Donostia Gazteriak, Udaleko Berdintasun sailarekin batera, jarraitzen du indarkeria matxistak nerabezaroan lantzeko jardunaldiaren antolaketarekin.
2024an, VIII. edizioa egin da, eta aukeratutako gaia INTERSEKZIONALITATEA izan da.
Hona hemen aurtengo edizioaren laburpen-bideoa:
Zer da intersekzionalitatea?
Intersekzionalitateak, kategoria sozial ezberdinak nola uztartzen diren azaldu nahi du. Hau da, guztiok gaude kokatuta kategoria sozial ezberdinetan: guztiok dugu generoa, guztiok dugu desioen orientazioa, talde etniko bateko kide gara, gorputz eredu jakin bat dugu eta abar. Aldi berean, kategoria bakoitzean pribilegio edo zapalkuntza posiziotan koka gaitezke.
Zer esan nahi du begirada intersekzionala txertatzea indarkeria matxisten identifikazio, prebentzio eta esku-hartzean?
Indarkeria matxistak lantzean, ezinbestekoa da kategoria ezberdinak kontuan hartzea indarkeria matxistek hartzen dituzten forma ezberdinak ikusi ahal izateko. Helburua ez da indarkeria matxisten arteko mailaketa bat egitea, forma ezberdinak identifikatu ahal izateko gaitasuna eta begirada garatzea baizik.
Aurten ekimen ezberdinak izango ditugu. Gure nahia beti izan da entzundakoa gorpuztea eta adibide errealak, ahal den heinean, gurera gerturatzea. Zentzu honetan, aurtengo jardunaldia 2 egunetan garatuko da eta bertan hitzaldiak, mahai ingurua eta tailer ezberdinak izango ditugu. Eta eskaintza biribiltzeko, kultur emanaldi bat eskainiko dugu.
Zein da egitaraua?
Batetik, Jardunaldia izango dugu, azaroaren 5ean eta 14an, goizeko 9:00etatik 14:00etara, Intxaurrondo Kultur Etxean.
Azaroaren 5ean begirada intersekzionala landuko dugu. Eta horretarako:
Jardunaldiari hasiera María Rodó-Zárate-k emango dio, Interseccionalidad: desigualdades, lugares y emociones hitzaldiarekin.
Maria Rodó-Zárate irakaslea da Pompeu Fabra Unibertsitateko Politika eta Gizarte Zientzien Sailean, eta bertan koordinatzen du Generoari eta Desberdintasunei buruzko Ikerketa Taldea (GRETA - https://www.upf.edu/web/greta). Bere ikerketaren ardatza desberdintasun sozialak aztertzea da, ikuspegi intersekzionaletik, espazialetik eta emozionaletik. Intersekzionalitatearen geografiak aztertzeko metodologia espezifikoak ere garatu ditu, hala nola Relief Maps (reliefmaps.upf.edu). Interseccionalidad: desigualdades, lugares y emociones lanaren egilea da, eta Tierra de nadie. Perspectivas feministas sobre la independencia (Pol·len edicions, 2018) lanaren koeditora.
Maríarekin batera, Uxía Reboiro del Río bere lankidea etorriko da.
Uxía Reboiro del Río doktoregaia da Pompeu Fabra Unibertsitateko Politika eta Gizarte Zientzien sailean. Bere ikerketa indarkeria politikoan, gorroto-diskurtsoetan eta erresistentzia feministetan oinarritzen da, ikuspegi intersekzionaletik. Hainbat ikerketa-proiektutan parte hartu du, hala nola 'Ikerketa gazteak Espainian' (UMYC, 2021), eta 'COVID-19 eta genero-desberdintasunak: pandemiak ikertzaileengan eta zientzialariengan dituen ondorioak' (2022) artikulua argitaratu du, pandemiak emakumeengan duen eragina zientzietan aztertzen duena.
Ondoren, Intersekzionalitateak gorpuzten ariketa kolektiboa izango dugu, Oihan Martirena eta Blanka Ruiz-ekin. Partaideek pribilegio-zapalkuntza ardatzean kokatzeko ariketa sinboliko bat egingo dute zapalduen antzerkiaren teknikaren bitartez.
Blanka Ruiz-ek hainbat diziplina artistikotan du prestakuntza, bereziki Arte Eszenikoetan, Dantzan eta Arte Plastikoetan, eta bere ibilbide profesionala artearen gizarte-ekintzara, hezkuntzara eta aplikazio terapeutikoetara bideratu du. Arte Ederretan lizentziaduna, B.A.I.ko (Barakaldo Antzerki Ikastegia) antzerki-prestakuntza ere egin du, eta dantza garaikidean eta antzerki fisikoan trebatu da.
Beste proiektu batzuen artean, Dantza aplikatuarekin eta Antzerki Sozialarekin lotutako hainbat ekimenetan aritu da. Hainbat ikuskizunetan parte hartzeaz gain, 10 urte baino gehiagoz Antzerki Foroan oinarritutako hezkuntza-jarduerak egin ditu Kataluniako eta Euskal Herriko hainbat institututan.
Eta Oihan Martirena, formazioz ingeniaria eta proiektu teknikaria bada ere, hamabi urteko eskarmentua du hezkuntzan eta gizarte ekintzan, garapenerako lankidetza, antzerkia eta ekimen sozialaren inguruko elkarte eta kolektibo desberdinekin lanean. Azken hamarkada honetan Zapalduon Antzerkiko metodologia erabili izan du talde eta ekimen desberdinetan gatazkak eta talde dinamikak lantzeko, gizarte harpidetzarako gogoeta egiteko giroa erraztuz.
Eta atsedenaren ondoren, aurreko aurkezpenetan oinarritutako eta intersekzionalitatea lantzeko 2 tailer eskainiko dira:
1.- "Intersekzionalitateak eta indarkeria matxistak nerabezaroan: relief maps".
Relief Maps eredua aurkeztu eta aplikatzera bideratutako tailerra. Eredu horrek, informazioa ikuspegi intersekzionaletik, geografikotik eta emozionaletik bildu, aztertu eta bistaratzen ditu. Ikerketarako zein esku-hartzerako tresna erabilgarria da.
Tailer hau bi taldetan banatuko da. Batean, digitalean egingo da lan, eta, bestean, paperean. - Relief maps online – María Rodo-Zárate - Relief maps paperean – Uxía Reboiro del Río
2.- “Zapalduen antzerkia: boterea eta gatazkak gazteekin lantzen” - Blanka Ruiz eta Oihan Martirena
Gorputzaren lengoaiak eta jolasa abiapuntu, parte hartzaileek euren jarduera profesionalean zein bizitzetan aurkitzen dituzten zailtasun egoerak izango ditugu aztergai, eta horiek eraldatzeko aukerak elkarrekin bilatzea proposatuko diegu.
Eta azaroaren 14an, eremu ezberdinetako esperientziak eta baliabideak ezagutu ahal izango ditugu. Intersekzionalitate Gorpuztuak deitu diogu.
Horretarako, esperientzia intersekzional gorpuztuak izeneko
mahai-ingurua izango dugu, honako esperientziekin:
1.- Etnizitateak - SOS arrazakeria
2.- Sexu-aniztasuna – Hiruki Larroxa
3.- Gorputzak: Lodifobia – Emuna Aüka
Eta atsedenaren ondoren, tailerren bitartez, proposamen hauetan sakontzeko aukera izango dugu.
Hurrengo 3 tailerrak eskainiko dira. Eta parte-hartzaile bakoitzak tailer bakarra aukeratu ahal izango du.
1.- “Hezkuntza antiarrazista” - SOS arrazakeria
Gaur egungo gizartean dauden gorroto-diskurtsoen gorakada eragin duten arrazoien inguruko hausnarketa egitera bultzatuko da, perspektiba intersekzionaletik abiatuz. Azkenik, eta zurrumurruen aurkako estrategiaren harira narratiba alternatiboak eraikitzearen garrantziaz hitz egingo da, kontra-narratiben aurrean.
2.- “Sexu-aniztasuna eta intersekzioak: LGBTI+ siglez harago” - Hiruki Larroxa
Sexu-aniztasuna ikuspegi intersekzionaletik landuz, tresna praktikoak eta metodologiak lantzeko tailerra proposatzen dugu. Non, parte-hartzaileek, funtsezko kontzeptuak aztertzeaz gain, jarduera kolaboratiboetan parte hartu, eta beren hezkuntza-inguruneetan aplikatzeko metodologia espezifikoak landuko dituzten.
3.- “Lodifobia gorpuztuak” – Emuna Aüka
Gizartean lodifobiaren inguruan zeharkatzen duten eta gaituzten min eta indarkerien identifikazioa osatuko dugu modu kolektiboan. Era berean, gorputz ereduak gazteei nola zeharkatzen dien aztertuko dugu eta honi aurre egiteko estrategiak eskuratzeko ariketak egingo ditugu.
Eta bukatzeko, zuzeneko Podcast saio bat izango dugu. Honakoa:
Podcast: Laura Ré eta Danel Galdaera, azaroaren 15ean, 19:00etan, Intxaurrondo Kultur Etxean.
Laura eta Danelen arteko elkarrizketa bat izango da. Intersekzionalitatea aurkeztuko dute beraien bizipenetatik eta gai honetan murgilduko dira ordubeteko hizketaldi batean.
Umorea eta ikuspegi feminista izango dira saioaren bi ezaugarri.
Umore azidoa da beraiena eta horretaz baliatzen dira dimentsio handiko gauzen inguruan hitz egiteko.
Zeinentzako?
Batik bat, haurrekin eta nerabeekin lanean edo kontaktuan dauden eragileei zuzendua dago.
Izen ematea
- Jardunaldian parte hartzeko, izena ematea beharrezkoa izango daesteka honen bidez. Sarrera doakoa den arren, izen ematea beharrezkoa da edukierak mugatuak direlako.
- Jardunaldiko egun bakoitzeko izen-emateak independenteak izango dira. Bi egunetan parte hartu nahi izanez gero, bi izen-emate egin beharko dira.
- Egun bakoitzean, hitzaldi edota mahai inguruaz gain, parte hartzaile bakoitzak tailer bakarrean izena eman beharko du. Aldibereko tailerrak baitira.
- Izena emateko epea urriaren 1etik 20ra da eta parte hartzaileak inskripzioaren hurrenkeraren arabera hautatuko dira.