Lokaletako jarduerei dagozkien tasak 2023

ESTABLEZIMENDU ETA LOKALETAN JARDUERAK IREKITZEKO ETA HAIEK KONTRALATZEKO ZERBITZUAK EMATEKO TASAK ARAUTZEN DITUEN ZERGA ORDENANTZA



1. art.- Foru Araudia

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzeko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauko III. kapituluko 3. atalak jarritako xedapenak kontuan hartu eta jarduera bat burutzeko lizentziak ematea arautu eta exijitzen dira


2. art.- Egitate zergagarria

Tasen zergapeko egitateak dira:

a) Donostia udalerrian egingo diren eta lizentzia eskatzen duten jardueretarako lizentzia eman aurreko, jarduera erregulatzeko, lizentzia berriz begiratzeko eta negozioa tokiz aldatzeko, eskuz aldatzeko, lagatzeko, handitzeko edo aldatzeko zerbitzu teknikoak eta administratiboak ematea.

b) Jarduera hasi eta geroko udal administrazioaren kontrol ekintzak, subjektu pasiboak aldez aurretik jakinarazitako jarduerarenak eta adierazitako betekizunenak, jarduera arautzen duen araudia betetzen duten ala ez egiaztatu eta baieztatzeko.


3. art: Lokala irekitzea eta jarduera hastea.

Tasa hauetarako, hauek hartuko dira kontuan:

1.- Lehenengo instalazioa.
2.- Beste lokal batzuetara aldatzea.
3.- Jarduera zabaltzea edo aldatzea, lokalez aldatu gabe eta aurreko titularrak jarraitzen duela.
4.- Lokalak handitzea.
5.- Lizentzia izan behar duten edo aldez aurretik jakinarazi edo adierazi behar diren jarduerak legeztatzea.
6.- Lizentzia izan behar duten edo aldez aurretik jakinarazi edo adierazi behar diren jarduerak erregularizatzea.
7.- Titularraren jokabideek, salaketek edo udalaren ikuskapenek eragindako lizentzien berrikuspenak


4. art.- Sortzapena

1. Tasak sortuko dira, eta zergak ordaintzeko betebeharra hasiko da tasen zergapeko egitatea osatzen duten udal jarduerak egiten edo zerbitzuak ematen hasten direnean. Ondorio horietarako, zerbitzu edo jarduera data ondorengo data honetan hasi dela joko da: subjektu pasiboak irekitzeko lizentziaren eskaera egokia aurkezten duen, aurretiazko jakinarazpena egiten duen edo ardurapeko adierazpena egiten duen egunean, alegia.

2. Zergapetutako jarduera bat gauzatzen hasi bada eta beharrezko lizentziarik lortu ez bada edo, hala dagokionean, aurretiazko jakinarazpenik edo ardurapeko adierazpenik egin ez bada, tasa sortuko da kasuan kasuko irekiera baimen daitekeen ala ez erabakitzera eramango duen zerbitzu edo jarduera administratiboa hasten denean.

3. Behin ordaintzeko betebeharra sortu eta gero, betebehar horri ez diote eragingo aurkeztutako proiektua aldatzearen baldintzapean lizentzia eman izanak, ez eta lizentzia eman ondoren edo jarduera jakinarazi edo aldez aurretik adierazi ondoren eskatzaileak uko egin edo ezetsi izanak ere.»


5. artikulua: Subjektu pasiboa.

Tasen subjektu pasibo dira pertsona fisikoak eta juridikoak, jaso gabeko jarauntsiak, ondasun erkidegoak eta gainerako erakundeak, nortasun juridikorik ez duten eta zergapegarri den unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen dutenak; lizentzia eskatuta edo eskatu gabe, udalaren jardueren edo zerbitzuen onuradun izango dira edo jarduera edo zerbitzu horien eragina jasango dute.»


6. art.- Salbuespenak

Ez dute ordaindu beharrik izango, baina lizentzia nahitaez izan beharko dute:

1.- Zoria edo ezinbestekoren bat dela eta izandako lekualdaketak, eraikinetan eraginik izanez gero.

2.- Herri onurako eta ongintzako edo ongintza-irakaskuntzako entitatetzat jotako elkarteak.

3.- Eskualdaketak edo titular aldaketak, egiten den jarduera edo giroa aldatzen ez bada.


7. art.- Hobariak.

Hobaria izango dute:

1.- Kuotaren %95eko hobaria, jarduera gauzatzea baimenduko ez duen eta halakorik ekarriko ez duen instalaziorako eskatuko diren lizentziek, dela merkataritzako, lanbide edo industriako jarduera bat gauzatzeko dagoeneko baimenduta izango dituen lokaletarako, dela jarduerarik hartuko ez duten lokal edo etxebizitzetarako.

2.- %95eko hobaria edozein jarduera merkataritzakoa, industriakoa nahiz profesionala ireki edo instalatzeko baimen orokorra duen eraikin edo pabilioi batean aritzeko lokal bakoitzari ematen zaion irekiera edo jarduera lizentziaren kuotan.

3.- Lokal edo establezimendu berriari dagokion tasaren % 75eko hobaria emango da interesatuek, borondatez, hirigunetik industrialdeetara aldatzea eskatzen dutenean, beti ere aurreko lokala edo establezimendua ixten badute.

4.- Norberaren borondatez eskatuz gero lehenagotik irekita dagoen jarduera erregulatzeko lizentzia, kuotaren %90eko hobaria izango da.

5.- Tasan %50eko hobaria izango dute arrazoi partikularrak direla medio jarduerei ekin aurretik lizentziari uko egiten dioten eskatzaileek, baldin eta zerga erroldetan baja ematen badute.

6.- Aukeran tasaren kuotan %50eko hobaria eman dakieke azoka eta erakusketei horiek egiterakoan interes orokorrak eta publikoak sustatu edo bultzatuz gero, direla kulturalak, sozialak, aisialdikoak edo kiroletakoak; horrelakoetan eginiko salmentek denda, industria eta zerbitzu profesionalen interesak kaltetzen ez badituzte.


8. art.- Oinarri Zergagarria

Oinarri zergagarria, eranskinean agertzen dena, lokalaren azalera kontutan hartuz, kantitate finkoen arabera ezartzen da.


9. art.- Zerga kuotak

1.- Zerga kuotak tasak arautzen dituen Eranskinean jarritako koefiziente zuzentzaileen arabera zuzenduko dira, Kaleak mailen arabera sailkatzeko zerga Ordenantza arautzailea kontuan hartuta.

2.- Horrela ateratzen diren zerga kuotak tasak arautzeko Eranskinean jarritako errekarguaren arabera zuzenduko dira, baldin eta jarduera mota hauek badira:

- Lizentzia behar dutenak
- Aurrez jakinarazi beharrekoak, Eranskinean adierazitako udal zerbitzu guztiek ikuskatu beharrekoak.


10. art.- Kudeaketa

1.- Eskatzaileak lizentziaren eskaera egitean edo ardurapeko adierazpena edo jakinarazpena aurkeztean egingo duen adierazpenaren bitartez hasiko da tasaren kudeaketa.

2.- Saltoki guneak direnean eta gune horien barruan elkarrekiko independenteak diren establezimendu kopuru zehaztugabea dagoenean, titular bakoitzak bere lizentzia eskatuko du, beste edozein establezimenduk bezala.

3.- Subjektu pasiboak, askotariko irekitzeko lizentzietako inprimaki normalizatuetan, nahitaez aitortu behar ditu bere izena, NAN zenbakia edo identifikazio fiskaleko kodea, eta autolikidazioa egiteko beharrezko datuak eman behar ditu.

4.- Subjektu pasiboak autolikidazioa betetzeko eskaera egin diezaioke Zerga Ikuskatzailetza Zerbitzuari.

5.- Subjektu pasiboak nahitaez egin behar du autolikidazioa, eta horretarako adierazitako kontu korrontean ordaindu behar du hamar egun balioduneko epean, lizentzia eman zaiola jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.



Azken xedapena

Ordenantza hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da establezimendu eta lokaletan jarduerak irekitzeko eta haiek kontrolatzeko zerbitzuak arautzen dituen zerga ordenantza 2012ko urriaren 24an egindako Udalbatzarrean behin betiko onartu zela eta ezarritako aldaketak 245. GAOn 2012ko abenduaren 26an argiratu ziren.

Eranskinaren azken aldaketa 2021eko irailaren 30ean egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zen eta horren aldaketa 242.GAOn 2021eko abenduaren 21ean argitaratu zen.