Amaitu da Donostiako Txomin auzoko etxebizitzen birgaitze energetikoa

156 etxebizitzetan % 35 murriztu da energia-eskaria

Inprimatu
Whatsapp ikonoa

Amaitu dira, dagoeneko, 156 etxebizitzen birgaitze-obrak; hala, energiaren eskaria % 35 murriztu dute, fatxaden, estalkien eta leihoen birgaitzeari esker, eta hiri-berokuntzako zentral termikoan –District Heating– sartu izanari esker –zeinak biomasa erabiltzen baitu iturri energetiko nagusi gisa–, auzoa smart barruti adimendun izateko egiten ari den esparruan.

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak, Donostiako alkate Eneko Goiak eta Donostiako Ekonomia Sustatzeko zinegotzi Marisol Garmendiak gaur, eremua bisitatu dute, planaren lehen fasea amaitzean; fase horretan, 156 etxebizitza birgaitu dira, 773 etxebizitza eraiki dira eta auzo-berokuntzaren eta etxeko ur beroaren sistema eraiki da (District Heating).



Txomin bizitegi-auzoa Donostiako Urumearen ibarraren barrutian sartzen da. Prozesua 2008an hasi zen, Urumea ibaiak aldian behin eragiten zituen uholdeekin zerikusia duten arazoei erantzuteko Donostiako Udalak Hiri Plan Berezia zehaztu zuenean.

Txomingo birgaitze energetikoko proiektua honako hau izan da: 156 etxebizitza eta 34 merkataritza-lokal birgaitu dira, hamar ataritan banatuta; guztira, 18.350 m2. Esku-hartzearen bidez, fatxadak, estalkiak eta leihoak birgaitu dira eta etxebizitzak hiri-berokuntzaren eta auzoko etxeko ur beroaren sistemarekin (District Heating) konektatu dira. Irisgarritasuna hobetzeko, bi igogailu berri jarri dira.

Etxebizitza guztiak daude District Heatingen bidez monitorizatuta, eta, horri esker, auzotarrek plataforman beren etxebizitzari buruzko informazioa kontsulta dezakete eta beren kontsumoak, gastu energetikoa eta abar ezagutu. Gainera, tenperatura- eta hezetasun-sentsoreak jarri dira, eta horiek konfort-maila areagotu dela detektatu dute.

Kontsumo energetikoen monitorizazio-datuen inguruko lehen analisiak erakusten du birgaitze energetikoari esker eskarian egon den murrizketa % 35 ingurukoa dela (% 34,69). Modu berean, aurretiko datuen bidez, % 12ko aurrezpen ekonomikoa kalkulatzen da etxebizitzen faktura energetikoetan.

Hiri-berroneratzerako proiektu bat



Donostiako alkate Eneko Goiak azpimarratu duenez, Txomin Enea auzoan garatutako proiektua "hiri-berroneratzerako proiektu bat da", Udala garatzen ari den helburuak betetzen dituena. "Alde batetik, hirigintza-garapena bultzatzen du, Urumearen ibarrean etxebizitza sortuz, gure hiriaren etorkizunerako estrategikoa den eremu batean. Bestetik, higiezinen parkea berritzeko asmoz egiten du hori, jasangarritasun eta efizientzia energetikoko irizpideekin, eta beste eremu batzuetan aurrera egiten jarraitu nahi dugu " adierazi du.

Goiak azpimarratu du proiektua Udalaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Europar Batasunaren arteko erakunde arteko lankidetzatik bultzatu dela, "Eta donostiar askoren bizi-kalitatea hobetzean islatu da"."Auzo berri bat eraiki da, etxebizitza berriekin, eta zaharrak birgaitu egin dira, eta horrek kalitatezko ingurune moderno bat eskaini du, Euskadiko beste eremu batzuetan adibide gisa erabil daitekeena" azpimarratu du.

Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak esan zuenez, “Txomin auzoak, lehen, gabeziak zituen, hirigintza-garapen irregularra zuen eta Urumea ibaiaren uhaldiak jasan ohi zituen, besteak beste, eta, orain, esperimentazio-espazio bilakatu da, bai eta, REPLICATE proiektuari esker, Europako beste leku batzuetan erreplikatuko diren proiektu pilotuen espazio ere. REPLICATE proiektuaren bitartez, energiaren, mugikortasunaren, azpiegituren eta IKTen eta herritarren parte-hartzearen inguruko esku-hartzeak egin ditugu. Etxeak birgaitzeko fase horrek aukera eman du haietan bizi diren, energia gutxiago kontsumitzen duten eta erosotasuna irabazi duten herritarren bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko. Gainera, blokeak erabat eguneratuta eta berrituta geratuko dira, eta, ondorioz, blokeen eta auzo osoaren balioa handitu egingo da”.

Erlazionatutako dokumentuak

2020/11/18-an argitaratua