Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Ibilbide orokorra

   

'Oroimenaren bidea' kartela


Urtero, Donostiako Udalak bisita antzeztuak antolatzen ditu, altxamendu militar frankistan gure hirian gertatutakoa ezagutzera emateko asmoz.

Bisitak,iraileko larunbatetan egiten dira. Gerra zibilaren hondamendiak zuzenean edo zeharka sufritu zituzten pertsona guztiei egindako omenaldi bat dira bisitak, eta gure historian kapitulu triste bat izandako lekuak eta pertsonaiak oroimenean gordetzen lagunduko digu.

Bi antzezleek garai hartan donostiarrek bizi izandako uneak kontatuko eta antzeztuko dizkigute, Xabier López Askasibarrek idatzitako gidoiari jarraituz; 1936ko uztailaren 18tik, Errepublikaren aurkako matxinada militarraren egunetik, Donostia frankisten eskuetan erori arte.



Ibilbide orokorrak zazpi puntu nabarmentzen ditu. Hauxe izan da gauzatu den bidea, bataz beste ordu eta erdiko iraupena izan duena:
  1. San Telmo Museoa. Museoaren barne aldean, testuinguru historikoaren sarrera: gerra zibila Donostian.
  2. Salamanca pasealekutik Kursaalera begira. Frankismoaren bitartean atxiloketa gunea izandakoa.
  3. Okendo plaza. Maria Cristina Hotela. Gatazka lekua izan zen, eta gaur egun, oraindik, suma daitezke eraikinean borrokaren aztarnak.
  4. Garibai kalea 32. Frente Popular egunkariaren garai bateko egoitza. Iraganaren aztarnak ezabatu nahia, zentsura eta garaiko terminologia.
  5. Ijentea kalea (Nautikoa/Goikoa Jauregia/Udaletxea triangelua). Okupazioko eta gudako gertaeren kontakizunak; erreparazioa, exekutatutako donostiarren omenezko eskulturaren aurrean.
  6. Elbira Zipitria kalea. Gerrako emakumeak, errepresioa eta ikusezin bihurtzea.
  7. Zuloaga plaza. San Telmo Museoaren eraikina eta Fernando Sasiainen plaka. Errepresaliatuak izan zirenei aitortza, oroimen historikoaren berreskuratzea eta bisitaren amaiera.

Bibliografia

Ikastetxeentzat eskaintza

   


Ibilbide orokorraz gain, hiriko hezkuntza zentroei eskaini zaien eskaintza berezia antolatu da, urri osoaren bitartean eta azaroaren lehen hamabostaldian, ibilbidea taldean egiteko. Denera 558 ikaslek eta euren irakasleek hartu dute parte hauetan. Ondorioz, zuzenean ezagutu ahal zian dute 1936ko estatu kolpeaz geroztik diktadura frankistaren amaierara arte Donostian izandako gertaerekin zer ikusia duten gune garrantzitsuenetariko batzuk. Guztira 26 bisita gidatu eskaini dira, eta hauetan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH), Helduen Hezkuntza Iraunkorreko Zentroetako (HHI), Euskaltegietako eta Hasierako Lanbide Prestakuntzako Programetako Ikastetxeetako (HLPPI) ikasleek hartu dute parte.
Ikasle taldea
 


Eskola ibilbideek hiriko 8 gune garrantzitsu batzen ditu. Honako gune honetan egin ziren ibilbideko geldiuneak.

  1. Easo plazako kioskoa.
    Bertatik abiatuta, Gerra Zibilaren gaia testuinguru historikoan kokatu da.
  2. Easo 43. Garai bateko suhiltzaileen eraikineko sotoa. Bonbardaketa bitarteko babeslekua.
    “2016 Gunea” bisitatu da (garai bateko suhiltzaileen eraikina). Soinuen eta testigantzen bidez, garai hartako Donostiako herritarren bizipenak berregin dira.
  3. San Jose ikastetxea. Emakumeen itxialdi gunea.
    Emakumeen papera gerra eta frankismoaren garaian landu da, haien borroka eta errepresioa. Enpatia dinamika bat gauzatu dugu, rol banaketen bidez.
  4. San Martzial 48-50. Ama baten heriotza gunea.
  5. Txurruka kalearen eta Askatasunaren hiribidearen arteko izkina. Komunikabide baten bonbardaketa, zentsura…
    Zenbait adibide ezagutu ditugu, diktadura frankista bitartean hainbat kontaketa isiltzeko asmoa nabarmentzen dutenak. Horrekin batera, komunikabideen garrantzia, bandoen hizkuntza eta garai hartan erabilitako terminologia ere aipatu dira.
  6. Maria Kristina hotela.
    Egun, oraindik, antzeman daitezke gatazka armatuaren aztarnak gure inguruko eraikinetan. Pasarte baten bidez in situ ezagutu ditugu borrokaldi baten aztarnak.
  7. Nautikoko pasabidetik Ondarretara begira.
    Ondarretako kartzelako ormen artean preso egondakoen esperientziak, bizipenak, ametsak eta itxaropenak eurek idatzitako testigantzen bidez jakinarazi dizkigute.
  8. Donostiar Fusilatuen eskultura. Goikoa Jauregia.
    Bi ariketa artistikok donostiar fusilatuei eskainitako omenaldi mezua ehundu dute. Egia, justizia eta erreparazioa. Gune honek amaiera eman dio ibilaldiari, eta bigarren elementu artistikoaren bidez, gazteek ohol bat landu dute.