Trakzio mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga (IZ) 2015

TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUEN ZERGA ORDENANTZA




1. art.- Foru araudia.

Uztailaren 5eko 14/1989 Foru Arauan xedatutakoarekin bat, Trakzio Mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga arautu eta galdatzen da.


2. art.- Egitate zergagarria

Zergak trakzio mekanikoko ibilgailuen titulartasuna zergapetzen du, bide publikoetatik ibiltzeko gai izanik, edozein klase, kategoria, potentzia, edukiera eta karga motatakoak, zirkulazio-baimenean helbide gisa Donostiako udalerria agertuz gero.


3. art.- Zerga-gaia

Zerga honen zerga-gaiak ondorengo trakzio mekanikoko ibilgailuak dira:

1.- Trafiko Buruzagitzan matrikulatuta daudenez gero, zirkulatzeko gai diren turismoak, autobusak, kamioiak, traktoreak, motozikletak; erakunde horrek baja ematen ez dien bitartean; baita aldi bateko baimena dutenak zein matrikula turistikodunak ere.

2.- Kapazitateagatik matrikulatzera behartuta ez dauden ziklomotoreak, atoiak eta erdi-atoiak, Industri Ordezkaritzako ziurtapena luzatzen denetik edo benetan zirkulatzen hastean.


4. art.- Lotespenik gabe.

Ez dute zerga honenik ordaindu beharko:

1.- Automobil modelo zaharrak direlako erroldatik baja emanda egonagatik era horretako automobilentzako erakusketa, sariketa edo karreretan parte hartu ahal izateko bidean ibiltzeko baimena ematen zaien automobilek.

2.- Trakzio mekanikozko ibilgailuek tarras eramaten dituzten atoi eta erdi-atoiek, 750 Kg. baino gutxiagoko zama erabilgarria eramateko modukoek.


5. art.- Sortzapena

Zergaldiko lehen egunean sortuko da zerga.


6. art.- Zergaldia

Zergaldia berezko urtea bera da, bi salbuespenekin: lehen erosketa denean, erosketa egindako egunean hasiko baita; eta ibilgailuen bajaren kasuan, orduan zergaldia Trafiko Buruzagitzak baja ematen duen egunean bukatuko baita.


7. art.- Subjektu pasiboa

Zerga honetako subjektu pasiboak ondorengoak dira: pertsona fisiko eta juridikoak, banatu gabeko herentziak, ondasun-erkidegoak eta gainerako erakundeak, nortasun juridikoak ez izanik, zergagarri den unitate ekonomiko edo ondare banandu bat osatuz gero, baldin eta zirkulazio-baimenean ibilgailua horien izenean agertzen bada.


8. art.- Eskatu beharrik gabe salbuetsiko direnak.

Zerga honetatik salbuetsiak: Hiritarren defentsari edo segurtasunari atxikita dauden Estatuaren ibilgailu ofizialak, Euskal Herriko Autonomi Elkartearenak, Gipuzkoako Foru Aldundiarenak eta Gipuzkoako Udal Erakundeenak.


9. art.- Eskatuz gero salbuetsita izango direnak

1.- Salbuespen hauek izateko, interesatuek berek eskatu behar diote Udalari zerga honetatik salbuestea, eta, eskaera horrekin batera, ibilgailuaren ezaugarriak, matrikula eta onuraren kausa ere adierazi behar diote. Ondoren, salbuespeneko udal-ziurtagiria Trafiko Buruzagitzan aurkeztu beharko dute, matrikulazioa edo ibilgailuaren alta udalerri horretan izapidetzerakoan.

2.- Elbarriek berek gidatu edo haiek eramateko ibilgailuak salbuesteko, beste agiri hauek ere aurkeztu behar dituzte:

a) Elbarritasun agiria, legearen arabera %33 edo elbarritasun handiagoa izatea erakusten duena, dagokion organoak emana.

b) Ibilgailuaren erabilera esklusiboaren justifikazioa.

c) Elbarritasuna dela eta ibilgailua egokitu behar izanez gero, egokitu izanaren agiria, dela fitxa teknikoan egokitzapena adierazita, dela egokitzapena egin duen tailerrak egiaztatuta.

3.- Salbuespena izango bada, Udalak onartu behar du eskaera. Onartuz gero, salbuespena eskatutako zergalditik bertatik aurrera salbuetsita izango da.

4.- Salbuetsirik izango dira:

a) Diplomaziazko ordezkaritzarako ibilgailuak, kontsul-bulegoenak, diplomaziazko agenteenak eta karrerako kontsul-funtzionario kreditatuenak, beren herrialdeetako menpekoak izan eta ikusteko moduko identifikazioa dutenak, hedaduran eta mailan elkarrekikotasuna egonez gero.

b) Estatu Espainiarrean egoitza edo bulegoa duten Nazioarteko Erakundeen ibilgailuak eta horien funtzionarioenak edo estatutu diplomatikoa duten kideenak.

c) Nazioarteko itun edo hitzarmenen ondorioz salbuestekoak diren ibilgailuak.

d) Anbulantziak eta osasun laguntzarako nahiz zauritu edo gaixoak garraiatzeko erabiltzen diren gainerako ibilgailuak.

e) Abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuaren bidez onartutako Ibilgailuen Araudi Orokorreko II. eranskineko A letrak aipatzen dituen mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako ibilgailuak, ezgaitasuna duten pertsonen izenean matrikulatuak.

Era berean, zerga honetatik salbuetsiko dira ezgaitasuna duten pertsonen izenean matrikulatuta dauden eta haiek beste inork ez erabiltzekoak diren ibilgailuak, 14 zerga zaldi baino gutxiagokoak. Salbuespen hori egoerak dirauen bitartean baino ez zaie aplikatuko, bai ezgaitasuna duten pertsonek gidatutako ibilgailuei, bai pertsona horiek eramateko ibilgailuei.

Aurreko bi paragrafoetan aurreikusitako salbuespenak ez zaizkie onuradun diren subjektu pasiboei ibilgailu bat baino gehiagorengatik aplikagarri izango.

Letra honetan xedatutakoaren ondorioetarako, honako pertsona hauek jotzen dira desgaitutzat:

a’) % 33ko ezgaitasuna edo handiagoa eta % 65eko ezgaitasuna baino txikiagoa aitortuta duten pertsonak, mugikortasun arazoak dituztenak; 1971/1999 Errege Dekretuak, 1999ko abenduaren 23koak, Ezgaitasun maila aztertzeko, adierazteko eta kalifikatzeko prozedura arautzen duenak, III. eranskinean jasotako baremoko A, B edo C letretan azaldutako egoeretako batean daudenak, edo 7 puntu edo gehiago dituztenak aipatu baremoko D, E, F, G edo H letretan.

b’) % 65eko ezgaitasuna edo handiagoa duten pertsonak.

Aurreko a') eta b') letretan sartzen diren pertsonei, hau da, aipatutako 1.971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinean dagoen baremoan A letrarekin sailkatutako mugikortasun murrizpena dutenei, ez zaie aplikatuko 14 zaldi zergaren muga, baldin eta ibilgailua gurpil-aulkiarekin erabiltzeko egokitua badute.

Era beran, guraso agintea, tutoretza eta kuradoretza dela eta ardurapean dituzten pertsonen minusbaliotasuna % 65ekoa edo handiagoa bada, ibilgailuaren jabea zerga honetatik salbuetsita geratuko da. Ibilgailu bat baino gehiagoren jabetza izanez gero, salbuespena bati soilik aplikatuko zaio.

Atal honetan aipatu ditugun minusbaliatu bat ardurapean duten ibilgailuen jabeek Udalean egiaztatu beharko dute minusbaliotasun maila eta pertsona minusbaliatuarekin duten erlazioa.

f) Autobusak, mikrobusak eta hiri garraio publikoari zuzendutako edo atxikitako gainerako ibilgailuak, baldin gidariarena barne bederatzi leku baino gehiago badituzte.

g) Nekazaritza ikuskatzeko txartela duten traktore, atoi, erdi-atoi eta makinak.

e) Mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutako ibilgailuak, abenduaren 23ko 2822/1998 Errege Dekretuak, Ibilgailuen Erregelamendu Orokorra onartzen duenak, II. eranskinaren A letran aipatuak.


h) Traktoreak, atoiak, erdi-atoiak eta makineria, Nekazaritza Ikuskaritzaren Kartilaz hornituta daudenean.


10. art.- Hobariak

1.- Hobaria eskuratu baino lehen Udalak onartu behar du hobaririk izango den ala ez, eta, hartarako, eskabidea egin beharko da. Era berean, eskabidea egindako garaiko zerga-aldian sartuko da indarrean hobaria.

2.- Kuotaren %100eko hobaria izango dute ibilgailu historikoek edo hogeita bost urte baino gehiago dituztenek. Hogeita bost urte horiek automobila egindako datatik aurrera kontatutako dira, edota, bestela, lehenbiziko matrikula jarritakotik edo automobil mota hori egiteari utzi zitzaionetik aurrera.

3.- Zerga kuotaren %75eko hobaria izango dute baldintza hauetakoren bat betetzen duten ibilgailuek:

a) Motor elektrikoa edo hibridoa izatea (argindarrarekin eta gasolinarekin, argindarrarekin eta dieselarekin edo argindarrarekin eta gasarekin ibiltzen duena), etxetik bertatik homologatuta datorrena, ibilgailu mota bakoitzari dagokion katalizatze sistema dakarrena eta emisio kutsakorrak ahalik eta gehien murrizten dituena.

b) Etxetik dakarren homologazioaren arabera, gasa erretzen duen ibilgailua izatea, ibilgailu mota bakoitzari dagokion katalizatze sistema dakarrena eta emisio kutsakorrak ahalik eta gehien murrizten dituena.

Hobari hau eskatu beharrekoa da, eta, onartuz gero, ibilgailua matrikulatu eta hurrengo hiru ekitaldietan balioko du.


11. art.- Zerga-kuota

Zerga eranskinean agertzen den tarifa-taularen arabera galdatuko da.


12. art.- Hainbanatzea eta kuotak itzultzea.

1.- Lehenbiziko automobila erostekoan, behin betiko baja ematekoan nahiz automobila kendu edo lapurtu izanagatik errolda publikotik behin-behingoz baja ematekoan, hilabeteen arabera kobratuko da kuota, alta edo baja ematen den hilabetea ere sartuta.

2.- Udalak urtarrilaren 1a edo ibilgailuaren erosketa-data eta Trafiko-Buruzagitzak baja emandako data bitarteko aldiari dagokion zergaren kendura proportzionala itzuliko die horrela eskatzen duten subjektu pasiboei, aurrez ordainketaren udal-ziurtagiria aurkeztuz gero.


13. art.- Auto-kitapena eta errolda.

Autolikidazio erregimenean gestionatzen da zerga, matrikulazioaren eta zirkulatzeko baimenaren ondorioz zergan alta diren ibilgailuen gainean; eta gainontzeko ibilgailuetan Udalak urtero egingo duen Erroldaren bitartez.


14. art.- Kitapena aitortzea

Aitorpen-deklarazioak:

1.- Udaletxean aurki daitezkeen inprimaki normalizatuak erabilita egingo dira.

2.- Zerga kalkulatzeko beste elementu erantsi beharko dira, eta eskaera bakoitzerako adierazitako agiri jakinekin batera aurkeztuko dira.


15. art.- Ezartzeko arauak

1.- Tarifak erabaki eta kobratzeko orduan ibilgailu Araudi Orokorrean, xedapen osagarrietan eta beste arau hauetan datozen kontzeptuak eta arauak hartuko dira kontuan:

a) Automobilek bezalaxe ordainduko dute furgoiek, furgonetek, automobil-furgoneta erabiltzeko modukoek nahiz turismoen eratorriek (bakoitzak duen potentzia fiskalaren arabera), baldin eta 1.000 Kg. baino gutxiago eramateko baimena badute; hortik gorakoek, kamioek bezala ordainduko dute.

b) Hiru gurpileko nahiz lauko ibilgailuak motoak bezala hartuko dira, eta bakoitzak duen zilindradaren arabera ordainduko dute. Lau gurpileko arinek, dena den, moto txikiek bezala ordainduko dute.

c) Ibilgailu artikulatuetan, arrasta-potentzia daramanak eta arrastatuak diren atoiak eta erdi-atoiak bakoitzak bere aldetik eta aldi berean ordainduko dute zerga.

d) Autopropultsatutako makinek, bide publikotik trakzio mekanikoko beste ibilgailu batek garraiatu edo arrastatu gabe ibili ahal izanez gero, traktoreen tarifa ordainduko dute.

e) Automobilak eta autokarabanak ere berdin hartuko dira, eta daukaten potentzia fiskalaren arabera ordainduko dute.

2.- Zaldi-potentzia fiskala zaldi fiskaletan adierazten da, eta Ibilgailu Araudi Orokorrean, abenduaren 23ko 2.822/1998 Errege Dekretuaren V. eranskinean agindutakoari segituz jartzen da.


16. art.- Trafiko Buruzagitzaren gestioa.

1.- Trafiko Buruzagitzak matrikulazioei, bajei, eskualdaketei, helbide-aldaketei eta abarrei buruzko informazioa emango dio Udalari, honek urteko Errolda izapida dezan.

2.- Trafiko Buruzagitzak ez du ibilgailuaren baimena luzatuko aurretik zerga ordaindu dela frogatzen ez bada.

3.- Trafiko Buruzagitzak ez du baja, eskualdaketa edo helbide-aldaketako espedienterik izapidetuko interesatuek zerga honek sortutako zor guztiak ordaindu dituztela frogatu arte.




17. art.- Betebehar formalak

Honako betebehar hauek dituzte zerga honena ordaindu behar duten ibilgailuen titularrek:

1.- Zirkulazio baimenean agertzen den helbidea eta ohiko bizitokia berbera izateko izapideak egitea Trafiko Buruzagitzan.

2.- Trafiko Buruzagitzari erakustea ordainduta dela transferentzia, ibilgailu aldaketa eta ibilgailuari baja emateko ordaindu beharrekoa, betiere zerga honen arabera ibilgailuaren sailkapena aldatzeko moduko aldaketa edo egokitzapenak egin aurrekoak.


18. art.- Egoiliarren zerga betebeharrak.

1.- Ohizko bizitokia Donostian duten pertsona fisikoek Udal honetan ordaindu behar dute zerga. Zalantzarik balego, ohizko bizitokia erroldan egindako azken izenematearen arabera zehaztuko da.

2.- Helbide fiskala Donostian duten pertsona juridikoek bertan ordaindu behar dute zerga.

Helbidea, bulegoak, lantegia, biltegia, denda, ordezkaritza, eta abarrak beste udalerri batean dutenean, ibilgailuak modu iraunkorrean dependentzia horiei atxikita daudelarik, dependentzia hori kokatuta dagoen udalerriko Udalean ordainduko da zerga.


19. art.- Udalaren eskumenak.

1.- Zirkulazio-baimenean agertzen den helbidea Donostiako udalerria denetan, Udal honi dagokio zerga-gestio bidean emandako egintzak gestionatu, likidatu, ikuskatu eta zerga-bilketa egitea.

2.- Trafiko Buruzagitzan izapideak egiteko azkeneko ordainagiria ordainduta izatea erakusteak ez du esan nahi zerga hau dela eta sortu, likidatu, kobrantzarako jarri eta preskribitu gabe dauden zorrak ordaindu beharrik ez dagoenik, dela kudeaketaren bitartez dela ikuskapenaren bidez exijituta.


20. art.- Aplikazio orokorreko arauak.

11/1989 Foru Arauarekin bat, zerga-gestio, kitapen, ikusketa, bilketa eta urrapen zein zehapenei buruzko arauak zaizkio ezargarri zerga honi, Zergetako Foru Arau Orokorrean arautu bezala.


Azken xedapena

Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.



EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da trakzio mekanikoko Ibilgailuen gaineko Zerga arautzen duen Ordenantza 2012ko urriaren 24an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela, eta ezarritako aldaketak. 245. GAOn 2012ko abenduaren 26an argitaratu ziren.
Bere Eranskina 2014ko azaroaren 27an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zen, eta ezarritako aldaketak. 243. GAOn 2014ko abenduaren 22an argitaratu ziren.