Anoetako estadioak munduko kirol instalazioetako arkitekturaren sari nagusia jaso du

Prix Versailles 2020k estadioa birmoldatzeko proiektua baloratu du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa
Anoetako estadioak Prix Versailles 2020 for Sports jaso du. Mundu osoan ematen den kirol-instalazioen arkitektura eta diseinu-sari nagusia da eta haren helburua da “ekonomiaren eta kulturaren arteko elkarreragin hobea sustatzea. Gure ingurua edertzeko eta hobetzeko eragile ekonomikoek sektore guztietan izan dezaketen zeregina azpimarratzen du”.

Kirol instalazioak hautatzeko erabiltzen diren irizpideetan honakoak daude: berrikuntza
  • sormena
  • tokiko ondarearen isla
  • eraginkortasun energetikoa

Udal jabetzakoa den Anoetako estadioa birmoldatu egin zen Donostiako Udalaren eta Realaren arteko lankidetza publiko pribatuari esker, Izaskun Larzabal arkitektoak diseinatutako proiektu batean.

Eneko Goia Donostiako alkateak zoriondu egin du saria jasotzeagatik, “proiektu zail baina ilusionagarri honi esker, dagoeneko hiriarentzat eta lurralde osoarentzat ikonoa den kirol-instalazioa berritu ahal izan da”. Goiak azpimarratu du proiektua “made in Donostia eta Gipuzkoa” izan dela, eta zorionak helarazi dizkio Izaskun Larzabal arkitektoari, “ezin hobe adierazten duelako gure herrian dugun maila profesionala eta gauzak ondo egiteko jakintza eta prestutasuna”.

Donostiako estadioa, Izaskun Larzabal arkitektoak diseinatua, beste finalista batzuen gainetik saritu dute:
  • Al Maktoum Stadium (Dubai)
  • Tottenham Hotspur Stadium (Londres)
  • Puskas Arena (Budapest)
  • Papua Bangkit Stadium (Indonesia)
  • Arena Dynamo (Moscú)

Erlazionatutako dokumentuak

2020/12/18-an argitaratua