Udal zerbitzuak eman edo jarduerak egiteari dagozkion prezio publikoak 2023

UDAL ZERBITZUAK EMAN EDO JARDUERAK EGITEARI DAGOZKION PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEA



1. Art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauak prezio publikoei buruz xedatzen duenarekin bat, udal zerbitzuak eman edo jarduerak egiteari dagozkion prezio publikoak arautu eta galdatu egiten dira.



2. Art.- Prezio publikoak jartzeko kasuak.

1.- Prezio publikotzat hartuko dira Udal honek egiten dituen bere eskumeneko zerbitzu nahiz administrazio-jarduerengatik ordaindu beharreko diruzko ordainak, eranskinean jasota daudenak, hauetako bat gertatzen denean:

a) Administratuek obligazioz eskatu edo hartu behar dituzten zerbitzu publikoak nahiz administrazio-jarduerak ez izatea.

b) Zerbitzu publikoak nahiz administrazio-jarduerak sektore pribatuak eman edo egin ditzakeenak izatea, partikularren jarduketarik edo inolako aginte-adierazpenik ez dakartelako nahiz indarreko araudiak Udalaren alde erreserbatutako zerbitzuak ez direlako.



3. Art.- Ordaindu beharra dutenak.

Prezio publikoak ordaintzeko betebeharra zerbitzu nahiz jardueraz onura eskuratzen dutenek izango dute.

4. Art.- Gestioa.

1.- Prezio publikoak erabaki eta aldatzea Udalbatzaren eskumena da Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen 11/1989 uztailaren 5eko Foru Arauak 50. artikuluan xedaturikoaz bat.

2.- Zerbitzu publikoen zenbatekoa eskatutako edo egindako zerbitzu edo jarduera bakoitzeko ordainduko da, eta murriztu ezina izango da prezioa ezartzeko dokumentuan, baldintzen orrian, kontratuan edo onarpen-ebazpenean adierazitako aldiekiko.

3.- Prezio publikoen zenbatekoa, zerbitzuaren helburu, ezaugarri eta erabilgarritasunaren arabera zehaztuko da.

4.- Ondorio horietarako, kaleak kategorien arabera sailkatzen dituen Ordenantza Arautzailea ezarriko da.


5. Art.- Ordaintzeko moduak eta epeak.

Prezio publikoak honela ordainduko dira:

1.- Zerbitzua eman edo jarduera egin baino lehen, baldintzen orrian, kontratuan edo onarpen-ebazpenean agertzen den eran eta epean.

2.- Izaera dela-eta aurretik ordaindu ezin diren zerbitzuak ematen direnean edo jarduerak egiten direnean, ordainagiri bakoitzean aipatzen den eran eta epean.

3.- Aldizkako zerbitzuak eman edo jarduerak egiten direnean, errolda edo erregistro baten bitartez kudeatuz gero, agiri horren onespen-izapidean aipatutako epean.


6. Art.- Salbuespenak eta hobariak.

1.- Haur eskolan salbuespenaren onuradun izango dira hauek :

a) Haur eskolako zerbitzuak eskatzen dituzten familiak,baldin eta urtean lanbide arteko gutxieneko soldata edo hura baino gutxiago jasotzen badute .

b) Haur eskolako zerbitzuak eskatzen dituzten familia ugari kategoria bereziko eskatzaileak.


2.- Haur eskolan hobariaren onuradun izango dira honako hauek : :


a) Kuotaren %25,instalazio berean bi neba-arreba dituzten haur eskolako zerbitzuak eskatzen dituzten familiak.

b) Kuotaren %50, kategoria orokorreko kide anitzeko haur eskolako zerbitzuak eskatzen dituzten familiak

Zergaldi bakoitzean ezingo da hobari bat baino gehiago izan inoiz ere.


3.- Polloen eskaintzen diren errausketa zerbitzuetan, salbuespena egingo da kasu honetan:

a) Pobrezia egoeran hildakoentzako errausketa zerbitzuak.

b) Agintaritza judizialak agindutako zerbitzuak.

c) Ezohiko arrazoiak direla eta, Udal berak ordaindu behar dituenak.



7. Art.- Baldintza orrietan arautu beharrekoak.

1.- Zerbitzua eskatzen duenaren eta Udalaren artean sortzen diren eskubideak eta betebeharrak baldintza orrietan jarriko dira. Zerbitzu mota bakoitzak bere baldintza orri mota edo eredua izango du. Baldintza orri horiek kasu bakoitzean izango diren baldintza teknikoak eta administratiboak bilduko dituzte, Udaleko Zerbitzu Teknikoek proposatuko dituzte eta Gobernu Batzarrak onartuko.

2.- Baldintza orri mota edo eredu guztiek alderdi hauek jasoko dituzte:

a) Zer zerbitzu eta zenbat denboran eman behar den, aldiro eman beharrekoa den edo epe jakinik gabe ematekoa den ere jarrita.

b) Zerbitzua eskatzen duenak zer diru ordaindu behar duen, zenbat den prezio publikoa, zer tarifa den, zer ordain modu dagoen eta, jarri beharrik bada, zer berme jarri behar den.

c) Aurrez ere zerbait ordaindu edo jarri behar den.

d) Zerbitzua behar bezala eman ahal izan dadin eskatzaileak dituen betebeharrak, ordaindu behar duen dirua ez beste gainetikoak.

e) Betebeharrak ez betetzeak dakartzan zigorrak, baldintza orrietan jasotakoak.


8. Art.- Baldintza orriak sinatzea eskatzaileak.

Zerbitzuaren eskatzaileak inprimaki ereduko baldintzekiko adostasuna orria izenpetuta adieraziko du.


9. Art.- Baldintza orrien informazioa.

Zerbitzuaren nolakotasuna dela-eta baldintzen orri-eredua sinatzea beharrezkotzat jotzen ez denean ere, orri horiek zerbitzu-eskatzailearen esku egongo dira.


10. Art.- Ordaindutakoa itzultzea.

Prezio publikoa ordaintzeko betebeharra duenari egotz ezin dakizkiokeen arrazoiengatik jarduera egiten ez denean, bidezkoa izango da zenbatekoa itzultzea.


11. Art.- Behartze-bidez kobratzea.

Udalak behartze-bideko prozedura administratibo bidez eska ditzake prezio publiko hauei dagozkien zorrak.


Azken xedapena.

Ordenantza hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.

EGINBIDEA: Jasota geratzen da Sorospen Etxeko Zerbitzuei, Gazteria Bulegoko Zerbitzuei, Gazte Aterpetxeen Zerbitzuari, Gizarte Ongizateko Zerbitzuei eta Udal Errausketa Zerbitzuari buruzko eranskinen azken aldaketa, baita Covid-19aren ondorioz 2021erako egindako murrizketa ere, Udalbatzak behin betiko onartu zituela 2022ko abenduaren 20an egindako bilkuran, eta 3. GAOn 2023ko urtarrilaren 12an argitaratu zirela.