Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrikusteko prozesua hasi du

Datorren astelehenean bilera irekia egingo da herritarrentzat

Inprimatu
Whatsapp ikonoa


Donostiako Udalak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berrikusteko prozesua hasi du, Aurrerapen fasean. Plan hau udalerriko lurralde osoa eta, horren barruan, hiria, antolatzeko oinarrizko tresna nagusia da.

Plan Orokorrak, horrela, lurzoruen sailkapena ezartzeko eta, lehenik eta behin, lurraldearen egitura organiko osoa planifikatzeko balio du – Eremu desberdinak eta dagozkien sistema orokorrak definituz –, eta lurzoruen antolamendu eta eremuetan banatze xehatua ere ezarri ahal izango du, eraikuntza, jabetza eta erabilera baldintzak arautuz.

Eneko Goia alkateak gogorarazi duenez, “gaur egungo Planak 12 urte daramatza indarrean, eta hiriaren testuingurua asko aldatu da ordutik; horregatik, beharrezkoa eta ezinbestekoa da plangintza tresna honen berrikuntza eta egokitzapena sustatzea”.

Izan ere, Plan Orokorraren azken berrikuspena 2010ean onartu zen Plenoan, eta horrek esan nahi du indarrean dagoen aldaketa, data hori baino lehenago hasi zela lantzen.

Orduz geroztik, hainbat finantza eta higiezin krisi bizi izan dira, eta oraindik ere eragina dute etxebizitza merkatuaren konfigurazioan, lege aldaketa garrantzitsuak izan dira, eta gizartea aldatu da bizimoduetan, bizikidetza unitateetan, familia unitateetan, eta abar.

Gainera, azken hamarkadan araudi espezifikoaren garapena ugaritu egin da eta plangintzan ingurumena edo zeharkako beste alderdi batzuk (generoa, euskara, osasuna edo klima aldaketa) barne hartzeko beharra ezarri da.
Horregatik, berrikuspen honen helburua Plan Orokor berriak hiriko errealitate sozial eta ekonomikoari erantzutea da, bere bilakaeran proiektatzen diren etorkizuneko beharrei erantzun eraginkorrak eskainiz.

Partaidetza prozesua


Orain arte, Udalak plana berrikusteko oinarrizko lehen dokumentua, Plan Orokorraren Aurrerapena izenekoa, lizitatu eta idazketa talde bati eskatu dio. Une honetan, eta Hirigintza Jasangarriaren arloaren zuzendaritzapean, talde hori dokumentua lantzen ari da. Dokumentu horretan, Plan Orokorra egiteko irizpide orokorrak jasoko dira.

Aurreikuspenen arabera, urtebete barru Aurrerapen dokumentu hori amaituta egongo da, Udalak legealdia amaitu baino lehen jendaurrean jarri ahal izateko. Aurrerapena egin ondoren, hurrengo legealdirako geratuko da Plan Orokorra bera egitea, gaur egun indarrean dagoena ordezkatzeko.

Prozesu honetan herritarren partaidetzak zati handi bat izango du, informazio eta prestakuntza saioetan, kontsultetan, mahai sektorialetan eta herritarrak, elkarteak, teknikariak eta beste kolektibo batzuk deituta dauden beste dinamika ireki batzuetan zehaztua, eta Plan Orokor hau aberasteko ekarpenak egiteko aukera izango dute.

Lehenengo saioa datorren astelehenean, martxoak 28, arratsaldeko 19:00etan izango da Udaletxeko Pleno Aretoan eta Plan Orokorraren berrikuspenaren partaidetza fasearen hasiera izango da.

Saio honetan parte hartuko dute, halaber, hiri plangintzan adituak diren bi arkitekto-urbanistak; Gabriel Chapa arkitekto-urbanista bizkaitarra eta Monica Beguer i Jornet katalana, hiri-plangintzan esperientzia handia duena.


Hortik aurrera, planteatuko diren dinamika irekien berri emango da behar den garaian, interesa duen orok Plan Orokorraren prozesuan parte har dezan.

2022/03/22-an argitaratua