Udalak Francisco Martin Gonzalez-en omenez plaka jarri du

Plakak ETAk 1978.urtean Bidebietan hil zuen Polizia Armatuaren sarjentua oroituko du

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak Francisco Martin Gonzalez-en omenez plaka jarri du. Francisco Martin Gonzalez ETAk hil zuen atentatu batean 1978.urtean. Udalak Donostian bortizkeria jasan zuten pertsonei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen duen zortzigarren plaka izango da.

Plaka jartzeko ekitaldia eguerdian egin da Bidebietako Zumardi pasealekuaren sarreran, eta jarri diren beste plaka jartzeko ekitaldiekin bezala, omenaldi xumea egin da, eta bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak eta udal-taldeetako ordezkariek parte hartu dute.

Goiak adierazi duenez, plaka hori jartzea “beste urrats bat da gure hirian terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak herriaren oroimenean iraunaraztea eta haiei buruz egia kontatu, justizia egin eta ordain morala nahiz duintasuna emateko eskubidea zaintzeko bidean”.

Francisco Martin Gonzalezek 41 urte zituen 1978ko ekainaren 27an su-armaz egindako atentatu batean hil zenean. Patruilatzen ari zen Polizia Armatuaren ibilgailua Zumardi pasealekuaren sarreran tirokatua izan zen. Berarekin batera ibilgailuan zaurituak izan ziren beste hiru polizia zeuden.

Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo García González eta Gregorio Ordoñez - guztiak ETAk erailak -, eta Begoña Urroz Ibarrola - DRIL talde armatuak eraila -.

Gainera, lehengo legealdian Dbusen egoitzan Mikel Zabalza eta Angel Portugal gidariak oroitzeko plakak jarri ziren. Eta era berean, bi ekitaldi egin ziren Donostiako Udaletxean ETAk eraildako Alfonso Morcillo Udaltzaingoaren sarjentuaren, eta Batallón Vasco Españolek eraildako Tomas Alba zinegotziaren omenez.

2020/11/07-an argitaratua