Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostia Gazteriak, Udaleko Berdintasun sailarekin batera, jarraitzen du indarkeria matxistak nerabezaroan lantzeko jardunaldiaren antolaketarekin. Aurtengoa VII. edizioa da.

Haur eta gazteen aurkako indarkeria matxistak; abusuak, indarkeria sexuala, sareetako indarkeria... hainbat toki eta modutan ematen dira indarkeria eta jazarpen hauek. Honek duen garrantzia eta ondorioei erreparatu nahi diegu, horretarako lehengo urratsa gaia ezagutzea eta sakontzea da.

Gure jendartean, haur eta gazteek jasaten duten indarkeria nabarmena da. Indarkeria beti existitu da, baina azken urteotan gai honen inguruko ikerketek eta argitalpenek arazoaren inguruko informazio gehiago izan eta ikusarazten lagundu dute. Indarkeria matxistak modu psikologikoan, emozionalean, fisikoan eta sexualean ematen dira.

Honi guztiari aurre egiteko sexu-heziketa ezinbestekoa da, baina nola bideratzen da sexu-heziketa hau? Zein tresna ditugu hezkuntza egoki hau emateko? Aurten hori da landu nahi dugun ardatza;
Sexkidetza: Sexu-heziketa hezkidetzaila neraberazoan.

Gai hau lantzeko, Eider Goiburu Moreno-rekin ari gara elkarlanean. Bera, Psikologian lizentziatua da, sexu-hezitzailea, berdintasun teknikaria eta pedagogian doktorea. Bere ibilbide profesionala sexualitatearen lanketarekin hasi zen orain dela 20 urte eta bide honek hezkidetza lantzera, indarkeria matxistaren prebentzioa garatzera eta emakumeen ahalduntze prozesuak laguntzera eraman du.

Aurten ekimen ezberdinak izango ditugu. Gure nahia beti izan da entzundakoa gorpuztea eta adibide errealak, ahal den heinean, gurera gerturatzea. Hau betetzeko asmotan 3 bloke antolatu ditugu; 1. jardunaldia, 2. aldibereko tailerrak eta 3. eskaintza biribiltzeko kultur ekimenak.


Zeinentzako?


Batik bat, haurrekin eta nerabeekin lanean edo kontaktuan dauden eragileei zuzendua dago.



Zein da egitaraua?

  • Batetik, Jardunaldia izango dugu, azaroaren 9an, goizeko 9:00etatik 14:30era, Intxaurrondo Kultur Etxean.

Jardunaldi hauetan, sexu-heziketari buruz hausnartuko dugu. Sexu-heziketaren ibilbidea kokatuko da, pornografiak gazteen sexu-heziketan duen lekuari buruz hausnartuko da, sexu-heziketa hezkidetzailearen beharra azaleratuko da eta praktika eta esperientzia ezberdinak partekatuko dira.

Hizlari hauek hartuko dute parte: Eider Goiburu Moreno, Josebe Iturrioz Lopez, Ane Ortiz Ballesteros eta mahai inguruan Eihera Kooperatibako kideak, Sorginlore, Lahia 3.0 eta Azpeitiko Udala.

Jardunaldiari hasiera Eider Goiburu Moreno-k emango dio, Sexu-eskubideak eta sexu-heziketa: nondik gatoz, non gaude eta nora goaz? Hitzaldiarekin.

Ondoren 2 hitzaldi izango ditugu:
Lehenengoa, Josebe Iturrioz Lopez-ek emango du: Pornografia gaur egungo sexu-heziketa ote?

Josebe Iturrioz filosofian lizentziatua, Berdintasun teknikaria eta irakaslea da. 7 urte egin ditu berdintasun-teknikari gisa, eta 2 urte Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzako aholkulari lanetan. Gaur egun, hezkuntza-eremuetan egiten du lan, eskola publikoan filosofiako irakasle gisa.

Bigarren hitzaldia, Ane Ortiz Ballesteros-ek emango du, Sexu-heziketa hezkidetzailearen beharra indarkeria matxistaren prebentziorako izenburupean.

Ane Ortiz Ballesteros sexologoa, Sexologia Klinikoko Training, Lehen Hezkuntzako Maistra, Berdintasun Teknikaria eta Terapeuta Menstruala da. Gaur egun, Bizkaiko Foru Aldundian dago Berdintasun Teknikari lanetan eta Mundu Berriak erakundeko kidea da.

Atsedenaren ondoren, hainbat eremutako esperientziak eta baliabideak ezagutzeko mahai ingurua izango dugu. Honakoak zehazki:

1.- Arte hezkidetzailea. Artearen bitartez lan egitearen eraginkortasuna – Sorginlore Pedagogia Feministak eta Kultura parte-hartzaileen elkartearen eskutik.
2.- Pornografia mutilekin lantzen – Eihera LGTBI+ eraldaketa eta esku-hartze feminista kooperatibaren eskutik.
3.- Berdinen arteko programak - Lahia 3.0 sexologia eta hezkidetza elkartearen eskutik.
4.- Sexualitate Txokoak - Azpeitiko udaleko Gaztelekuko hezitzaileen eskutik.

Mahai inguruan proposamenen nondik norakoak, eta hauen lurreratzeak dakartzan onura eta erronkak ezagutuko ditugu. Azaroak 16ko tailerren bitartez, proposamen hauetan sakontzeko aukera izango dugu.


  • Bestetik, SEXKIDETZAZ BLAI! TAILERRAK izango ditugu azaroaren 16an, goizeko 10:00etatik 13:00etara, Intxaurrondo Kultur Etxean.

Tailer hauen helburua, jardunaldietan egindako hausnarketatik trebakuntzara salto egitea da. Hau da, hezitzaileei beraien espazioetan gazteekin sexkidetza lantzeko baliabideak eskaintzea. Horretarako, esperientzien mahaian aurkeztutako praktikei buruzko tailerretan parte hartu ahal izango da.

Hurrengo 3 tailerrak eskainiko dira. Eta parte-hartzaile bakoitzak tailer bakarra aukeratu ahal izango du.

1.- Artearen bitartez hezkidetza lantzen – Sorginlore
Tailer honetan, genero rolak, maitasun erromantikoa, indarkeria matxista, harreman osasuntsuak eta intersekzionalitatea landuko ditugu. Helburu nagusia, hezkidetza sustatzeko gaitasunak indartzea da pedagogia feministen bitartez; bizipenetatik abiatuta, gogoetaren bitartez eta jakintzak eta beraien errealitatera egokitutako mekanismo eta tresna praktikoak burutuz.


2.- Gizonekin sexu heziketa lantzeko estrategia feministak – Eihera Koop. Elkarte Txikia
Erotika eta praktika afektiboen korapiloari erreparatzeaz gain, gorputzen sexuatze prozesuetan eta maskulinitatearen eraikuntzan zutabe diren faktoreei erreparatuko diegu, indarkeria matxista eta LGTBI+fobikorik gabeko gazte espazioak sortzeko helburuarekin.


3.- Berdinen arteko programan trebatzen - Lahia 3.0
Tailer honetan, sexualitatearekiko ditugun jarrerak landuko ditugu, gazteekin landuko diren edukiak prestatuko ditugu eta saioak dinamizatzen ikasiko dugu. Helburu nagusia hezitzaileek berdinen arteko programak egin ahal izateko baliabideak eskaintzea da.

  • Eta bukatzeko, 2 kultur emanaldietan parte hartzeko aukera egongo da. Hezkuntza kultura delako, aurten kultur emanaldi sexkidetzaileekin gozatu eta ikasteko aukera edukiko dugu.
Hurrengo bi emanaldiak eskainiko ditugu, sarrera bidez:

1. “Belarri bero, bai esan?” websaila + solasaldia, azaroaren 15ean, 19:00etan, Intxaurrondo Kultur Etxean.

2. “Sexberdinak” antzezlana (Aitziber Garmendia eta Telmo Irureta), azaroaren 18an, 19:00etan, Intxaurrondo Kultur Etxean.




Izen ematea


  • Jardunaldian eta tailerretan parte hartzeko, izena ematea beharrezkoa izango da. Sarrera doakoa den arren, izen ematea beharrezkoa da edukierak mugatuak direlako.
  • Jardunaldirako eta tailerretarako izen-emateak independenteak izango dira.
  • Izena emateko epea urriaren 2tik 20ra da eta parte hartzaileak inskripzioaren hurrenkeraren arabera hautatuko dira.
  • Tailerren kasuan, parte hartzaile bakoitzak tailer bakarrean izena eman ahal izango du. Eta lehentasuna izango dute jardunaldian izena eman dutenek.

Donostia Gazteriako webgunean (www.donostia.eus/gazteria) egin daitezke izen-emateak edo esteka honetan zuzenean: https://labur.eus/indarkeriamatxistajardunaldia2023




Informazio gehiago


donostia.eus/gazteria
donostia.eus/berdintasuna
943481909 telefono zenbakian

Egitarauaren pdf-a


Egitaraua.