Ekonomi Jardueren gaineko zerga (EJZ) 2015

EKONOMI JARDUEREN GAINEKO ZERGA ARAUTZEKO ORDENANTZA FISKALA





1. art.- Foru araudia.

1989ko uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak, Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzekoak, eta 1993ko apirilaren 20ko 1/1993 Foru Dekretuak, Ekonomi jardueren gaineko zergaren testu bateratuak, batetik, eta, bestetik, gaia garatzen duten gainontzeko arauek xedatutakoa betez, Ekonomi jardueren gaineko zerga arautu eta ordainarazten da:


2. art.- Izaera

Ekonomi jardueren gaineko zerga izaera erreala duen zuzeneko zerga da.


3. art.- Zergapeko jarduera

1.- Udalerri honetan enpresa, lanbide edo arte jardueretan aritze hutsa egongo da zerga honen pean, jarduera horiek toki jakin batean egin ala ez, eta zergaren tarifetan zehaztuta egon ala ez.

2.- Zerga honen ondorioetarako, meatze, industria, merkataritza, zerbitzu eta abeltzaintzakoak -menpekoak ez direnean- jotzen dira enpresa jardueratzat. Ez dira, beraz, halakotzat hartuko nekazaritza jarduerak, abeltzaintzako menpekoak, basogintza eta arrantzakoak.

Horretarako, mantenutzat nagusiki ustiaketatik kanpoko jaki eta pentsuak dituzten abelazkuntza ustiapenak hartuko dira abelazkuntza independentetzat.

3.- Jarduera batean, ondasun edo zerbitzuen ekoizpen edo banaketan parte hartzeko, nork bere kabuz ekoizpen eta giza baliabideak antolatzen baditu, jarduera hori enpresa, lanbide edo arte jitezkotzat joko da.

4.- Zergapeko jardueretan aritzea zuzenbidean onargarri den edozein eratan frogatu beharko da eta, bereziki, Merkataritza Kodeko 3. artikuluan eta hemen azaltzen diren moduetako batean:
    a) Interesatuak zein bere legezko ordezkariek egindako edozein zerga aitorpenen bidez

    b) Interesatuak zein bere legezko ordezkariek eginbide batean, ikuskaritza akta batean nahiz bestelako zerga espedienteren batean aitortuz

    c) Ekonomi jarduera badela agerian uzten duen edozein publizitate mota, hala nola, iragarkiak, idazkiak, adierazgarriak, errotuluak...
d) Edozein organismo nahiz enpresaren kontabilitate liburu zein erregistrotatik hartutako datuak; horien arduradunek edo Administrazioak berak sinatuak izan behar dute

    e) Bere kabuz zein zerga ahalmena duen administrazioak eskatuta, edozein agintarik ematen dituen datuak
f) Beren kasa nahiz Administrazioak eskatuta, merkataritza, industri eta itsasketa elkargo ofizialek, lanbide elkargo eta elkarteek eta ofizialki onartutako gainontzeko erakundeek ematen dituzten datuak.


4. art.- Lotespenik gabe.

Honako jarduera hauetan aritzeagatik ez da zerga hau ordaindu behar izango:

1.- Enpresen aktibo finkokoak izan eta, besterenganatu baino bi urte lehenagotik, ibilgetu horretan behar bezala inbentariaturik egon diren ondasunak besterenganatzea, batetik, eta, bestetik, saltzailearen erabilera partikular eta pribatuko ondasunak saltzea, baldin eta bi urte lehenagotik erabili baditu.

2.- Lan pertsonalen edo lanbide zerbitzuen ordain jasotako ekoizkinak saltzea.

3.- Artikuluak erakustea, establezimendua apaindu edo edertzeko baino ez bada. Bezeroei opari egiteko artikuluak erakustea, aldiz, zergapean egongo da.

4.- Txikizkako salmenta denean, eragiketa bakar isolatua egitea.


5. art.- Sortzapena

1.- Zerga-aldiaren lehenengo egunetik sortzen da zerga ordaintzeko beharra, eta ordainkizunak ezin izango dira murriztu; dena den, jarduera zabaltzen denean, aurreneko eguna ez bada urtearen lehena, jarduerari ekin zaionetik abenduaren 31 arte dagoen hilabete kopuruaren arabera aterako da ordainkizunen zenbatekoa.

2.- Ikuskizunen kasuan, ordainkizunak finkatzeko ekitaldiak banan-banan hartzen badira, ekitaldi bakoitza egitearekin batera sortzen da zerga ordaindu beharra. Ekitaldiei dagozkien adierazpenak aurkeztu beharko dira, arau batean ezartzekoa den eran.


6. art.- Zergaldia

1.- Zerga-aldia bat dator urtearekin, jarduera zabaltzeko adierazpenak direnetan salbu, kasu horretan jarduera hasten denetik urtearen bukaeraraino iraungo du-eta; horrek ez du galarazten artikulu honetako 3. zenbakian jasotakoa.

2.- Jarduerari uzten bazaio, zerga-aldiak urtarrilaren batetik jarduera amaitzeko adierazpena aurkezten den egunera arte iraungo du. Horrelakoetan, zerga ordaintzeko beharra zerga-aldiaren lehenengo egunean sortzen da, eta ordainkizunaren zenbatekoa urtarrilaren batetik jarduera amaitzeko adierazpena aurkezten den egunera arte dagoen hiruhilabete kopuruaren arabera aterako da.

Zenbaki honetan jasotakoa ez da beteko jarduera zabaltzeko adierazpena eta amaitzekoa urte berean egiten badira. Horrelakoetan, jarduera urte hartako abenduaren 31n amaitu balitz bezala jokatuko da.


7. art.- Eskatu beharrik gabe salbuetsiko direnak.

Hona hemen zerga ordaindu behar ez dutenak:

1.- Estatua, Euskal Autonomi Elkartea, Gipuzkoako Foru Aldundia eta udal erakundeak, bai eta beren administrazio organo autonomiadunak ere.

2.- 1.000.000 eurotik beherako negozio zifra (zenbateko garbia) duten subjektu pasiboak.

3.- Gizarte Segurantza kudeatzen duten erakundea eta indarren dauden legeen arabera sortutako giza aurreikuspeneko mutualitateak.

4.- Nazioarteko itun edo hitzarmenak direla eta, salbuetsiak behar duten zergapekoak.



8. art.- Eskatuz gero salbuetsiko direnak.

1.- Udalak onartutako salbuespenek eskatu direneko zerga-alditik aurrera izango dute indarra.

2.- Salbuetsirik izango dira:

a) Jarduerari ekiten dioten subjektu pasiboak, jarduera garatzen duten lehenengo bi zergaldietan.

b) Ikerketa alorreko erakunde publikoak eta Estatuaren, Euskal Autonomi Elkartearen, Foru Aldundiaren, udal erakundeen nahiz ongintzako edo erabilgarritasun publikoko fundazioen diruen pentsutan zeharo finantzaturiko ikastetxeak, maila guztietakoak. Bai eta, hezkuntza itunen barruan izanik, irabazi xederik ez duten edozein mailatako ikastetxeak ere, nahiz eta ikasleei liburuak zein idatz materiala saldu eta jan eta lotarako edo bazkaltzeko bakarrik ostatu eman eta, salbuespen gisa, irakaskuntzarako erabilitako lantegietan ekoizten dutena ikastetxean bertan saltzen badute ere, beti ere salmentarekin irabazitakoa lehengaiak erosteko edo ikastetxeari eusteko baino erabiltzen ez bada, hortik ikastetxe barruko zein kanpoko inork irabazpiderik atera gabe.

c) Gorputz, adimen eta zentzumen urrikoen aldeko irabazi xederik gabeko elkarte eta fundazioak, ezinduen irakaskuntza, hezkuntza, bizkortze eta babeserako egiten duten pedagogi, zientzi, laguntza eta enplegu jarduerengatik, nahiz eta horretarako erabilitako lantegietan ekoizten dutena saldu, beti ere salmentarekin irabazitakoa lehengaiak erosteko edo elkarteari eusteko baino erabiltzen ez bada, hortik elkarte barruko zein kanpoko inork irabazpiderik atera gabe.

d) Elkarteen Erregistroan inskribatutako irabazi asmorik gabeko elkarteak, baldin eta udalarekin batera lankidetza jarduerak burutzeagatik bertako organo eskudunak herri onurakoak izendatzen baditu.


9. art.- Hobariak

1.- Hobariaz baliatzeko, Udalak aurretiaz onartu beharko du, eta horren eragina eskatzen den zergapetze-aldirako izango da.

2.- Haztatze koefizientea aplikatuz, koefiziente bakarraz eta egoera eskalako indizeaz aldatutako zerga kuotaren hobaria gozatuko dute:

a) Kuotaren %50ekoa, ondorengo lehen mailako Babes Bereziko Kooperatibek: Elkar laneko Kooperatibak, Nekazal kooperatibak, Ustiapen Bateratukoak, Irakaskuntzakoak nahiz Etxebizitzenak eta Eraldaketarako Nekazaritzako Baltzuak.

b) Kuotaren %25eko izango dute "beren jarduera industrialak biztanle askoko guneetatik aparte dauden beste lokal edo instalazio batzuetara eramaten dituzten zergadunek. Hobari hori jarduera toki berrian hasten duten ekitaldiaren hurrengoan izango dute, eta bost urtean ere izan dezakete baldin eta lizentziak kudeatzeko udal zerbitzuak instalazioak tokiz aldatzearen gainean egindako txostena horren aldekoa bada".

c) Dagokion kuotaren % 5, 10 edo 20koa, hurrenez hurren, udal kuotako zergak ordaintzen dituzten subjektu pasiboentzat eta baldin hobaria aplikatzekoa den zergaldiaren aurre-aurreko zergaldian kontratu mugagabeko langileen batez bestekoa handitu badute, zergaldi haren aurrekoaren aldean.

Hobaria honela aplikatuko da:

a’) Kuotaren % 5, langileen gehikuntza % 5 izan bada.
b’) Kuotaren % 10, langileen gehikuntza % 10 izan bada.
c’) Kuotaren % 20, langileen gehikuntza % 20 izan bada.


10. art.- Subjektu pasiboak

Gizaki zein zuzenbide izakiek, banatu gabeko jaraunspenak, ondasun erkidegoek eta, zuzenbidezko izaerarik ez dutela, ekonomi unitate edo ondare berezitu zergagarria osatzen duten gainontzeko elkarteek ordaindu behar dute zerga hau, baldin eta zerga honen pean dauden jardueretakoren bat udalerri honetan egiten badute.


11. art.- Tarifak

1. Zerga ezartzeko modua arautzen duen jarraibidea eta zergaren tarifak Zergaren Testu Bateratuaren eranskin gisa ageri dira, eta bertan honako hauek azaltzen dira:

a)Jarduera ekonomikoen azalpena eta edukia, enpresa, lanbide eta arte jarduera gisa sailkatuta.

b)Jarduera bakoitzarengatik ordaindu beharrekoa, tarifetan eta jarraibidean araututako zergaren osagaien arabera.

2. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Aurrekontu Orokorren Foru Arauek eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeetara egokitzeko lege xedapenek, bai eta zerga neurriei buruzkoek ere, tarifak aldatzeko eta ordainkizunak eguneratzeko ahalmena izango dute.

3. Tarifetan ageri diren ordainkizunak honela daude sailkatuta: udal ordainkizun gutxienekoak, probintziako ordainkizunak eta estatuko ordainkizun bereziak.


12. art.- Kuota zehazteko orduan kontuan izango diren alderdiak.

Ordainkizuna finkatzeko zergaren osagaiak jardueraren seinale diren moduluak dira, tarifetan eta jarraibidean zehaztutakoaren araberakoak. Hona hemen zergaren osagai nagusiak: jarritako potentzia, txandak, eskubide populazioa, ikuskizunetarako lokalen plaza kopurua eta lokaletako azalera.


13. art.- Zerga kuota

1.- Honako hauek bata bestearen ondoren aplikatuta ateratzen dena izango da zerga kuota:

a) Zerga tarifak, Testu Berridatzian eta hura osatzen eta garatzen duten xedapenetan agindutako eran.

b) Haztapen ehunekoa.

Udal kuota minimoen gainean, probintzia kuoten gainean eta Estatu kuota berezien gainean aplikatzen da haztapen koefizientea, eta subjektu pasiboaren negozio zifraren zenbateko garbiaren arabera zehazten da.

Udal kuota minimoen gainean probintzia kuoten gainean aplikatu beharreko haztapen koefizientea, 4/2012 Foru Arauan (2012ko uztailaren 4koa) eta 1/1993 Araugintzako Foru Dekretuko 11. artikuluan (eranskinean jasoa) araututako taularen arabera zehazten da.

Probintzia kuoten eta Estatu kuota berezien gainean, 1/1993 Araugintzako Foru Dekretuko 11. artikuluan araututako taularen arabera zehaztutako koefizientea aplikatuko da.

c) Ehuneko bakarra.

Udalerri honetan egiten diren jarduera guztientzat jarritako koefiziente bakarra zergaren tarifan jarritako gutxieneko kuotei aplikatzen zaie, ponderazio ehunekoa aplikatu eta gero.

d) Egoera indizea.

Kaleak kategoriaren arabera sailkatzeko ordenantza arautzailean jasotakoarekin bat etorriz Udalak finkatutako egoera indizeak udalerriko lokalen kokalekuari kalearen kategoriaren araberako balore bat emateko balio du. Indize hori ere Udalak jarritako gutxieneko kuotei aplikatzen zaie, ponderazio ehunekoa eta ehuneko bakarra aplikatu eta gero.

e) Ordenantza honetan araututako hobariak.

2.- Foru Diputazioak gutxieneko ordainkizunen gainean ezartzekoa den portzentaia bakar gisa finkatu ahal izango du foru gainordaina.

3.- Probintziako ordainkizunei eta estatuko ordainkizun bereziei ezin zaie ezarri ez foru gainordaina, ez koefizientea ez egoera indizea.


14. art.- Kudeaketa

1.- Urteko matrikula, jarduera zabaltzeko eta amaitzeko adierazpenak, aldaketen jakinarazpenak eta ikuskaritza lanak dira zerga kudeatzeko erak.

2.- Ekonomi jarduerak, zergapekoak, zerga zorrak eta, halakorik izanez gero, foru gainordaina jasotzen dituzten erroldez osatutako agiriari deitzen zaio matrikula.

3.- Hona hemen Gipuzkoako Foru Aldundiaren eginkizunak:

a) Matrikula egin eta mantentzea, eta jarduera zabaltzeko adierazpenak kitatzea

b) Ekonomi jarduerak kalifikatzea eta errekurtsoak erabakitzea

c) Ordainkizunak eta ordainagiriak finkatzea eta errekurtso eta erreklamazioak erabakitzea

d) Probintziako ordainkizunak eta estatuko ordainkizun bereziak kudeatu, kitatu, ikuskatu eta biltzea

e) Salbuespenak eman zein ukatu aurretik egin beharreko txosten teknikoa egitea.

4.- Hona hemen Udalaren eginkizunak:

a) Kudeaketa, kitapena, ikuskaritza eta bilketa, bai borondatezko zergaldian bai premiamendu-bidean

b) Zerga honetan zergadunari laguntza eta argibideak emateko ekintzak.

c) Salbuespenak eta hobariak eman zein ukatzea

d) Bere eskumeneko errekurtso eta erreklamazioak erabakitzea

e) Foru Aldundiari matrikula egiten eta mantentzen, ekonomi jarduerak kalifikatzen eta ordainkizunak finkatzen laguntzea, kudeaketa arautzeko itunean jasotako eran zein lankidetzarako finkatzen den beste moduren batean.

5.- Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeaketa arautzeko itunean edo, lankidetzarako beste modu bat aukeratuz gero, horretan erabakitakoa bete beharko dute, batak besteari eskumenak emateko, elkarri laguntzeko eta elkarren berri jakiteko.

6.- Udalak nahiz Foru Aldundiak badu ahalmena, legeetan jarritako modu eta baldintzak betez gero beste ezeren eskaerarik egin beharrik gabe, zergaren erroldetan sartu beharrekoak sartzeko, aldatu beharrekoak aldatzeko eta kendu beharrekoak kentzeko.


15. art.- Betebehar formalak.

Zergapekoek, berek zein askietsitako boterea duten beren ordezkariek, honakook aurkeztu beharko dituzte, eredu normalizatuetan:

1.- Jarduera zabaltzeko adierazpen bana ordainkizun bakoitzeko -udal gutxienekoa, probintziakoa zein estatuko berezia. Matrikulan jartzeko behar den guztia agertu beharko dute adierazpenetan, eta zerga hobariak eskatu. Gipuzkoako Foru Aldundiari aurkeztuko dizkiote, jarduera zabaldu aurreko hamar egunean.

2.- Jarduera amaitzeko adierazpenak eta aldaketa fisiko, ekonomiko eta juridikoenak, zerga kontuetan eraginik izanez gero. Gipuzkoako Foru Aldundiari nahiz Udalari aurkeztu beharko dizkiote, jarduera amaitu zein aldatu eta hilabetea iragan baino lehen.

3.- Adierazpenak ez aurkeztea zein epez kanpo aurkeztea huts egite sinpletzat joko da.


Amaierako xedapena

Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.


EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Ekonomi Jardueren gaineko Zerga arautzen duen Ordenantza, 2012ko urriaren 24an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zela. Ezarritako aldaketak 245. GAOn 2012ko abenduaren 26an argitaratu ziren.
Bere Eranskina 2014ko azaroaren 27an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zen. Ezarritako aldaketak 243. GAOn 2014ko abenduaren 22an argitaratu ziren.