Kontribuzio Bereziak 2023

KONTRIBUZIO BEREZIAK ARAUTZEKO ORDENANTZA FISKAL OROKORRA


1.art.- Foru araudia.


Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauan xedatutakoaren arabera, Udalak lanak egin edo zerbitzuak ezarri nahiz hedatzeari dagozkion Kontribuzio Berezien Ordenantza Fiskal Orokorra arautu eta galdatzen da.


2. art.- Egitate zergagarria

Udalak lanak egin edo zerbitzu publikoak ezarri nahiz hedatzearen ondorioz subjektu pasiboak hobaria edo bere ondasunen balioaren gehikuntza lortzea da kontribuzio berezien egitate zergagarria.


3. art.- Udalaren obra eta zerbitzuak

1. Hurrengo hauek joko dira Udalaren obra eta zerbitzu:

a) Bere eskumenen esparruan, egotzirik dituen xedeak erdiesteko Udalak egiten dituenak, ondare-ondasunen jabe gisa egiten dituenak salbu.

b) Bestelako Entitate Publikoek egotzi edo ordezkatu dizkiolako Udalak egiten dituenak eta bestelako lan eta zerbitzuak, horien gaineko titulartasuna legeen arabera onartu baldin badu.

c) Bestelako Entitate Publikoek nahiz horien kontzesiodunek Udalaren ekarpen ekonomikoez burutzen dituztenak.

2. Aurreko zenbakiko a) letran sartutakoek ez dute udal-lan edo zerbitzu kontsiderazioa galduko, nahiz eta kapital sozial osoa Udalarena duten Organismo Autonomiadun edo Merkatari Sozietateek, udal ekarpena duten emakidadunek edo zergadunen administrazio-elkarteek burutu.


4. art.- Sortzapena

1. Kontribuzio bereziak lanak egin ondoren edo zerbitzua ematen hasten diren unean sortzen dira. Lanak zatikagarriak balira, sortzapena subjektu pasibo bakoitzarentzat sortuko da, lanaren tarte edo zati bakoitzari dagozkion lanak egiten direnetik.

2. Kontribuzio berezien sortzapen-unea kontuan izango da ordainketa egin behar duen pertsona zehazteko xedez, Ordenantza honetako 5. artikuluan xedaturikoaz bat, nahiz eta ordenamendu-erabaki zehatzean subjektu pasibo gisa onarpen-egunean izaera hori duena agertu eta horrek kuotak aurreratuak izan, artikulu honetako bigarren zenbakian xedaturikoarekin bat. Ordenamendu-erabaki zehatzean subjektu pasibo gisa agertzen denak, erabakiaren jakinarazpena jaso duela, ezarpena sortzen duten ondasun edo ustiapenen gaineko eskubideak eskualdatzen dituenean, aipatu erabakia hartzen denetik sortzapena hasterainoko epearen barruan, burututako eskualdaketaren berri eman beharko dio Udalari hori gertatu eta hurrengo hilabetean, eta hala egingo ez balu, Administrazio horrek kobrantzarako ekintza zuzendu ahal izango du, espedientean subjektu pasibo gisa agertzen denaren kontra.


5. art.- Subjektu pasiboa

1. Zerga ordaintzeko beharra sortzen duten obren burutzapenaz edo udal zerbitzuaren ezarpen nahiz hedaketaz onura berezia ateratzen dituen pertsona fisiko eta juridikoak, banatu gabeko herentziak, ondasun-komunitateak eta nortasun juridikorik ez izan arren batasun ekonomiko edo ondare banandu zergagarri bat osatzen duten gainerako entitateak izango dira kontribuzio berezien subjektu pasiboak.

2. Hurrengo hauek onura berezia ateratzen dutela kontsideratuko da:

a) Ondasun higiezinei dagozkien lanak egin edo zerbitzuak ezarri nahiz hedatzeagatiko kontribuzio berezietan, ondasun higiezinen jabeak.

b) Enpresa-ustiapenen ondoriozko lanak egin edo zerbitzuak ezarri nahiz hedatzeagatiko kontribuzio berezietan, enpresetako tituludun diren pertsona edo entitateak.

c) Sute-zerbitzuak hedatu edo hobetzeari dagozkion kontribuzio berezietan, erasandako ondasunen jabeez gain, udalerriaren barruan beren jarduerak alor horretan burutzen dituzten aseguru konpainiak.

d) Lurrazpiko bideak egiteari dagozkion kontribuzio berezietan, geroago erabiliko dituzten enpresa hornitzaileak.

3. Jabetza horizontaleko erregimeneko kasuetan etxejabeen komunitateko ordezkaritzak, etxejabeen izena eta komunitatearekiko partehartze-kofizientearen berri emango dio Udal Administrazioari banako kuotak igorri ahal izateko. Horrela egingo ez balitz, kuota bakarra igortzea onartzen dela ulertuko litzateke, elkartea bera arduratuko delarik ondorengo banaketaz.


6. art.- Oinarri zergagarria

1. Kontribuzio berezietako oinarri ezargarria, gehienez ere, lanak egin edo zerbitzuak ezarri nahiz hedatzeagatik Udalak jasan behar duen kostuaren %90 izango da. Ordenamendu-erabakia hartzerakoan, ezar daitekeen portzentaia finkatuko du, kasuan kasu.

2. Aipatu kostuak honako kontzeptuak bilduko ditu:

a) Perituen lanen, proiektuak idazteko lanen eta lan-plangintzaren, eta programa teknikoen zuzendaritza-lanen benetako kostua.

b) Egin beharreko obren edo zerbitzuak nahiz hedatze-lanen zenbatekoa.

c) Lan nahiz zerbitzuek etengabe okupatu beharreko lurren balioa, salbuespenak izango direlarik guztien erabilerako ondasunak, Udalari dohain eta derrigorrez utzitako lurrak, edo Estatu, Euskal Herriko Autonomi Elkarte eta Lurralde Historikoek arauetan ezarritako baldintzen arabera utzitako ondasun higiezinak.

d) Eraikinak botatzetik eta landaketa, lan edo instalazioak berritzetik etorritako kalteordainak, hala nola birrindu nahiz okupatu beharreko ondasunen errentariengandik etorritakoak.

e) Lan nahiz zerbitzuetan inbertituriko kapitalaren interesa, Udalak kreditura jo beharko balu kontribuzio bereziak orokorrean zatituta estaltzen ez den zatia finantzatzeko.

3. Lan nahiz zerbitzuetarako aurreikusi guztizko kostuak aurreikuspen-izaera hutsa izango du. Benetako kostua aurreikusitakoa baino handiagoa edo txikiagoa izatekotan, hura hartuko litzateke kuotak kalkulatzeko.

4. Aurreko 3.1.c) artikuluak aipatzen dituen lan nahiz zerbitzuak direnean edo, artikulu bereko 2. zenbakiko emakidadunek egindakoak direnean, kontribuzio berezietako oinarri ezargarria ekarpen horien arabera zehaztuko da, lana edo zerbitzu beraren zioz beste Herri Administrazioek ezar ditzaketenen kalterik gabe. Nolanahi ere, artikulu honetako lehen zenbakiak aipatzen duen % 90eko muga errespetatuko da.

5. Oinarri zergagarria ezartzeko, guztizko kostuari Estatua, edozein pertsona edo erakunde publiko zein pribatutatik Udalak lortuko dituen laguntzen zenbatekoa kendu ondoren lorturiko emaitza hartuko da Udalak jasandako kostutzat.

6. Aipatutako laguntza kontribuzio bereziaren subjektu pasiboren batek emanez gero, zenbatekoa pertsona edo entitate horren kuota konpentsatzeko erabiliko da lehendabizi. Laguntzaren balioak kuota hori gaindituko balu, gainerakoa subjektu pasiboen kuotetatik kenduko da, hainbanatuz.


7. art.- Kuota banatu eta zehazteko erak

Kontribuzio berezien oinarri zergagarria subjektu pasiboen artean banatuko da, lan eta zerbitzuen mota eta izaera kontuan hartuta, hurrengo erregela hauen arabera:

1. Orokorrean, eraikinen fatxadako metro linealak, azalera, horien bolumen eraikigarria eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren eraginetarako katastroko balioa aplikatuko dira banatzeko modulu gisa, batera nahiz banan-banan.

2. Sute-zerbitzuak ezarri edo hobetzen direnean, udal-barrutian kokaturiko ondasunen arriskua estaltzen duten erakunde edo sozietateen artean egin daiteke banaketa, aurreko urtean bildutako primen zenbatekoaren proportzioan. Subjektu pasibo bakoitzari eska dakiokeen kuota berak bildutako kuoten zenbatekoaren % 5 baino handiagoa balitz, gehiegizkoa hurrengo ekitaldietara atzeratuko da, guztiz amortizatu arte.

Zergapeko aseguru-konpainiak udalerrian kokaturiko ondasunetan estalitako arriskuen behar adinako ordezkaritza duen entitate batera elkartzen badira, honen ordezkariarekiko hitzarmen bidez ordezkatutako konpainiei dagokien kuota orokorra ezarri ahal izango da.

3. Lana osorik edo zati batean amaitzen denean, edo zerbitzua ematen hasi ondoren; oinarria eta behin-betiko banakako kuotak ezarriko dira, subjektu pasiboari bidezko diren kitapenak igorri eta gauza litezkeen ordainketa aurreratuak konturako emanaldi gisa konpentsatuz. Behin-betiko finkatze hori Udaleko Organo Eskudunari dagokio, lana edo zerbitzu bakoitzerako tributuaren ordenamendu-erabaki zehatzari buruzko arauei atxikiz

4. Ordenantza honetako 5. artikuluko d) atalak aipatzen dituen lanak direnean, kontribuzio berezien guztizko zenbatekoa erabiltzaile izango diren konpainia edo enpresen artean banatuko da, horietako bakoitzari erreserbaturiko espazioaren arabera edo horien sekzio osoaren arabera, nahiz eta berehala erabili ez.


8. art.- Zerga kuotak ez eragitea

Ezargarri diren legeek edo Nazioarteko Hitzarmenek hobari fiskalak ematen dituztenean, onuradunei dagozkien kuotak ez dira gainerako zergadunen artean banatuko.


9. art.- Aldez aurreko gordailua

Aurreko zenbakian xedaturikoaren kalterik gabe, ezarri eta ordenatzeko erabakia onartu ondoren, Udalak kontribuzio berezien aldez aurreko ordainketa eskatu ahal izango du, hurrengo urterako aurreikusitako kostuaren zenbatekoaren arabera. Ezin izango da urteko kontribuzioaren aurrerakina eskatuta, aurreko lanak egin ez badira.


10. art.- Zatikapenaren gehienezko epea

Ordaindu beharreko kuota finkatu ondoren, subjektu pasiboak horrela eskatuz gero, Udalak kuota zatitu edo gehienez ere bost urteko epean luzatzea onetsi ahal izango du.


11. art.- Itzultzea

Aurreratutako ordainketak tributuaren sortzapen-unean subjektu pasibo ez diren pertsonek egingo balituzte edo dagokien behin-betiko banakako kuota gaindituz gero, Udalak ofizioz burutuko du bidezko itzulketa.


12. art.- Ezarri beharreko arau orokorrak

Zergak gestionatu, likidatu, ikuskatu eta biltzeari buruz zein zerga-urrapen eta -zehapenei buruz Zergetako Foru Arau Orokorrean erregulaturiko arauak dira ezartzekoak.


Azken xedapena

Ordenantza hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Kontribuzio Berezi Orokorrak arautzen dituen Ordenantza 1992ko urriaren 29an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 1992ko abenduaren 31ko 249. GAOn argitaratu ziren.