Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Eskulturak eta monolitoak


36ko estatu kolpea, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren bitartean Donostian fusilatuak izan ziren 400 inguru pertsona omentzeko eskultura


Donostiako erliebea duen eskulturaren argazkia
Amaia Mateosek eta Tomás Villanuevak egindako Dual eskulturak Donostiako Udalak estatu kolpea, Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren bitartean exekutatu zituzten 400 pertsona inguru oroitzeko martxan jarritako ideen lehiaketa irabazi zuen. Goikoa Jauregiaren ondoan dago eta 2014ko maiatzaren 31n inauguratu zen.

Korten altzairuz eta polikarbonatoz egindako lana da eta fusilatutako pertsonak oroitzeko 400 zulo dauzka. Eskulturaren azpiko aldean idulkia du, bertan, fusilatuak izan zirenen izen-abizenak zerrendatuta.


Ondarretako kartzelan preso egondako pertsonen oroimenezko monolitoa


Bi hiritar eta Juan Karlos Izagirre monolitoaren alboan pausatuak
Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek Ondarretako kartzelan preso egondako pertsonen omenezko oroitarria zabaldu zuen, 2012an, Pilar Garciandia eta Marcelo Usabiaga preso ohiekin batera. Kartzela egon zen tokian jarri zen oroitarria, Tenis klubaren eta hondartzara jaisteko maldaren ondoan.

Gerra Zibilean eta frankismo garaian milaka lagun egon ziren han espetxeratuta eta horietatik ehunka fusilatu egin zituzten; oroitarriaren bidez, haiek guztiek justiziaren eta askatasunaren alde egindako borroka aitortu nahi du Udalak. Oroitarriaren oinarria kartzela izandakoaren harriez osatuta dago (Ondarretako hondartzatik berreskuratu zituen Aranzadi elkarteak), urte luzez ezkutatu nahi izan zuten espetxea ahanzturatik ateratzeko.


Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimen oroimenezko eskultura Aieten



Eskulturaren argazkia lainotutako egun batean
“Urte haietan” eskulturak Gerra Zibilaren eta diktadura frankistaren biktimak oroitzen ditu. 2011ko apirilaren 30ean jarri zen Aieteko Kultur Parkean, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen ondoan. Donostiako Udalak sustatutako artelana honek biktimen duintasuna eta herritartasuna itzultzea du xede.

Juan Jose Novellaren eskultura karbono-altzairuz eginda dago eta 3,5 metro inguruko luzera dauka. Lehiaketa publikora aurkeztu ziren 37 proposamenen artean “Urte haietan” artelana hautatu zen. Habitat bat da, mugarri bat, ibiltaria bertan sar daiteke eta horman barrena begiratu; zulatutako urteek 1936ko Estatu-kolpetik 1975ean diktadura frankista amaitu arteko etapa jasotzen dute. Argiaren arabera, ibiltarian, eskulturan bertan edo parkearen lurrean islatzen dira.

Diktadura frankistaren biktimen oroimenez eta aitormenezko eskultura


Lore sortak dituen lauki-formadun eskulturaren argazkia
Ramon Carrera eskultorearen lana Bigarren Errepublikaren plaza Loiolako Erriberan dago, seigarren zubiaren ondoan, Donostiako Realaren Zubia. Hemen Gerra Zibilean fusilatuak izan ziren pertsonen arrastoak aurkitu ziren, beraz, izendapen hori gerraren eta frankismoaren biktimei egin zaien homenaldia da.

Carrerak piezari "suntsiketaren, haserrearen eta etsipenaren aurkako protesta" dariola dio. Horrez gain, obraren sorkuntza-iturriak naziek egin zituzten deportazioen gaineko argitalpenak direla dio. Gainera, egileak hutsuneen kasuan, inspirazio iturriak euskal hilarriak izan direla dio eta horiek suntsiketaren aurka protesta egiten dutenen garrasiak islatzen dituztela.

Terrorismoaren biktimen aldeko monolitoa


Eskulturaren argazkia udaletxearekin fondoan
“Oroimena-memoria” eskulturak, Udaletxeko fatxada nagusiaren parean ezarrita, Alderdi Ederreko lorategietan, Donostiako Udalaren terrorismoaren eta bortizkeriaren biktimak gogorarazi eta ezagutarazteko konpromisoa erakusten du. 2007ko urtarrilaren 30ean inauguratu zen, Bakearen Munduko Egunarekin bat eginez eta terrorismoaren biktimei hiriko Urrezko Domina emanaren laugarren urtea betetzen zela.

Monolitoa, kobrez eta brontzez eginda, lau metro garai da eta 1.500 kilo pisatzen du. Zutabe handi bat da, arraildurek zauritua, bortizkeriak euskal gizartean eragindako zaurien isla. Terrorismoaren Biktimen Udal Foroak eta Giza Eskubideen Batzorde Berezian ordezkatutako alderdi guztiek aho batez aukeratu zuten Aitor Mendizabal donostiar artistaren proposamena ideia lehiaketa baten ondoren.