Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Donostiako Udalak eskaintzen duen ordaintzeko modu birtual honen bitartez ordainagiriak pagatu daitezke gure sistemaren laguntzaile diren erakundeen edozein kreditu/zor txartel erabilita.

Prozesua abiarazi nahi baduzu, ON LINE ordaintzea loturan klik egin besterik ez duzu egin beharko.

Sistema lehenengo aldiz erabiltzen baduzu edo zehatz-mehatz jakin nahi baduzu zein pausu eman behar den, segituan zehazki-mehazki erakutsiko dizugu prozesu erraz eta seguru honen nondik norakoak, ordainagiriak Interneteko lotura duen edozein ordenadoretatik eta tokitatik (etxea, kultur etxeak, ziber kafetegiak...) pagatu ahal izateko.

Nola ordaindu txartelez

Lehenengo pausuan pantailara eramango dira ordainkizuna okerrik gabe identifikatzeko behar diren datuak: Erakunde igortzailea, ordainagiri erreferentzia, ordainaren identifikazioa eta zenbatekoa, beraz, ON LINE ordainketaren fase honetan hasi ahal izateko, eskura ordainagiria edo ordain dokumentua eduki beharko duzu.

Eremuok Udalak etxera bidaltzen dizun dokumentuan zehazten dira.

Halako datuen bitartez ordaina okerrik gabe identifika daiteke, hutsik ez izateko edo birritan ez ordaintzeko.

Daturen bat txarto sartuz gero, pantailako mezu batek huts egin duzula adieraziko dizu.

Programak lehenengo pausuan hutsa adieraz dezake bai nahi gabe daturen bat txarto idatzi duzulako, bai ordainagiria ordainduta duzulako, bai eremuak ontzat emateko eskatzerakoan, benetan igorri ez den ordainagiriren bati dagokiolako. Datuak ondo dauden ala ez egiaztatutakoan, sar itzazu datuok berriro.


Plataforma segurua


Aurrerantzean, eta prozesua guztiz amaitu arte, donostia.eus honek horrelako egituretarako plataforma seguru bidezko ordainera (SSL) du. Nabigatzailearen egoera barraren eskuinaldeko giltzarrapotxoak sistema indarrean dela adieraziko dizu.

Aipatu sistemari esker, datu guztiak zifraturik joango dira zugandik (erabiltzailearengandik) Donostiako Udalera eta ordainduko duen konpainiara (honako honetan, CECA delakora). Eragiketa guztietako datuak zifraturik doaz, saretik era seguruan joan daitezen ziurtagiri elektronikoetan oinarriturik. Ziurtagiri horiek beti egiaztatzen dira edozer ordaindu aurretik.

Txartelaren datuak sartzea

Lehenengo pantaila gaindituta, eta segurtasun plataforma utzi gabe, bigarren atalera igaroko gara, eta horretan eragiketen kontrola ordainketa gestionatuko duen enpresaren eskura doa zuzen-zuzenean, Honako honetan CECAra (Aurrezki Kutxen Espainiar Konfederazioa).

Bigarren pantaila honetan ikusiko duzunez, zure ordain eragiketari zenbaki bakar bat izendatuko diote, eta Eragiketa zk. atalean adieraziko dute.

Gero, zein kontzeptu ordaintzen ari zaren adieraziko du, eta ordaindu beharreko zenbatekoa ere, zuk aurreko urratsean tekleatutakoaren arabera.

Horien azpian hutsune batzuk agertuko dira, ordaintzeko erabili nahi duzun txartelaren datuak sartu ahal izateko. Idatz itzazu txartel zenbakia eta iraungi data. Sartu eta ondo daudela egiaztatu ondoren, azken fasera igaroko zara, hau da, baiestera.


Eta hutsik izanez gero?


"Jarraitu" botoian zapaldutakoan abiarazten den egiaztatze aldian hutsik gertatuz gero, argibideak eskainiko dizkizun leiho bat agertuko zaizu.

Txartel datuak sartzerakoan hiru aldiz huts eginez gero, ordaintzeko prozesua bertan behera geldituko da eta errore leiho bat zabalduko da. Segurtasunak berak behartzen gaitu saiakerak mugatzera.

Prozedura errepikatu nahi izanez gero, 1. pausutik hasi beharko duzu.

Hala nahi baduzu, noiznahi eten dezakezu ordainketa "ezereztu" botoia zapalduta.

Azken pausua

Pausu guztiak behar bezala eman badituzu, dena ondo joan dela baieztatzeko pantaila izango duzu. Ordainketaren datu guztiak agertuko zaizkizu zehazturik.

Egiaztagiria inprima dezakezu web orriko Inprimatu botoian klik eginda. Lortuko duzun informazio agiriak balio ofiziala izango du edozer dela eta.