Udal jabari publikoa erabiltzeari dagozkion tasak 2023


UDAL JABARI PUBLIKOA ERABILTZEARI ETA USTIAPEN BEREZIARI DAGOZKION TASAK ARAUTZEKO ZERGA ORDENANTZA


1. art.- Foru araudia.

Gipuzkoako Toki Ogasunak arautzen dituen uztailaren 5eko 11/1989 Foru Arauan xedatutakoaren arabera, banakoek udal jabari publikoa eta erabilera publikorako izendatutako beste ondasun batzuk ere erabili eta bereziki ustiatzeari dagozkion tasak arautu eta galdatu egiten dira.


2. art.- Egitate zergagarria

1.- Udal jabari publikoa modu pribatiboan erabili eta bereziki ustiatzea izango da tasa hauen egitate zergagarria.

Gainera, tasaren mendean egongo dira erabilera publiko orokorrari atxikitako jabetza pribatuko ondasun higiezinetan banakoek egiten dituzten erabilerak.

2.- Tasa hauek ordaintzeak ez dakar berez ordaindu behar ez izaterik jabari publikoa osagaiak ezarri, aldatu, handiagotu edo murrizteko erabili edo ustiatzeko baimenari dagozkion tasak.


3. art.- Sortzapena

Tasak ordaindu behar dira udal jabari publikoa eta erabilera publikorako izendatutako beste ondasun batzuk ere erabili edo bereziki ustiatzen hasten denean, alegia, lizentzia ematen den unean bertan, aurretiaz horrelakorik eskatu bazen.


4. art.- Zergaldia

Banakoak udal jabari publikoaren eta erabilera publikorako izendatutako beste ondasun batzuen ustiapen berezia aldi jakin eta mugatu batean baino egiten ez duenean, tasa ordainduko da urte horretako urtarrilaren 1ean, eta zergaldia berezko urtea izango da edo erabileraren hasiera eta amaiera bitarteko aldia, tasen zenbatekoa arautzerakoan kontuan izango direlarik ordenantzaren eranskinean adierazitako ezaugarriak.


5. art.- Subjektu pasiboa: zergapekoa

Zergapeko gisako subjektu pasibo izango dira pertsona fisiko eta juridikoak, banatu gabeko herentziak, ondasun baltzuak, eta pertsona juridiko izan ez arren, ekonomi batasun edo ondare banatu zergagarria osatzen duten gainontzeko erakundeak, udal jabari publikoa bereziki erabili edo ustiatzen badute banako onurak lortzeko.


6. art.- Subjektu pasiboa: ordezkoa

Espaloietan ibilgailu edo gurdietarako sarbideak erabili edo bereziki ustiatu zein eraiki, zaindu, aldatu edo kentzeagatik ordaindu beharreko tasen subjektu pasibo izango dira ibilgailu sarrera horien kokaleku diren eraikin eta egoitzen jabeak.


7. art.- Ordaindu beharrik eza

Tasa hau ordaindu beharrik ez dutenak:

1. Estatua, autonomia erkidegoak eta udal entitateak, udal jabariaren erabilera partikularra edo aprobetxamendu bereziarengatik, zuzenean ustiatzen dituzten komunikabideetako zerbitzu publikoen aprobetxamenduengatik eta zuzen-zuzenean herritarren segurtasun edo defentsari interesgarriak zaizkion guztiengatik.

2. Udalaren jabetza publikoaren barruan ikus-entzunezko lan bat egin nahi duten eskatzaileak, baldin eta Donostia / San Sebastian Film Commission-en zerbitzuak erabiltzen badituzte udal jabari publikoan ikus-entzunezkoen alorreko jardueraren bat egiteko.

3. Udal erakunde autonomiadunak, herriko enpresa erakunde publikoak, herriko merkataritza sozietateak, administrazio emakidadunak eta Udalaren partaidetza duten ekonomia mistoko sozietateak, udal jabari publikoaren erabilera partikularra edo haren aprobetxamendu berezia egiteko hesiak edo aldamioak jartzeagatik, baldin eta hesi eta aldamio horiek Udalak herriko zerbitzu publikoak ezartzeko edo daudenak hobetzeko sustatzen dituen obretan erabiltzen badira.

4. Onura publikokotzat jotako fundazio eta elkarteak nahiz interes orokorreko helburuak lortu asmo dituzten gainerako entitateak, baldin eta Eusko Jaurlaritzaren edo Donostiako Udalaren erroldetan hala ageri badira, udal jabariaren erabilera partikularra edo aprobetxamendu berezia egiteagatik baltzuaren xedeari dagokion ekintzaren bat egiteko.


8. art.- Hobariak

Zerga kuotaren %50 fatxadak zaharberritzeko lanak direla-eta ezarri beharreko hesi edo aldamioak direla eta, gehienez hiru hilabetez kokatuz gero.


9. art.- Zerga kuotak

1.- Zerga kuotak ordenantza honen eranskinean zehaztu dira, oinarri hartu delarik eragindako ondasunak jabari publikoak ez izatekotan, erabilerak edo ustiapenak merkatuan izango lukeen balioa eta honela zehaztuko dira:

a) Erabilera edo ustiapen mota, azalera, iraupena, kokaleku duen bide publikoaren maila, ezarri beharreko elementuen ezaugarriak eta erabilera edo ustiapenaren erabilgarritasuna.

b) Lehiaketa publikoari dagokion jardunbiderik izatekotan, emakida, lizentzia edo esleipena jasoko duen eskaintzaren zenbatekoa.

2.- Zerga kuotak baimenduriko erabilera edo ustiapen bakoitzeko ordainduko dira. Ezingo dira laburtu baldintzen orrian, baimenean eta ondoko eranskinean adierazitako ordain aldiak, aldian behin luzaturiko ordaina duten tasen hasiera edo amaieretan izan ezik, horrelakoetan kuota erabilera aldiaren arabera banatuko baita.


10. art.- Tasak nola ordaindu

1.- Honela ordainduko dira:

a) Baimendu eta etengabe luzaturiko erabilera pribatiboa edo ustiapen bereziak, errolda edo erregistroa dela bide gestionatzen direnez gero, errolda edo erregistro bakoitzaren jendaurreko erakustaldian adierazitako aldian.

b) Emakida bidez baimenduriko erabilera pribatiboa eta ustiapen bereziak, orrian edo Ogasun Alorreko ordezkariaren ebazpenean adierazitako aldian.

c) Lizentzia bidez baimendu beharreko erabilera pribatiboa eta ustiapen bereziak, dagokion likidazioa bidaltzen denean.

2.- Erabilerak nahiz ustiapenak kalteak sor badiezazkieke udal ondasunei, kalte horiek ordaintzeko egoki iritzitako zenbatekoa gordailua ez egitea eskatuko du udalak eta, gainera, dagokion tasa publikoa ordaindu beharko da.

3.- Erabilera pribatiboak edo ustiapen bereziak jabari publikoa hondatzea edo narriatzea badakar, onuradunak tasa ez ezik, berreraikitzeko edo konpontzeko gastuen kostu osoa ere ordaindu beharko du, bai eta zenbatekoaren gordailua aurretiaz egitea ere.

4.- Nolanahi ere, kalteak konponezinak badira, udalak eskatuko du ondasunak konpondu edo berriak ezartzeko zein horien balioa ordaintzeko.

5.- Udalak ez ditu kalteordain edo itzulketa horiek barkatuko, ez osorik ezta zatituta ere.

6.- Jabari publikoa lizentziarik gabe erabili edo ustiatuz gero, arauzko tasa ordaindu beharko da eta, gainera, ordaindu ez den tasaren zenbatekoaren hiru halako isuna ere ezar dakioke.


11. artikulua. Tasa itzultzea

Subjektu pasiboari egotz ezin dakizkiokeen zergatikoak direla eta jabari publikoa eta erabilera publikorako izendatutako beste ondasun batzuk ere erabili edo ustiatzeko eskubidea gauzatzen ez denean, ordainduriko zenbatekoa itzuliko zaio.


12. artikulua. Orokorrean ezarri beharreko arauak

1.- Udalak tasak eska ditzake norberak egindako likidazio edo aurreko gordailu gisa zein lizentzietako baldintzek xedatu bezala.

2.- Udalak arauzko tasak ordaintzeko ez ezik, eginbeharrak beteko direla bermatzeko fidantzen gordailua aurretik egitea ere eska dezake.

3.- Udal jabaria erabili edo ustiatu nahi duenak honako hauek bete beharko ditu:

a) Udal baimena lortzea.

b) Halakorik izanez gero, baldintzen orria onartzea, orriko baldintza eta eginbeharrekiko adostasuna adierazita.

c) Ustiaketan zerbait aldatzekotan, aldatu eta hamabost eguneko epean udalari horien berri ematea.

d) Tasa hauei ezarriko zaizkie Foru Zerga Arau Orokorrak, Zergabilketako Arautegi Orokorrak zein horiek garatzeko araudiek xedaturiko gestio, likidazio, ikuskaketa, bilketa, urratze eta isun arauak.


Azken xedapena

Ordenantza honek Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den biharamunetik aurrera jarriko da indarrean eta, indargabetzeko edo aldatzeko erabakirik hartzen ez den bitartean, indarrean jarraituko du.

EGINBIDEA: Honen bidez aditzera ematen da Donostiako Udal Jabari Publikoa erabili eta Ustapen Bereziari dagozkion Tasak Ordenantzaren azken aldaketa eta bere eranskina arautzen duten 2022eko irailaren 29an egindako Udalbatzarrean behin-betiko onartu zirela. Ezarritako aldaketak 239.GAOn 2022ko abenduaren 20an argitaratu ziren.