera hirikotzat hartzen ez diren lurrak.

2.- Landa-eraikinak, horrelakotzat landa-lurretan egon eta nekazal, abel edo baso ustiapenak garatzeko behar beharrezkoak diren nekazal eraikin eta instalazioak hartuta.

Zerga honi dagokionez, nekazal, abel edo baso ustiapenetan erabiltzen diren estalpe edo txabolak ez dira eraikuntzatzat hartuko, horiek eraikitzean erabiltzen diren materialak arinak eta iraungaitzak badira, lurra areago ustiatu, laboreak babestu, abelburuak haize agerian aldi baterako gorde edo jardueraren menpeko lanabes eta tresna bereziak gordetzeko bakarrik balio dutenean; zerga honi dagokionez, landa-lurrei erantsitako obrak eta hobekuntzak ez dira eraikuntzatzat hartuko, lur horien balioaren zati banaezin izango baitira.




8. art.- Eskatu beharrik gabe salbuetsiko direnak.

Hauexek dira salbuetsita dauden ondasunak:

1.- Zuzenean erasandako Administrazio publikoen jabetzak.
Gipuzkoako Foru Aldundiarenak, Euskal Autonomi Elkartearenak, Estatuarenak eta entitate lokalenak, herritarren segurtasunerako, irakaskuntzarako eta espetxetarako atxikita baldin badaude, edota baita defentsarako atxikita badaude ere, Estatuaren ondasunak.


2.- Udalarenak diren herri-lurrak eta esku amankomunean diren mendiak.

3.- Udalarenak, Udalaren erakunde beregainenak nahiz osorik Udalarenak diren elkarteenak direnak, erabilera edo zerbitzu publikorako izendatuta eta udal barruti honen baitan badaude; baldin eta, administrazio emakidaren pean ez baldin badaude, salbu eta hartuta duena, titularra, irabazi asmorik gabeko elkarteren bat baldin bada. Elkarteen Erregistroan izena emanda dagoena eta Udalaren intereseko ekintzak egiten dituena harekin batera.

4.- Gurutze Gorria eta horrekin parekagarri izanik, erregelamenduz zehaztuko diren erakundeak.

5.- Oinarri ezargarria 600 eurotik gorakoa ez duten ondasunak


9. art.- Eskatuz gero salbuetsiko direnak.

Udal honek ematen dituen salbuespen iraunkorrek eskaria egin eta hurrengo zergaldian sortuko dituzte ondorioak.

Hona hemen eskatuz gero salbuetsirik izango diren ondasunak:

1.- Hazkunde geldiko espeziez landatutako baso-sailak, titularitate publiko nahiz pribatukoak. Salbuespen horren barruan aprobetxamendu gisa zura duten hazkunde geldiko baso-espezieak daude, eta baita horrelakoak dituzten baso-aldeak ere, baldin eta zuhaitz dentsitatea espezie horrek ohi duena bada.

2.- Eliza Katolikoarenak, Estatuak eta Sede Santuak 1979ko urtarrilaren 3an gai ekonomikoei buruz izenpeturiko Hitzarmenean aurreikusitakoaren arabera:

a) Elizkizunetarako erabiltzen diren tenplu eta kaperak, beren dependentziak edo eraikinak eta elizaren zereginetarako erabiltzen diren lokal erantsiak.

b) Apezpiku, kalonje eta apaiz arimazainen egoitzak.

c) Kuria diozesiarraren eta parrokiaren bulegoetarako lokalak.

d) Apaizteria prestatzeko seminarioak eta elizaren unibertsitateak, elizako ikasgaiak irakasten badituzte.

e) Nagusiki orden, erlijio-kongregazio eta bizitza sakratuko institutuen etxe edo komentuak izateko erabiltzen diren eraikinak.



3.- Beste elkarte konfesionalak lankidetza-hitzarmenen arabera.

Katolikoak ez diren baina legez aintzatetsita dauden Konfesio Elkarteenak, Konstituzioaren 16. artikuluak aipatzen dituen lankidetza-hitzarmenak ezarriz gero, hitzarmen bakoitzaren edukiaren arabera.

3.1.- Espainiako Erakunde Ebanjelikoen Espainiar Federakuntzaren barruan dauden elizen jabetza-ogasun hauek:

a) Eliz ospakizunetarako lekuak eta elizkizunetarako eta apaizen etxebizitzetarako erabiltzen diren areto edo eraikinak eta erantsitako lokalak.
b) FEREDE-n sartutako Elizen bulegoetarako erabiltzen diren lokalak.

c) Eliz ministroen heziketarako apaiztegiak, elizari dagozkion ikasketak bakarrik ematen direnean. L 24/1992

3.2.- Espainiako Israeldar Elkarte-Federakuntzen jabetza diren ogasun hauek:

a) Eliz ospakizunetarako lekuak eta elizkizunetarako erabiltzen diren areto edo eraikinak eta erantsitako lokalak.

b) Israeldar Komunitateen Federazioan sartutako Komunitateen bulegoetarako erabiltzen diren lokalak.

c) Eliz ministroen heziketarako zentroak, errabinotarren ikasketak bakarrik ematen direnean. L 25/1992

3.3.- Espainiako Batzorde Islamikoaren, eta beraien elkarte-kide direnean ogasun hauek:

a) Mezkitak edo eliz ospakizunetarako lekuak eta elizkizunetarako, islamiarrak bertaratzeko, Imanen eta erlijio islamiarraren zuzendarientzat erabiltzen diren areto edo eraikinak eta erantsitako lokalak.

b) Espainiako Islamiar Batzordean sartutako Komunitateen bulegoetarako erabiltzen diren lokalak.

c) Imanen eta erlijio islamiarraren zuzendarien heziketarako bakarrik erabiltzen diren zentroak. L 26/1992-10-11

4.- Indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen indarrez salbuespen hau aplikagarri duten ondasun higiezinak, eta elkarrekikotasun baldintza egonez gero, baita atzerriko gobernuenak ere, beren ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrek nahiz beren organismo ofizialek erabiltzekoak direnean.

5.- Trenbideak dituzten lurrak eta lur horietako eraikinak, geltoki, biltegi edo linea horiek ustiatzeko utziezinezko den beste edozein zerbitzutarako direnean.

Beraz, ez dira salbuetsiko ostalaritzako establezimenduak, ikuskizunetakoak, merkatari guneak eta aisialdikoak, enplegatuentzako etxebizitzak, Zuzendaritzako bulegoak eta lantegiak.

6.- Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 9.1 artikuluko a) letraren arabera, monumento diren ondasun higiezinak. Salbuespen hau Euskal Kultur Ondarearen Erregistroan inskribatuta dauden babes bereziko zein babes ertaineko ondasunei aplikatuko zaie.

Era berean, salbuetsita egongo dira Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 9.1. artikuluko b) letraren arabera, monumentu multzo baten parte diren ondasun higiezinak. Salbuespen hau Euskal Kultur Ondarearen Erregistroan inskribatuta dauden babes bereziko zein babes ertaineko ondasunei baino ez zaie aplikatuko.

Orobat, salbuetsita egongo dira Euskal Kultur Ondareari buruzko maiatzaren 9ko 6/2019 Legearen 9.2 c) artikuluan aipatzen den eremu arkeologiko batean aurkitzen diren ondasun higiezinak, baldin eta babes bereziko eta ertaineko kultur ondasun izendatu badira eta, gainera, esku-hartze arkeologikoren bat izan eta gero, Eusko Jaurlaritzako sail eskudunak erabakitzen badu aurkitutako aztarnak bertan geratu behar direla eta ezin direla ez suntsitu ez beste leku batera eraman.

7.- Unibertsitate Publikoak bere helburuak betetzeko atxikita dauzkan ondasunak, eta hezkuntza itunetara bildutako ikastetxe pribatuenak, erabat edo zati batean itunpeko ikastetxeak diren bitartean.

8.- Onura publikoko jota dauden fundazioen eta elkarteen titularitatepeko ondasunak, bai eta federazioak eta haietako elkarteak ere, baldin eta interes orokoreko helburuak lortu hahi badituzte eta erregistroan izena emanda badaude, 2004ko apirilaren 7ko 3/2004 Foru Arauak jarritako baldintzak betetzen badituzte, entitate horientzat jarritako zerga araubiderari helduko diotela jakinarazi badute eta zerga araubide horri dagozkion betebeharrak eta baldintzak betetzen badituzte, eta, betiere, zerga horren araudian aurreikusitako baldintzetan.

Sozietateen gaineko zergatik salbuetsi gabeko ustiapen ekonomikoei atxikitako ondasunentzat ez da salbuespenik izango.


10. art. Aldi baterako salbuespenak

Hona hemen salbuetsita izango diren ondasunak:

1.- Ordenantza honetako 8. artikuluan ez dauden basoak; Korporazio, Erakunde eta partikularrek baso birlandaketak egiten dituzten finken zati birlandatuari dagokionez, eta baso-Administrazioak onetsitako antolamendu-egitarau edo plano teknikoen menpeko zuhaiztiek birsortzen dituzten zatiak ere.

2.- Salbuespen honek 15 urtez iraungo du, eskabidea egin eta hurrengo zergalditik aurrera.


11. art.- Hobariak izapidetzea.

1.- Hobariak subjektu pasiboak eskatu beharko ditu.

2.- Udal honek ematen dituen hobariek eskabidea egin eta hurrengo zergaldian izango dituzte ondorioak.

3.- Zergaldi bakoitzean ezingo da hobari bat baino gehiago izan inoiz ere.

4.- Hobari hauek eskatzeko orduan, beste onura fiskalik den ere aitortu behar da, biak batera jasotzeko modukoak diren erabaki ahal izateko.


12. art. Hobariak

Hobaria izango dute:

1.- Urbanizazio enpresek.

Kuotaren %50, interesatuek lanak hasten direneko zergaldian eskatzen badute, ondasun higiezinak hirigintzako urbanizazio, eraikuntza eta sustapen enpresen jardueraren xede badira, direla obra berria edo horri parekatzeko moduko birgaitzea, eta ibilgetura bildutako ondasunak ez badira.

Aplikazio epea lanei ekin ondorengo zerga ekitaldian hasi eta haiek amaitu ondorengo ekitaldian bukatuko dira, beti ere denbora tarte horretan urbanizazio edo eraikuntza lanen bat gauzatzen bada; eta inoiz ezingo du gainditu hiru zergaldi.

2.- Babes Publikoko etxebizitzek:

%50ekoa, eraiki berriak diren babes publikoko etxebizitzek zein horiei proiektuan eta erregistro eskrituran esleituriko garaje eta trastelekuek, hiru urtez, behin betiko kalifikazioa ematen zaienetik.

3.- Familia ugariek.

Ondoko ehunekoei eta mugei dagokionez, familia ugarien ohiko etxebizitza izatera zuzendutako hiriko ondasun higiezinak, haietako subjektu pasiboek, dagokien tituluaren bidez, familia ugariko titular direla egiaztatzen dutenean.

Hobaria familia ugariaren titular izateko baldintzak mantentzen dituzten zergaldietan aplikatuko da, ondoko zenbatekoen eta mugen arabera:

Kategoria orokorra:

a) Hiru seme-alaba edo baliokidea, kuotaren %50, muga 330 euro dela.

b) Lau seme-alaba edo baliokidea, kuotaren %60, muga 330 euro dela.

Kategoria berezia:

a) Bost seme-alaba edo baliokidea, kuotaren %78, muga 460 euro dela.

b) Sei seme-alaba edo baliokidea, kuotaren %88, muga 460 euro dela.

c) Zazpi seme-alaba edo gehiago zein baliokidea, kuotaren %90, muga 570 euro dela.

Kategoria berezian lau seme-alabako familiatzat sailkatzea egiaztatzen duten familia unitateak 5 seme-alabakoekin parekatuko dira.

Lan egiteko ezgaitasunen bat duen seme edo alaba bakoitza bi lagun gisa zenbatuko da, kopurua zehazteko orduan. Familia Ugariak Babesteko 40/2003 Legearen arabera (2003ko azaroaren 18koa), ezgaitzat joko da %33 edo gehiagoko minusbaliotasun maila onartuta duena; eta lan egiteko ezgaitzat joko da ezgaitasun iraunkor osoaren edo baliaezintasun handiaren pareko mailan lan egiteko gaitasuna murriztuta duena.

Atal honetan finkatutako hobariak ez dira aplikatuko, baldin eta familia ugariaren titularrek beste etxebizitza baten edo batzuen jabeak badira, haien titulartasunaren %49tik gora edukita. Muga hori aplikatzeko, aintzat hartuko da familia ugarien titularrek jabe diren etxebizitzetan dituzten titulartasun ehunekoei dagozkien balio katastralen batura. Balio hori ezingo da izan hobaria eman nahi zaion etxebizitzaren balio katastralaren %49 baino handiagoa.

4.- Nekazaritzako kooperatibek:
Kuotaren %95 hobaria izango dute nekazaritza kooperatiben eta ustiaketa komunitarioen ondasun hiezienek, landa izaerokoek

5.- Etxebizitza Hutsen Programetara bildutako alokairuko etxebizitzek.
Zergaren kuota osoaren %50eko hobaria, “Etxebizitza Hutsen Programa”ren barruan edo antzeko beste udal zein foru programen barruan lagatzen diren ondasun higiezinentzat, 2002ko abenduaren 30ean Eusko Jaurlaritzak emandako 316/2002 Dekretuak araututakoaren arabera.

6.- Zergaren kuota osoaren %35eko hobaria, eguzkitik edo beste energia iturri berriztagarriren batetik datorren energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten etxebizitzetarako, katastroan haien balioa 250.000 euro baino gutxiago izanez gero. Hobaritan jasotako kantitateak ez dauka inbertitutako zenbatekoaren %5 (BEZ eta guzti) gainditzerik.

Zerga hobari bategarria izango da administrazio honek edo beste administrazio edo erakunde batzuek ematen dituzten diru laguntzekin, baldin eta inbertsiorako diru laguntzek eta hobariek aipatutako inbertsio osoaren zenbatekoa hori gainditzen ez badute.

Hura aplikatzeko epea laguntza eskatu eta hurrengo zergaldia izango da, eta inoiz ezingo da bost zergaldi baino gehiago luzatu.

Hobari hori aplikatuko bada, derrigorra izango da beroa sortzeko instalazioek administrazio eskudunak homologatutako kolektoreak edo berogailu eta etxeko ur bero (EUB) sistema batzuk edukitzea.


13 art. Subjektu pasiboak: zergadunak

1.- Zerga honen subjektu pasiboak ondorengo zergadunak dira: pertsona fisiko zein juridikoak, banatu gabeko jaraunspenak, ondasun-komunitateak eta gainerako erakundeak, nortasun juridikorik ez izan arren, zergagarri den batasun ekonomiko bat nahiz ondare banandu bat osatzen badute, eta baita testamentu ahalordea erabili gabe duten herentziak ere, zerga gaia osatzen duen eskubediaren titularitatea badute, betiere honelakoxeak direnean:

a) Zergapean diren ondasun higiezinen edo haiei atxikitako zerbitzu publikoen gaineko administrazio-emakidaren baten titularrak.

b) Zergapean diren ondasun higiezinen gaineko gozamenaren ondasun-eskubideren baten titularrak.

c) Zergapean diren ondasun higiezinen gaineko gainazaleren ondasun-eskubideren baten titularrak.

d) Zergapean diren ondasun higiezinen jabeak.

2.- Aurreko apartatuan xedatutakoa aplikatzeak ez du esan nahi subjektu pasiboak ezin duenik hark hartutako zergaren karga beste batzuei erantsi, betiere zuzenbide erkidearen arauak aintzakotzat hartuta.




14.art.- Subjektu pasiboak: ordezkoak

1. Ondasun higiezin batek esleipendun bat baino gehiago badu, kanonik handiena ordaindu behar duena izango da zergadunaren ordezkoa.

Aurreko idatz-zatian xedatutakoa aplikatuta ere, subjektu pasiboak ahalmena izango du zergarena beste batzuei eransteko, zuzenbide erkidearen arauei jarraituz.

2. Zergadunaren ordezkoak badu aukera beste esleipendunen artean partitzeko zergaren kuota likidoa, bakoitzak ordaindu behar duen kanonaren arabera tokatzen den eran.


15. art.- Erabiltzaileei eranstea Toki Erakundeei dagozkien zerga-kuotak.

Udalak, eta berdin beste toki erakundeek ere, erabiltzaileari erantsiko diote zerga honen kuota likido guztia, hau da, subjektu pasibo ez izan arren haien ondasun demanialak edo ondarezkoak zerbaiten trukean erabiltzen dituztenei.


16. art.- Oinarri zergagarria

1.- Azalpena.- Ondasun higiezinen katastroko balioa izango da zerga honen oinarri zergagarria, balio horrek merkatuko balioa gaindituko ez duelarik.

2.- Katastroko balioa ondorengoa izango da:

a) Hiri-ondasun higiezinetan: lurzoruaren eta eraikuntzen balioak.

b) Landa-ondasun higiezinetan: lurraren eta eraikuntzen balioak.


17.-art.- Balioesteko irizpideak

Ondasun higiezinen balioa neurtzeko, 1989ko abenduaren 28ko Aginduan, urtarrilaren 6ko 6/1999 Foru Dekretuan, martxoaren 7ko 15/2000 Foru Dekretuan eta hauekin bat ez datozen ondorengoetan ezarritako arau teknikoak eta balioen oinarri-taula erabiliko da, higiezinen katastroetan gordetzen diren datuetatik abiatuta, merkatua erreferentziatzat hartuz eta honako balioespen-irizpideei jarraiki:

1.Hiri-ondasun higiezinetan:

a) lurzoruaren balioa kalkulatzeko, berari dagozkion hirigintza inguruabarrak izango dira kontuan;

b) eta eraikuntzen balioa kalkulatzeko, hirigintzako eta eraikuntzako baldintzak ez ezik, izaera historiko-artistikoa, erabilera edo xedea, kalitatea eta antzinatasuna, eta eragina izan dezakeen beste edozein faktore ere izango dira kontuan.

2. landa-ondasun higiezinetan:

2.1) lurren balioa honela kalkulatuko da:

a) beren benetako errentak edo potentzialak erregelamenduz ezarriko den interesean kapitalizatuz kalkulatuko dira, oinarri gisa lurraren ekoizmena, lugintza zein aprobetxamendu desberdinak eta katastroko ezaugarriak erabilirik; errenta horiek kalkulatzeko, nekazal ezaugarri homogeneodun alde edo eskualde bakoitzeko errentamendu zein partzuergoak ikertzetik lortuko diren datuei heldu ahal izango zaie.

b) ustiapenaren izaerak edo udalerriaren ezaugarriek benetako errentak ezagutzea zailtzen dutenean, ondasunen katastroko balioa, hobekuntza iraunkorrak eta landaketak barne, kalkulatzeko; teknika, nekazaritza eta ekonomiaren inguruko faktoreei eta horiei dagozkien inguruabarrak erabili ahal izango dira.

2.2) Horiek kalkulatzeko ondorengoak izango dira kontuan:

a) lurretan egindako hobekuntzak.

b) ekoizten hasi arte igarotako urteak.

c) kasu guztietan: aprobetxamendu handiagoa ekar dezaketen ekoizpen-bide arruntak ezartzea edo erabiltzea.

d) Baso-ekoizpenak dituzten lurretan: sail landatuaren adina, zuhaiztiaren egoera eta aprobetxamendu-zikloa.


2.3) Eta eraikinen balioa kalkulatzeko, hiri-eraikuntzei buruzko arau berak izango dira kontuan, eraikuntzen izaerak onartzen duen neurrian.


18. art. Zerga-tipoa

1.- Zerga-tipoak Udalak finkatzen ditu, eta Ordenantza honetako eranskinean daude jasota.

2.- Udalak badu eskubidea Foru Arauan jarritako tasak handitu eta zera ezartzeko:

a) Hiri ondasunentzat, bi tasa, zera handituz:

- Bata, izaera orokorrekoa, 1000ko 4ko mugaraino.

- Bestea, 1000ko 6ko muga duena, lurzoru industrial edo hirugarren sektorekoan kokatuta dauden ondasun higiezinei aplikatuko zaie dagozkien balorazio ponentzien arabera; erabilera nagusia industriala edo hirugarren sektorekoa ez duten eraikinetan kokatutakoak hortik kanpo geratzen dira.

b) Landa ondasunentzat, tasa bat, gehienez %1,1 arte handituta tasa.

3.- Udalak zerga-tipo desberdinak ezarri ahal izango ditu udalerriko katastroko balioak segidan eta ez aldi berean finkatu, berrikusi edo aldatzean, udalerrian katastroko balio berriak dituzten ondasunak izan zein izan ez.


19. art.- Kuota osoa eta likidoa.

1.- Kuota osoa, eranskinean araututako zerga tasa zerga oinarriari aplikatzearen emaitza izango da.

2.- Kuota likidoa kalkulatzeko, ordenantza honetan araututako eta eranskinean jasotako errekarguak eta hobariak aplikatuko zaizkio kuota osoari


20. art.- Ohiko bizilekua ez direlako errekargua duten bizileku erabilerako ondasun higiezinak.

1. Subjektu pasiboaren edo —alokatzearen edo erabilera lagatzearen bidez— hirugarrenen ohiko bizileku ez diren bizileku erabilerako ondasun higiezinak, zerga ordenantza honetako eranskinean jasotako errekarguari lotuta egongo dira.

2. Bizileku erabilerako ondasun higiezintzat joko dira, katastroan etxebizitza erabilerakotzat edo etxebizitza xedekotzat ageri diren lokalak. Etxebizitzari atxikitakoak sartuko dira, baldin erregistroko finka bakarra badira.

3. Errekarguaren subjektu pasibo izango dira zerga honen subjektu pasiboak.

4. Errekargua, errekargua aplikatzen zaion zerga sortzen den unean bertan sortuko da, eta kuotarekin batera galdatuko da.

5. Ohiko bizileku den ondasun higiezina errekargua duen ondasun higiezin bihurtzea honela egingo da:

Ondasun higiezinen subjektu pasiboei jakinaraziko zaie errekargua duen bizileku erabilerako etxebizitzen titularrak direla, ondo iruditzen zaizkien alegazioak egiteko aukera izan dezaten, ondasun higiezinaren egoera behin betiko zehaztu baino lehen.


Udalak, alegazioak aztertu eta errekargua aplikatzeari edo ez aplikatzeari buruzko ebazpena emango du. Erabaki hori subjektu pasiboari jakinarazi eta dagokion kitapena bidaliko zaio.

Aurreko paragrafoetan azaldutako prozedura ekitaldi hasieran egingo da, eta ez dio Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren urteko erroldari eragingo. Izan ere, errolda horri dagokion ordainarazpena ohiko aldian egingo da, eta dagokion errekargurik gabe.

Errekarguari lotutako bizileku erabilerako etxebizitzen erroldan sartuta geratuko da ondasun higiezina.

6. Ondasun higiezina errekargua duen bizileku erabilerako etxebizitzen erroldan sartutakoan, eta ohikoa ez den erabilerako egoeran den bitartean, batera igorriko dira zerga eta haren errekargua, banaka jakinarazi beharrik gabe. Kobrantza dokumentu banatan egingo da, kudeaketa eta subjektu pasiboei informazioa errazteko.


7. Udalak, zergetako bere datu baseetan eta biztanleen udal erroldan jasotako informazio propioa ustiatuz, ofizioz aldatuko du errekargua duen etxebizitza baten egoera. Udalak dena delako etxebizitza egoera horretatik bere ekimenez kendutakoan, haren titularrari ere jakinaraziko dio aldaketa hori.


21. art.- Ohiko bizilekutzat jotzea.

1. Bizileku erabilerako ondasun higiezin bat egiazko ohiko bizilekutzat joko da, baldin zerga sortzen den egunean udal honen biztanleen erroldan jasota badago ondasun higiezina pertsona batek edo gehiagok okupatuta dagoela.


2. Udal erroldan jaso gabeko egiazko ohiko bizilekua egiaztatzeko, udalerrian eskumena duten lurralde Administrazioetako edozeinetan egindako zerga aitorpenak erabili ahalko dira. Zerga aitorpen horietan, ohiko bizilekutzat deklaratuta agertu beharko da zerga honi lotutako bizilekua. Zerga aitorpenen arteko kontraesanik izanez gero, edo zerga aitorpenik egiteko betebeharrik ez bada, subjektu pasiboaren, errentariaren edo lagapen hartzailearen beste frogabide batzuk aurkezteko aukera izango da. Zerga aitorpenak eta bestelako frogabideak balioztatzeko, txosten idatzi arrazoitua egingo da, eta txosten horrek oinarrituko du eskumena duen udal organoak hartutako erabakia.

Egiazko ohiko etxebizitzatzat hartuko da, egiaztatzen bada ondasun higiezinean ematen dela 183 egun baino gehiago urtean.

3. Bizileku erabilerako ondasun higiezinen titulartasuna Administrazio publiko batena bada, aski izango da Administrazio horrek aurkeztutako deklarazioa, ondasun higiezinak egiaz bizilekutarako direla jotzeko. Udalak, hala ere, Administrazio titularrari errekeritu ahalko dio egiazta dezala ondasun higiezin horiek bizilekutarako direla.


22. art.- Ohiko bizileku ez diren etxebizitzak, subjektu pasiboa dela kausa errekargua aplikatzeari lotuta ez daudenak.

Ez zaie errekargu hau aplikatuko Udalaren, haren erakunde autonomoen, enpresa erakunde publikoen eta kapital osoa Udalarena duten merkataritza sozietateen jabetzako etxebizitzei.


23. art.- Ohiko bizileku ez diren etxebizitzak, xedea dela kausa errekargua aplikatzeari lotuta ez daudenak.

Egiazko ohiko bizileku ez diren bizileku erabilerako ondasun higiezinak salbuetsita egongo dira errekargu hau aplikatzetik, 20. artikuluan ezarritako baldintzetan, baldin inguruabar hauetakoren bat betetzen badute:

a) Zerga horretan zerga hobariren bat gozatzen dutenak.

b) Ostatatze, ostatu, hostal... jarduerei atxikitakoak

c) Bere helburuen artean ondasun higiezina errentan ematearena duen erakunde publiko baten esku jarritakoak.

d) Ikasleei errentan emandakoak.

e) Zahar etxeetan erroldatutako pertsonen titulartasunekoak diren etxebizitzak. Era berean, errekargutik salbuetsita izango dira ondorengo arrazoi hautako batengatik beste etxebizitza batera aldatu beharrean diren pertsonen titulartasuneko etxebizitzak: mendekotasun egoeran egoteagatik; edo hura eta haren ezkontidea, 2/2003 Legeak (2003ko maiatzaren 7ko legea, izatezko bikoteak arautzen dituena) jarritako moduan eratutako izatezko bikoteko kidea, edota odolkidetasunezko, ezkontzazko nahiz adopziozko ahaidea (hirugarren mailako ahaidetasuneraino) artatzeagatik.

f) Alokatzeko moduan jartzeko konponketa edo egoikitzapen handi batzuk egin beharra duten higiezinak, higiezinaren titularrak hartarako behar adina dirurik edo merkatuko baldintza normal batzuk betetzen dituen finantzabiderik lortzerik ez badu.

Inguruabar horiek baioztatzeko txostena Udaleko teknikariek egingo dute.

Salbuespen horrenik ez da izango higiezina hondatzen batez ere une honetan higiezina duenak bidegabe eduki duen garaian hasi bada.

g) Modu jarraituan lanbide nahiz merkataritza jardueretarako direnak. Salbueste hau aplikatzeko, nahitaezkoa izango da higiezinaren katastroko titularra izatea, edo, hala badagokio, jardueraren titularrari errentan emateko kontratu bat izatea, urtebetekoa edo luzeagoa. Kontratua idatziz jasota ez badago, kontratu hori badela egiaztatu beharko da, egoki irizten diren frogabideak erabiliz.

h) Udaldiko behin-behineko bizilekurako direnak. Salbuespena aplikatuko da titularra udalerriko biztanlea ez denenan eta egiaztatzen badu urtean, gutxienez, 90 egunean erabiltzen duela. Salbuespena etxebizitza bakar baten titularra izanez gero aplikatuko da ,eta aldi baterako egoitzatzat erabiltzea egiazta dezakete uraren edo bestelakoen kontsumoaren bidez.

i) Oinordetza bidez eskuratutako etxebizitzak, eskuratu direnetik bi urte igaro ez badira. Testamenturik ez dagoelako oinordetza adierazpen bat izapidetu behar denean, epea bost urteko izango da, eskuratze egunetik.

j) Sortzapen dataren aurretiko ekitaldian eskualdatutako etxebizitzak.

k) Pertsona fisikoen titulartasunekoak diren etxebizitzak, baldin eta pertsona fisiko horiek ohikoa bizilekua ez den etxebizitza baten edo gehiagoren titularrak badira eta oro har, higiezin horien katastro-balioa, 170.000€ baino txikiagoa bada.


24. art.- Errekargua aplikatzeko kudeaketa prozedura berezia.

Udalak, ofizioz, ohiko egoiliarrik inskribatuta ageri ez zaien bizileku erabilerako ondasun higiezinen titular izanik zerga honen subjektu pasibo direnen hasierako zerrenda egingo du.

.
25. art. Katastroko balioak finkatzea

1.- Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen Departamenduko Toki-Zergen Zerbitzuaren bitartez, hiri-izaeradun katastroko balioak finkatuko ditu Ordenantza honetako 16.1 artikuluan ezarritako balioespen-irizpideekin bat, ondorengo prozedurari jarraituz:

a) Foru Aldundiak balioen-txostenak prestatuko ditu, bertan jasoko direlarik balioespen-irizpideak, taulak, indarreko hirigintza planeamendua -hiri lurzorua behar bezala mugaturik eta katastroko balioak finkatzeko beharrezko diren gainerako elementuak.

Ondasun baten zati bat herri batean eta beste bat beste batean edo gehiagotan egonez gero, badago aukera eraikin bakoitzarentzat edota beren erabilera edo helburua dela eta talde homogeneoa osatzen duen sail batentzat txosten bat egin eta baloratzeko.

b) Foru Aldundiak entzunaldia emango dio Udalari hamabost egunen buruan balioen mugaketari eta txostenari buruzko iritzia eman dezan. Txostena aztertuta, Foru Aldundiak egoki iritzi bezala erabakiko du eta balio txostena onartuko.

c) Balioespen txostenak Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu behar ditu. Ondoren, jendaurrera aterata izango dira, 15 egun, Foru Aldundiari berari berraztertze errekurtsoa egiteko bidea izan dadin, hala nahi izanez gero, edota Foru Auzitegi Ekonomiko Administratibora jo eta erreklamazioa egiteko.

Ondoriozko katastro balioak indarreko bihurtu aurreko urteko urriaren 1a baino arinago, txostenak onartzea eta jendaurrera aterata edukitzeko epea irekitzea GAOn eta udal ediktu bidez argitaratuko dira.

d) Txostenak jendaurrean erakutsi eta gero, txosten horietatik eratorritako katastro balioak subjektu pasibo bakoitzari jakinarazi beharko zaizkio (dela subjektu pasiboa bera etorrita, dela horretarako baimendutako pertsona etorrita), balio horiek indarrean izango diren urtearen aurreko urtea bukatu baino lehen.

Jakinarazpen hori egin ahalko da subjektu pasiboa bera edo horretarako baimendutako pertsona Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Sailaren herritarren arretarako bulegoetan edo Udalak xede horretarako prestatuko dituen bulego publikoetan agertuta.

Bertaratuta egin beharreko jakinarazpen hori egiteko epea hilabete izango da. Iragarki hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da epe hori.

Bertaratzeko epearen berri emateko, orobat, iragarkiak Gipuzkoan zabalduenetakoak diren egunkarietan ere argitaratuko dira epe horren lehenengo hiru egunetan, eta aipatutako jakinarazpena bertaratuta egiteko jarraitu beharreko prozedura jakinaraziko da.

Jakinarazpenak jasotzeko epea amaitutakoan, interesatuak edo hark baimendutako gizabanakoak jaso ez badu, katastro balioa jakinarazitzat joko da ondorio guztietarako.

Katastro balioak finkatzeko egintzak arrazoitu egin beharko dira jakinarazpen indibidualetan datu hauek adieraziz: balio horiek finkatzeko erabilitako ponentzia, zona edo azpizona katastrala, lurzoruaren balio eragingarria, eraikuntzaren kostua, aplikatutako koefiziente zuzentzaileen identifikazioa, ondasun higiezinek katastroaren ondorioetarako duten azalera eta lokalaren antzinatasuna eta helburua.

Orobat, erreferentziatzat hartuko da ME haztatze koefizientea, katastroko balioa zehazteko prozeduran aurreikusia, kasuan kasu indarrean izan eta aplikagarri dena.

2.- Gipuzkoako Foru Aldundiak landa-izaerako katastroko balioak ere finkatuko ditu, Ordenantza honetako 16.2 artikuluan ezarritako balioespen-irizpideekin eta erregelamendu bidez onetsiko den prozedurarekin bat.


26. art.- Katastroko balioak eguneratzea

1.- Foru Arau bidez eguneratu daitezke katastroko balioak, koefizienteak aplikatuz.

2.- Katastroko balio berriak jartzeko orduan koefiziente horiek izan beharko dira kontuan, baldin eta eraikin horiek aldaketa fisiko edo juridikorik izan ez badute behintzat Higiezinen Katastroan diren datuekiko; hala baldin bada, balorazio txostena onartutako egunetik balio berriak jarri artean izan diren koefizienteak aplikatuko dira.




27. art.- Katastroko balioak aldatzea

1.- Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen Departamentuko Toki Zergen Zerbitzuaren bitartez, katastroko balioak aldatu egingo ditu, ofizioz edo Udal honek eskatuta, hirigintza planeamenduak eta beste inguruabarrek alde handia erakusten dutenean planeamenduaren eta udalerri honetako edo bertako tokiren bateko ondasun higiezinen merkatuko balioen artean.

2.- Katastroko balioak aldatzeko beharrezkoa izango da nahitaez txosten berriak egitea edo indarrekoak aldatzea ordenantza honetako 10. artikuluan xedaturiko moduan.

3.- Halaber, balio txostenak aldatu ahal izango dira landa lurrek horrelakoak izateari uzten diotenean hirigintza planeamenduan izandako aldaketengatik.

4.- Balorazio txostenak egindakoan, aurreko artikuluan adierazitako tramitean egin behar dira.


28. art.- Katastroko balioak berrikustea

Gipuzkoako Foru Aldundiak, Ogasun, Finantza eta Aurrekontuen Departamentuko Toki Zergen Zerbitzuaren bitartez, Ordenantza honetako 19. artikuluan ezarritako balioespen-irizpidearen arabera ezarritako katastroko balioak zortzi urterik behin aztertuko ditu berriro.


29. art.- Izapideak

1.- Zerga urteko Katastro Erroldaren bitartez kudeatzen da, eta errolda horretan egiten diren aldaketei eta altei dagozkien kitapenen bidez.

2.- Errolda udalerri honetan zergapeturiko ondasun higiezinak hartzen dituzten zentsuek osatutako agiria da, landa-lurrekoak eta hiri-lurrekoak banatu eta behar bezala zerrendatuta identifikatzen dituelarik, subjektu pasibo fiskalak eta katastroko balioak adierazirik.

Hiri izaerako ondasunen gaineko zergaren erroldak katastroko erreferentzia eta zenbaki finkoa ere jaso behar ditu, gainerako datuekin batera.

3.- Erroldan agertzen diren datuak higiezinen katastroan zerga-ondorioak dituztenen irudi izango dira.

4.- Erroldan ondorengoak jaso beharko dira:

a) bai adierazpenen bidez bai ofizioz, zergapeko ondasunek azken urte naturalean jasaten dituzten aldaketa fisikoak, ekonomikoak nahiz juridikoak. Horiek gertatu ondorengo zergaldian izango dituzte ondorioak aldaketok.

b) balioak finkatu, berrikusi nahiz aldatzeko ekintzetatik eratorritako aldaketak. Horiek bakoitzaren txostenak argitaratu ondorengo zergaldian izango dituzte ondorioak.

c) balioak eguneratzetik eratorritako aldaketak. Hauek gaitzen dituen Legearen arabera izango dituzte ondorioak.

5.- Zerga honetan xedatutako ondorioetarako, ondorengoak jotzen dira ondasunei dagozkien aldaketatzat:

a) Fisikoak: eraikuntza berriak egitea eta daudenak zabaltzea edo eraistea, erabat nahiz zati batean. Ez dira aldaketatzat hartuko eraikinak kontserbatzeko xede hutsez egiten diren lan eta konponketak, nahiz eta aldizkakoak izan, eta ezta ere apaindurako elementuak besterik ukitzen ez dituzten lanak.

Halaber, aldaketa fisikotzat hartuko da landatarrak diren ondasun higiezinetan landaketak edo aprobetxamenduak aldatzea.

b) Ekonomikoak: higiezinen erabilera eta zertarakoa aldatzea, baldin eta aldaketa fisikorik ez badakarte.

c) Juridikoak: Titulartasuna eskualdatzea edo Ordenantza honetako 7. artikuluan aipatzen diren eskubideak eratzea, eta ondasun higiezinak banatu edo zatitu eta taldekatzea.

6.- Aldundiak Udalari bermatuko dio bere udalerrian kokatutako ondasun higiezinei buruz katastroan den informazio guztia uneoro eskuratu ahal izatea.

Aldaketon ondorioz higiezinen katastroetako datuetan egiten diren zuzenketak interesatuei jakinaraziko zaizkie .

Ez dago zertan izapide hori gauzaturik aldaketek jatorri juridikoa izanez gero, jabetza eskualdatu delako edo gozamen eta azalerako gauza eskubideak zein administrazio emakidak eratu direlako, hori dena gauzatzeko interesatuak aurkezturiko edozein aitorpeni erantsitako dokumentuak baino kontuan hartu ez badira.

Zergapeturiko ondasunetan gertatzen diren aldaketa fisiko, ekonomiko eta juridikoek, gertatu ondorengo zergaldian izango dute eragina; eragina izateko, bestalde, ez da nahitaezkoa izango dagozkion administrazio egintzak jakinaraztea.

Udalak eraikuntza berriaren adierazpen katastrala aurkeztu izanaren egiaztagiria eskatu ahal izango du, ondasun higiezinak lehen aldiz okupatzeko lizentzia emateko jardunbidea bideratzeko.

7.- Salbuespenak eta hobariak gestionatu, likidatu, eman eta ukatzeko ahalmenak, baita ikuskatzekoak eta zergak biltzekoak ere, hala borondatezko aldian nola premiamendu bidean, Udalari dagozkio, eta honek aipatutako hitzarmenean xedatutakoarekin bat erabiliko ditu.

8.- Lurzoruaren mugaketak eta balioei buruzko txostenak egitea eta onestea, katastroko balioak finkatu, berrikusi eta aldatzea, zergaren katastroei eta erroldari datxezkien gainerako eginkizunak eratu, berrikusi eta kontserbatzea zein gainontzeko zereginak, eta salbuespenen zein hobarien eskarietan txostenak egitea Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta ez besteren zereginak dira.

9.- 11/1989 Foru Arauarekin bat, zerga honi aplikagarri zaizkio Zergetako Foru Arau Orokorrean kudeaketari, likidaziori, ikuskapenari, bilketari, eta zerga-urrapenei eta zehapenei buruz jasotako arauak.




30. art.- Formazko eginbeharrak

1.- Subjektu pasiboek alta-adierazpenak egiteko eta udalerri honetan kokatutako ondasun higiezinen aldaketa fisiko, ekonomiko zein juridikoen berri emateko betebeharra dute. Horretarako inprimaki normalduak erabili beharko dituzte, eta ondoren Udal honetan aurkeztu segituan adierazitako epeetan. Inprimakiari agiri hauek erantsi beharko zaizkio: salbuespenak edo hobariak aitortzen dituen eskubidearen egiaztagiria, aldaketa jasotzen duen agiri publikoaren edo epaitegi- nahiz administrazio-egintza agertzen den agiriaren fotokopia, eta zerga honen azken ordainagiriaren fotokopia; datu horiek notarioek egiletsitako agirietan nahiz Erregistro Publikoetan inskribatutako agirietan jasota daudenean salbu.

a) Eraikuntza berriengatiko altak, edo ondasun higiezinetan gertatutako aldaketa fisikoengatiko adierazpenak direnean, bi hilabete, lanak bukatzen diren egunaren biharamunetik aurrera.

b) Aldaketa ekonomikoengatiko adierazpenak direnean, bi hilabete, erabilera edo zertarakoa aldatzeko administrazio-baimena ematen den egunaren biharamunetik aurrera.

c) Aldaketa juridikoak direnean, bi hilabete eskrituraren edo aldaketa gauzatzeko agiria egiten den egunaren biharamunetik aurrera.

2.- Artikulu honetan esaten diren adierazpenak dagokion epean aurkezten ez badira, zerga-urrapen arintzat hartuko da.

3.- Eskualdatzaileak Ordenantza honetako 3. artikuluan ezarritako eskubideen titulartasunaren eskualdaketari buruzko adierazpena ere gauzatu ahal izango du.


31. art.- Ordaintzeko betebeharrak

1.- Subjektu pasiboek zerga-zorrak ondorengo epeetan ordaintzeko betebeharra dute:

a) Kobrantza iragarkian eta Udalaren Zerga Egutegian adierazitako epeetan.

b) Salbuespenez, zerga-biltzaile exekutiboak adierazitako epeetan, baldin eta geroratze- edo zatikatze-eskaria zuhurtziaz onirizten badu, ordaintzeko behartuta dagoenaren ondasunetan zorra ordaintzea galarazten dion inguruabar bereziren bat izateagatik.

2.- Borondatezko epean egiten den zor-ordainketa baimendutako erakunde laguntzaileen bitartez egingo da.

3.- Subjektu pasiboak zerga-zorra ordaintzen ez badu:

a) Ordainketa erreklamatu ahal izango zaie erantzule solidarioei edota subsidiarioei, edo zerga-zorretan ondorengo direnei.

b) Ondasun higiezinen edo Ordenantza honetako 3. artikuluan aipatzen diren eskubideen eskualdaketetan, goian adierazitakoak izango dira zerga-zorrak ordaintzeko betebeharra izango dutenak.




32. art.- Zergak erasandako ondasunak.

1.- Arrazoi bategatik edo besteagatik zerga honen gaia edo egitatea eratzen duten eskubideen titularitatea aldatuz gero, eskubide horien objektu diren ondasun higiezinek ordaindu beharko dute kuota osoa, zerga ekintza eratortzeko baldintzen arabera.

2.- Ondorio horietarako, notarioek informazioa eskatuko dute eta haiek baimentzen dituzten dokumentuetan agertzen direnei berariaz ohartaraziko diete zer zor dituen eskuz aldatutako ondasun higiezinak OHZ dela eta, interesatuek zer epetan aurkeztu behar duten zerga adierazpena, ondasun horiengatik zerga kuota ordaindu behar den eta, azkenik, zer erantzukizun eskatuko diren adierazpenak ez aurkezteagatik, epe barruan ez egiteagatik edo adierazpen faltsu, bete gabe edo zehatzak ez direnak aurkezteagatik.


33. art.- Partaideen erantzukizuna.

Banatu gabeko herentzien, ondasun erkidegoen edo, nortasun juridikorik izan ez arren, zerga ezartzeko moduko ekonomi unitate edo ondare banandua osatzen duten gainerako entitateen partaide edo titularrek solidarioki ordaindu beharko dute zergaren kuota, bakoitzak duen partearen arabera, hala ageri badira Higiezinen Katastroan.

Higiezinen Katastroan inskribatu gabe egonez gero, denek berdin ordaindu beharko dute.

34. art.- Katastroko erreferentzia eta finka zenbakia

Agerkari publiko batzuei ondasun higiezinen katastroko erreferentzia eta finka zenbakia eransteko betebeharrari dagokionez, 1989ko uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak, Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzekoak, VII. Kapituluan xedatutakoa bete beharko da.


Azken xedapena

Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.

EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Ondasun Higiezinen gaineko Zerga arautzen duen Ordenantzaren azken aldaketa eta bere eranskina 2022ko abenduaren 20an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zirela eta bere aldaketa 245.GAOn 2022ko abenduaren 28an argitaratu zen.