1986 urtetik, urtero San Sebastian Eguneko jaia iristen denean, Donostiako Udalak Hiritar Merezimenduaren Domina ematen dizkie hiriari izaera bereziko zerbitzua eskaini dioten pertsonei edo entitateei.

2023ko DOMINAK



Azaroaren 21etik hasita abenduaren 4ra bitartean, hirian erroldatuta dauden donostiarrek eta hiriko elkarteek Hiritar Merezimenduaren Dominak aukeratzeko proposamenak aurkeztu ahal izan zituzten.

Proposamenak egiteko epea bukatuta, Udaleko Idazkaritza Orokorrak eta Herri Partaidetza Zerbitzuak aztertu zituzten 331 pertsona fisikok eta 7 elkartek aurkeztutako hautagaitzak, eta tramite honen ondoren ondorioztatu zen 53 hautagaitza betetzen zituztela baldintzak: batetik hautagaitza bakarrean bildu ziren errepikatutako proposamenak, eta bestetik baztertu egin ziren baldintzak betetzen ez zituztenak eta eskabide-fitxa berean bi proposamen egin zituztenak.

Txosten hori Udaleko Bozeramaileen Batzordera bideratu zen, eta bertan proposamenak udal-taldeek aurkeztutakoekin batera baloratu ziren.

Abenduaren 21ean Donostiako Udaleko Bozeramaileen Batzordeak onartu ditu 2023ko Hiritar Merezimenduen Domina jasotzeko proposamenak.
  • AGIFES, buru-osasuneko arazoa duten pertsona eta familien alde egiten duten lanagatik.
  • Easo Abesbatza, goi mailako abesbatza-musikaren bitartez kulturgintzan egiten duen lanagatik.
  • Lola Horcajo, hiriko historia eta ondarea zabaltzen egindako lan eskergagatik.
  • Maite Sabadell, Donostian hainbat ekimen sortzeagatik, tartean Donostiako inauteriko konpartsa ezagun bat bultzatu izanagatik.
  • Gurutz Linazasoro, garun-osasuneko, neurologia mailako eta gizarte arloko gaiei eman dien hedapenagatik, baita medikuntzan bultzatutako ekimenak abian jarri izanagatik.




Urtero legez, saridunek urtarrilaren 19an jasoko dituzte dominak, Udalbatzak berretsi ostean.

DOMINAK, HAUTAKETA PROZESUA



Prozesuari hasiera emateko, udazkenean epe bat ireki ohi da hirian erroldatuta dauden donostiarrek eta hiriko elkarteek Hiritar Merezimenduaren Dominak jasoko dituztenak aukeratzeko proposamenak aurkeztu ahal ditzaten.

Internet bidez egin ohi da tramitazioa eta beste aukera bat Udalinfo bulegoetara bertaratzea izaten da, aldez aurretik ordua eskatu eta gero: bertan laguntza teknikoa jasoko dute herritarrek online plataformaren bidez proposamena egin ahal izateko. Ez dago proposamenen kopuruan mugarik, baina proposamen bakoitzerako fitxa independente bat bete behar da.

Proposamenak egiteko epea amaitu ondoren, Idazkaritza Nagusiak eta Herri Partaidetza zerbitzuak herritarrek aurkeztutako proposamenak aztertuko dituzte, baldintzak betetzen dituzten proposamenak zerrendatu, sarirako proposatu diren pertsona edo erakunde bakoitzaren merituak eta saria ematea justifikatzeko garrantzitsuak diren datu guztiak jasoko dituzten banakako espedienteak osatuko dira eta txosten bat egingo dute. Txosten hori Udaleko Bozeramaileen Batzordera bidaliko da, eta, bertan, baldintzak betetzen dituzten proposamenak udal-taldeek aurkeztutakoekin batera baloratuko dira.

Bozeramaileen Batzordeak gehienez 5 hautagai aukeratuko ditu eta saria jasoko dutenen izena jakinaratzen da: Hori egin ondoren, Udalbatzak berretsiko ditu saritu horiek, eta saridunek urtarrilaren 19an jasoko dituzte dominak.