Udalak Loiolako Erriberarako trafiko proposamena aurkeztu du

Abenduaren 9an auzotarrekin kontrastatu zen Mugikortasun Zuzendaritzako planteamendua

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Udaleko Mugikortasun atalak eta Partaidetza Zerbitzuak Loiolako Erriberako elkarte eta herritarrekin zenbait bilera egin dituzte trafiko antolaketari buruz.

Abenduaren 9an bilera irekia egin zen trafikoa hobetzeko Udalak egindako proposamena aurkezteko eta auzotarrekin kontrastatzeko: azalpenak Olatz Yarza zinegotziak eta Leire Aguirre zuzendariak eman zituzten, betiere argi utziz proposamen bat dela, eta auzotarren ekarpenen arabera egokitzapenak egiteko aukera aztertu daitekeela.

Proposamena bi fasetan garatuko litzateke: lehenengoa exekutatzeko 2026 urteko udal aurrekontuan partida bat gorde da; 2. faserako ez dago aurrekonturik, baina ondo bidean, datorren urtean zehar proiektuaren erredakzioa egingo litzateke.

1. FASEKO LANAK

  • Bartzelona hiribideko zebra bide guztietan semaforoa jarri.
  • Oinezkoentzako segurtasuna hobetu, Bartzelona hiribidea eta barruko plazen (Mª Zambrano - Santiago artekoa, eta Alkain – Verdi artekoa) arteko kaleetan oinezko bide goratuak jarriz.
  • Bartzelona hiribidean, Zaragüeta kaletik Nemesio Etxaniz kaleko norantzari dagokion tartean, bidegorria eskuineko erreira pasa, gaur egun dagoen bidegorria kendu eta espaloi osoa oinezkotuz.
  • Beroiz kaletik biribilgunerako maniobra okerrak saihesteko, norantzakoa aldatu eta Beroiz kaletik Pablo Gorosabeleruntz bideratzea, hortik Bartzelona hiribidea hartu eta biribilgunera Zaragüeta kaletik sartzeko.
  • Pablo Gorosabel kalean, Ikastolako tartea oinezkoentzako lehenetsi: garajeetarako sarbidea 24 orduz ahalbidetuz eta egoiliarrentzako aparkalekua 20:00etatik 8:00etara utziz.

2. FASEKO LANAK

  • Proposamenaren arabera, Bartzelona hiribide osoan bidegorria medianara eramango litzateke eta Sarasate, Zaragüeta eta Etxaniz zeharkako kaleetan errai bakarra utzi: hori eginez, gaur egun bidegorriak okupatzen duen tokia oinezkoentzako eta berdeguneak jartzeko erabili ahal izango da. Bestalde, medianan galduko liratekeen aparkalekuak zeharkako kaleetan erraia kenduz irabaziko lirateke.

Auzotarrekin kontrastea



Abenduaren 9ko bileran hitzartze ugari izan ziren, zalantzak argitzeko, iritzia emateko eta iradokizunak ere egiteko. Orohar, lehenengo fasearekin adostasuna egon zen, hitzartze askotan semaforoak zebra bide guztietan jartzea gehiegi ez ote zen aipatu bazen ere.

Bigarren faseari buruzko proposamenak ez zuen aurrekoaren onarpen maila berdina izan: parte hartu zuten pertsonek bidegorria medianara pasatzeari ez zioten onurarik ikusi, medianan bereizitako bidegorriak arriskutsuak izan ohi direla aipatu zuten ere eta beste hitzartzeetan ez zen aldeko jarrerarik nabaritu.

2025/12/17-an argitaratua