“Longebitatearen iraultza” delakoak erronka berriak ekarri dizkie gizarte garatuei, eta hiriek horiei aurre egin beharko diete berehala herritarren zahartze prozesuan duintasun baldintzak bermatzeko eta haien autonomia errespetatzeko. Etxebizitzarekin lotutako alderdiak bereziki garrantzitsuak dira zahartzen ari diren pertsonei bizitza erraztuko dieten espazioak sortze aldera.
Jakin badakigu zahartzen ari diren pertsonek beren kasa bizi nahi izaten dutela, eta beren etxean eta ohiko inguruan bizitzen jarraitu nahi izaten dutela, ahalik eta denbora luzeenaz, baita laguntza behar dutenean ere. Nahi horri erantzuteko eta, horrela, norbera bere komunitatean eta ingurune sozialean modu erosoan eta seguruan zahartzen joan ahal izateko, funtsezkoa da etxebizitzak egokitzea eta zaintzako eta laguntzako komunitate eta gizarte zerbitzuak eskuratzeko aukera ematea. Batzuetan, beren etxebizitzek dakartzaten oztopoen eta zailtasunen ondorioz, pertsona nagusiek beste norabait joan behar izaten duten bizitzera, beren nahiaren kontra; eta, beste batzuetan, ahulezia edo mendetasun egoerak sortzean, edo zaintza jakin batzuen beharra sortzean, pertsona nagusiek beren etxetik joan behar izaten dute.
Edonola ere, gai hau oso garrantzitsua denez, ongi aztertu eta identifikatu behar dugu egoera orokorra, eta Donostiako populazioaren zahartzeak 20 edo 30 urtera zer behar ekarriko dituen aurreikusi behar dugu, esparru horretan sortuko zaizkigun erronkei modu egokiagoan aurre egiten lagunduko diguten estrategiak zehaztu ahal izateko.
Bizi itxaropena luzatzen ari da, eta pertsona nagusien kopurua gero eta handiagoa da. Zahartzearen zahartzea hirukoiztu egin da EAEn azken hamarkada honetan; 80 urtetik gorako pertsonak, beren belaunaldiko pertsonen batez besteko bizi itxaropena gainditu dutenak, hamar pertsona nagusitik hiru dira jada.
Gaur egun, adina ez da homogeneizazio elementua; adin bera badugu ere, ez gara berdinak, ez dauzkagu interes berak eta ez gaude egoera berean. Kolektibo horren heterogeneotasuna dela eta, aniztasuna eta era askotako modalitateak hartu behar dira kontuan pertsona nagusientzako etxebizitzak planifikatzean. Edonola ere, horiek ingurune komunitarioetan egon behar dute, eta inguruko errealitatearekin bat datozen zerbitzuak eta arretak planifikatu behar dira.
Gure inguruan hasi dira sortzen co-housing edo etxebizitza kolaboratiboen esparru asoziatibotik sustatutako ekimenak, bizikidetza bultzatzeko eta bakardadea saihesteko xedea dutenak. Zer politika gauzatu beharko lirateke ekimen horiek beren xedea lor dezaten?
Europa erdialdean eta iparraldean duela zenbait hamarkada hasi ziren bizitza osorako etxebizitzen politikak gauzatzen, etxebizitza askeak zein gerontologia zentroetan bizikidetza unitate gisa antolatutakoak sortuz. “Etxebizitza” ereduak aukera “etxetiarra” ematen du, eta horrek pertsonen intimitatea bermatzen du, haien mendetasun egoera edonolakoa izanda ere.
Hortaz, “bizitza osorako etxebizitzei” buruzko araudiak sustatzea proposatzen da; etxebizitza horiek mendetasun egoerei erantzuteko aukera ematen dute egoera horiek sortuz gero, guztientzako diseinuan edo diseinu unibertsalean oinarrituta daudelako, eraikinak etorkizuneko beharretara egokitzeko xedez.
Testuinguru horretan, Donostia Lagunkoia Hiri Planak lan esparru berezitzat jotzen du etxebizitza, eta honako helburu hauek finkatzen ditu:
Pertsona nagusiek ingurune seguruan eta irisgarrian eta hurbileko zerbitzu egokiak dituenean bizitzen jarraitzeko aukerak ematea.
Etxebizitza egokitua, irisgarria eta segurua izateko aukera ematea pertsona nagusi guztiei.
Kolektibo horren heterogeneotasunera egokitutako bizitoki aukerak bultzatzea, eta etxebizitzak, haien diseinua eta zerbitzuen eredua laguntza beharretara egokitzea.
Jardunaldiaren helburuak:
Etxebizitzariburuzko eztabaida irekitzea Donostian eta EAEn sortzen ari diren lagunkoitasun prozesuen esparruan, etxebizitza politikak modu egokian planifikatzeko, eta horiek politika sozialekin, sanitarioekin, zaintzaren alorrekoekin eta abarrekin bateratu ahal izateko 20 edo 30 urtera bitarteko ikuspegiz.
Elkarrizketa sortzea hiri plangintzaren, arkitekturaren, gizarte zeritzuen eta osasun zerbitzuen alorretako eta zerikusia duten gainerako alorretako langileen artean, etxebizitzaren alorrean hautematen diren erronkei eta beharrei buruz, bizi itxaropena luzatzearekin, populazioa zahartzearekin eta mendetasun egoerak ugaritzearekin lotuta.
Honako gai hauetan dauden azken joeren berri ematea langileei eta herritarrei:
Ohiko etxebizitzetan egiten diren egokitzapenak eta esku-hartzeak haiek bizitza osorako izan daitezen.
Pertsona nagusientzako bizitoki aukerak.
Etxebizitza sozialak gizarte zahartu baten beharretara egokitzearekin lotutako esperientziak.
Gauzatzen ari diren esperientzietatik ikastea, eta arrakasta elementuak hautematea etxebizitza politiketan eta zaintza eta laguntza zerbitzuen ereduetan.
Nori zuzenduta
Jardunaldi hau etxebizitzaren eta zahartzearen alorretako politika publikoekin lotutako diziplinetako eta elkarte munduko langileei, plangintza egileei eta arduradunei zuzenduta dago. Era askotako ikuspegiak sartu nahi dira, diziplina anitzekoak eta zeharkakoak, ekarpen interesgarriak egin ditzaketen sektore guztiak lotu ahal izateko jardunaldi honekin.