Abestu eta dantzatzeko asteburua, Euskararen Eguna ospatzeko, Donostiako Txistulariekin

Euskararen Eguna iragarri eta ospatzeko asmoz, Donostiako Udalaren Txistulari egitarau berezia eskainiko du asteburuan. Jarduerek euskal doinu eta dantza ugari abesteko eta dantzatzeko bidea emango dute, eta nahi dutenei ikasteko aukera ere eskainiko zaie

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udal Txistulari Taldeak egitarau berezia antolatu du asteburu honetarako, Euskararen Eguna dela eta. Kresala eta Bagera elkarteekin elkarlanean, taldeak kantujira, erromeria eta igandeko ohiko kontzertua eskainiko ditu; herritarrak jardueretan parte hartzera gonbidatu ditu, elkarrekin abestu eta dantzatuz.

Jarduerak larunbatean 12:00etan hasiko dira Alde Zaharrean egingo den kantujirarekin; bertan, Bandak oinarri musikala joko du bertaratutakoek euskal doinu ezagunak abestu ditzaten. Arratsaldean, 18:00etan, taldeak erromeria eskainiko du Plaza Berrian. Saioan Aritz Labrador dantza-maisua ariko da gidari, pausuak irakatsiz herritarrek dantzekin bat egin dezaten.

Ospakizunak igandean jarraituko du. Bandak diana joko du 09:00etan eta, ondoren, kontzertua eskainiko du 12:15ean Plaza Berrian. Egitaraua euskararekin lotutako doinuei eskainia egongo da osorik, eta letrak bertaratutakoen eskura jarriko dira, musikariekin batera abesteko.

Donostiako Udalaren txistulari taldea, Euskal kulturak bere hiru zuloko instrumentuari atera dion, eta gaur egun ere ateratzen dion, etekina erakusten duen erakundea da, Euskal Herriko garrantzitsuenetakoa. Juan Ignacio de Iztueta folkloristaren testigantzari esker, badakigu Donostiakoak kalitate handiko txistulariak izan direla XIX. mendeaz geroztik behinik behin. Egun, bere jardunen artean, hiria musikaz hornitzea dute txistulariek eta lan horretan ariko dira datorren asteburuan ere. Taldeak ekitaldietan parte hartu eta beraiekin abestu eta dantza egiteko gonbita luzatu du.

2025/11/27-an argitaratua