Inprimatu
Whatsapp ikonoa

UDALTZAINGOAREN BIDE HEZKUNTZAKO KANPAINA



Udaletxeko eraikinaren aurrean dabiltzan oinezkoen marrazkia




HARREMANETARAKO DATUAK

Udaltzaingoa.- Prestakuntza Unitatea
  • Morlans Biribilgunea, 1. 20009. Donostia-San Sebastián
  • Tel.: 943.48.13.36
  • E-maila: Educacion_vial@donostia.eus



EGUNGO MUGIKORTASUNAREN EREDUARI EGOKITUTA:


Donostia tamaina ertaineko hiria da −180.000 biztanle inguru ditu−; nolanahi ere, udalerri mugakideak (Pasaia, Errenteria, Hernani, Lasarte, eta abar) kontuan hartzen baditugu, esan daiteke gutxi gorabehera 300.000 auzotarren hiriaren erdigunea dela.
Donostia itsasoak mugatuta dagoenez, joan den mendean eragozpen handia izan zuen hiri-mugikortasuna garatzeko; baina horrek eragin du antzeko beste herri batzuetan baino lehenago finkatzea beste mugikortasun modu modernoago batzuk, norberaren ibilgailura hain atxikita ez dauden moduak. Modu berri horiek beste arazo bat sortzen ari dira ordea, eta arazo hori hartzen dugu oinarri gisa landu beharreko helburuak ezartzeko. Helburu hauen artean ditugu oinezkoen ahalduntzea, txirrindaren eta garraio publikoaren erabilera eta, adin batetik aurrera, haurren autonomia hirian mugitzeko sustatzea.


BIDE HEZKUNTZAKO KANPAINA


Helburua zera da, ikasleek Lehen Hezkuntza bukatzen dutenean behar adinako gaitasuna izatea hirian barrena modu autonomoan ibiltzeko, betiere oinezkoen segurtasunarekiko jarrerak eta neurriak azpimarratuz (8-9 urte), edo iada ibilgailuak erabiltzeko gai diren aldetik (10-12 urte).

Bestalde, bigarren hezkuntzarako diseinatu ditugun tailerretan garrantzi handiagoa ematen zaio jarreren alderdiari, eta talde-presioa edo emozioak kudeatzeko gaitasuna lantzen ditugu beste Bide Hezkuntzako gaitasunekin batera.

Horretaz gain beste giza-taldeekin lantzeko aukera zabalik uzten dugu. Prest gaude hortaz 3. Adineko “Nagusien” kolektiboari saioak zuzentzeko, ahalmen bereziko pertsonekin lantzen ari diren erakundeen eskaerak jasotzeko, edo guraso berriei Bide Segurtasunaren mezua helerazteko.


GURE SAIOEN ZIRRIBORRO BAT


LEHEN HEZKUNTZA :
  • Lehen zikloa:
Kalean oso autonomia mugatua duen talde honi segurtasuneko neurri oso oinarrizkoak azpimarratzen zaizkio, hala nola autoan bidaiari bezala joateko irizpide seguruak edo zaintzaileengandik galtzeko arriskuaren aurrean jokatzeko estrategia. Azken hau aprobetxatzen dugu udaltzainen figura gerturatzeko.
Arretarekin lotura duten jokoak ere egiten ditugu, bide publikoetan arretaren pizgarri funtzioa, batez ere entzumenaren bidez, betetzen duten elementuak erabiliz. Hala nola, kamioien eta autobusen atzerako martxa, edo txirrindaren txirrina.

Bi haur komunikazio-ariketa bat egin ari dira gelako gainerakoen aurrean

  • Bigarren zikloa:
Adin esanguratsua da hau kalean ibiltzean eta errepidea gurutzatzeko orduan lehen eskarmentuak hartzeko. Prozesu horretan laguntzen saiatzen gara. Horretarako oso funtsezkoa iruditzen zaigu kaleko benetazko trafikoarekin esperientzia bat lantzea.
Gelan, kaleko saioaren osagarri, trafikoaren ikuspegi sistemiko baten lehen aipamenak egiten ditugu. Horrela, arriskuak aztertu ahal izateko, banan-bana landu ordez, egitura orokor baten barruan lantzen ditugu.
Horretaz gain auzoarekiko identitatea gorpuzteko aktibitatea diseinatu dugu, giza-kohesioak bide segurtasunarekin lotura duela jakitun.

Haur talde batek jarduera bat egiten ari da ikasgelan
Agente batek haur talde bati begira da oinezkoen pasabidearen beste aldean



  • Hirugarren zikloa.
Ibilgailu bat gidatzeak berez ekartzen duen mugikortasunaren perzepzio aldaketa da ziklo honetan gehien lantzen duguna. Horrek arreta, inguruaren azterketa eta zaurgarritasun desberdinekiko sentiberatasuna diren gaitasunetan urrats bat aurrera egiteko eskatzen digu. “Emozioekin”, “abiadurarekin” edo “leku publiko desberdinen erabilerarekin“ lotura duten kontzeptuak agertzen dira.
Gelan egindako lana patioan edo bidegorrietan bizikletan ibiltzeko jarduerekin osatzen dugu.

Ikasle talde bat bere arbel digitaleko irudiei begiratzen ari da
Haur talde bat bizikletan dabil Trinitate Plazako zirkuitu batean


  • Marrazkien erakusketa
Udaberrian hiriko kultur etxe batean kurtsoan zehar ikasleek eskaini dizkiguten marrazkien aukeraketa bat erakusten dugu. Kurtsoaren araberako lau gai ditugu gure mezuen oinarri:
  • Hirugarren mailan: “Nire auzoa”
  • Laugarren mailan: “Badakit joaten”
  • Bostgarren mailan: “Bizikidetza”
  • Seigarren mailan: “Eskarmentua”
Erakusketa honen harira bisita gidatuak antolatzen ditugu ikasleek Bide Segurtasuneko mezua hobeto barneratuko dutelakoan. Aprobetxaten dugu euren gustuko lanak zeintzuk diren jakiteko. Lan hauek dira datorren urterako finantzaten dugun horma-egutegian publiko zabalagoetara hedatuko direnak.

Ikasle talde bat horma batean zintzilik dauden marrazkiak begiratzen ari da




BIGARREN HEZKUNTZA:

DBHko ikasleentzat bi tailer prestatu ditugu, tailer gehiago diseinatzeko lanean galbiltzalarik:
  • Lehen zikloa
    • IZENBURUA: “Ardura”
    • Jokoak, bideoak, solasak eta eztabaidak erabiliz, bide publikoan norbere arduraren maila indartzeko saioa da.
  • Bigarren zikloa
    • IZENBURUA: “Arriskua”
    • Hemen ere jokoak, bideoak, solasak eta eztabaidak erabiltzen ditugu, bidearekin zerikusirik duten erabakiak hartzerakoan ikasleek nortasuna egoki finkatzeko.


Bigarren hezkuntzako ikasleak jardueretako bat egiten ari dira
Bigarren hezkuntzako ikasleak bizikletaz dabiltza hirian zehar


Bai lehen zikloan bai bigarrenean, tailer hauek osatzeko, edo gelako tailerrik egin gabe ere, aukera dago bizikletako saioak egiteko hiriko kaleetan barrena.



SAIOEN ANTOLAKETARAKO


Saioen kopurua eta iraupena malguak dira: Egokitzen dizkiegu bai unitate honetako udaltzainen ahalmenei bai gure hartzaileek izan ditzaketen baldintzei.
Saioen datak zein programazioa zehazteko harremanetan jarriko gara interesatuta dauden guztiekin.