Udalak 2025eko Planetaren Orduarekin bat egingo du
Martxoaren 22an, larunbata, 20:30etik 21:30era, Donostiak argiak itzaliko ditu klima-aldaketari aurre egiteko
Donostiako Udalak, berriz ere,
Planetaren Orduarekin bat egingo du. Planetaren Ordua mundu mailako ekitaldia da, World Wide Fund for Nature (WWF) erakundeak bultzatua.
Mundu osoko hiriek ordubetez itzaliko dituzte beraien argiak, klima-aldaketari eta biodibertsitatea babesteko beharrari buruz kontzientziatzeko keinu sinboliko gisa.
Martxoaren 22an, larunbata, 20:30etik 21:30era, Donostiako eraikin adierazgarrienek bat egingo dute ekitaldira beraien argiak itzaliz:
- Udaletxea
- Miramar jauregia
- Artzain Onaren katedrala
- Kursaal
- Kontxako badia
- Santa Klara uhartea
- Urgull mendia
- Hainbat eliza
Planetaren Ordua
2007an Sidneyn sortu zenetik,
munduko ingurumen-mugimendu handienetako bat bihurtu da Planetaren Ordua. Gaur egun, milioika pertsonek parte hartzen dute ekitaldian; 200 herrialde baino gehiago, milaka enpresa eta erakunderekin bat. Keinu sinboliko hori energia efizientzia, energia berriztagarria eta mugikortasun jasangarria sustatzeko ahalegin handiagoaren zati bat baino ez da.
Aurtengo Planetaren Orduaren edizioa une erabakigarri batean egingo da.
Gobernu, erakunde eta WWF gisako entitateek indarrak batu dituzte ingurumenaren babesean anbizio handiagoa eskatzeko. 2025 urte erabakigarria da NBEren Lehengoratzearen Hamarkadan, eta funtsezko urratsa 2030 Agendan ezarritako Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeko. Gainera, 2024ko azaroan, COP29 Klimaren Goi-bilerak estrategia berriak ezarri zituen isurien murrizketa bizkortzeko eta klima-aldaketara egokitzeko, eta, horren ondorioz, 2025a inflexio-puntua izango da erabaki horiek habian jartzeko.
Herritarrei ekintzan parte hartzeko deia
Iñigo García Ekologiako Aniztasuneko, Inklusioko eta Ingurumeneko Ordezkaritza zinegotziak azpimarratu duenez, '
Planetaren Ordua itzalaldi hutsa baino gehiago da. Ingurumenean dugun eraginari buruz hausnartzeko eta egunerokoan ohitura jasangarriak sustatzeko aukera da. Donostiako Udalak gonbitea luzatzen die herritar guztiei, ekimen honetan parte har dezaten, etxebizitzetako argiak itzaliz eta energia-kontsumoa murriztuz. Batez ere, eguneroko bizitzan jardunbide jasangarriak izateko deia egiten dugu, behar den energia bakarrik kontsumituz eta energia-efizientzia sustatuz. Denon artean, Donostia hiri jasangarriagoa eta erresilienteagoa bihur dezakegu klima-aldaketaren aurrean. Martxoaren 22an, itzali ditzagun argiak eta piztu dezagun kontzientzia planetaren alde'.
2025/03/21-an argitaratua